INFO

Uliazpi Fundazioaren lan deialdian euskararen eskakizuna atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Uliazpi Fundazioak lan deialdian hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana, gehiegizkoak direla iritziz. Uliazpi Gipuzkoako Aldundiaren erakunde autonomoa da, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei eta familiei ematen die zerbitzua.

Uliazpi Fundazioaren Donostiako egoitza. (ULIAZPI)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi Fundazioaren aurkako epaia argitaratu du. Horren arabera, Donostiako epaitegiak hartutako erabakiaren aurka norbanako batzuek jarritako helegitea onartu du, eta atzera bota du Uliazpi Fundazioak hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana, gehiegizkoak direla iritziz. Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEMA eta LABek «oso larritzat» jo dute epaia, eta «botere judizialaren oldarraldian beste urrats bat» dela adierazi dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, helegitea jarriko duela iragarri du.

Uliazpi Fundazioa Aldundiaren erakunde autonomoa da, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei eta haien sendiei zerbitzua ematen die. 2021eko uztailean 34 zaintzaileren lan deialdia argitaratu zuen, eta horietatik 32tan euskararen oinarrizko ezagutza eskatu zuen (B2 titulua), langileen ezagutza-tasa normalizaziora gerturatu eta erabiltzaileen eskubideak bermatzeko asmoz.

Aldundiaren konpromisoa

Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, bere «sumindura eta desadostasun irmoena» adierazi du. Hortik abiatuz, zerbitzua «norbere hizkuntza aukera errespetatuz» ematea bermatzeko irizpidea «muturreraino» eramateko konpromisoa azaldu du.

Argitu du langile publiko bati «bi hizkuntza ofizialak jakitea» eskatzea ez dela, «inola ere, diskriminatzailea». «Langile publikoak herritarren zerbitzura daude eta herritarrei arreta eskaintzea dagokie, besteak beste, herritarrek aukeratutako hizkuntzan».

LABek jakinarazi duenez, Donostiako Epaitegiak ebatzi zuen euskara hizkuntza ofizialetako bat izanik berau erabiltzeko herritarrek duten eskubidea bermatzeko langile publikoei euskara eskatzea zilegi dela. Aldiz, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak, Luis Javier Murgoitio Estefaniak sinatuak, dio administrazioak ezin diela aurkeztu diren guztiei baldintza hori eskatu, hizkuntza eskakizun hori frogatzen ez dutenek enplegu publikorako duten eskubidearen kaltetan.

«Lanpostuen izaerak larriago egiten du erasoa»

Sindikatu abertzaleak erantsi duenez, kasu zehatz honetan, oposizio hauekin bete nahi diren lanpostuen izaerak «larriagotu egiten du erasoa». «Bete nahi diren zaintzaileen plaza hauen izaerak zaindua den herritarrarekiko harremanak estua eta konfiantzazkoa izatea eskatzen du, eta horretan erabiliko den hizkuntzak berebiziko garrantzia du. Euskara eskakizuna artatuen eta senideen hizkuntza eskubideak errespetatzeko ezinbestekoa da».

Hori gutxi ez eta Uliazpi Fundazioan lan egiten duten gainontzeko langile euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako eskubide urraketa ere izango da, LABek ohartarazi duenez, euskara ez dakiten langileak kontratatzea. «Administrazioaren euskalduntzea ez da herritarrekiko zerbitzua euskaraz ematera mugatu behar, barne funtzionamendua bera ere euskaldundu behar da, eta azken hamarkadetan administrazioa euskalduntzen aurreratutakoa galzorira eramateko arriskuan jartzen da euskararen gutxieneko ezagutzarik ere ez duten langile berriak kontratatuz gero».

«Jardun normalizatzailea, hankaz gora»

Euskalgintzak ere «kezka handiz» hartu du epaia. Kontseiluko idazkari nagusiak, Idurre Eskisabelek, esan duenez, «milaka herritarren hizkuntz eskubideak, instituzioen hizkuntza berdintasunerantzako lana eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea hankaz gora jartzen ditu».

LABek bezala, zera azpimarratu du gainera: «Jendarteko sektore zaurgarrienetako baten eskubideak dira urratzen direnak, desberdintasun funtzionalen edota buru osasun arazoen ondorioz zaintza premia bereziak dituztenak». 

Hizkuntza eskakizunen sistema, auzitan berriz

Kontseiluko eledunaren arabera, botere judizialak auzitan jarri du beste behin indarrean dagoen hizkuntza eskakizunen sistema: «Auzitegiaren planteamendua erabat desegokia izateaz gain, maltzurra ere bada. Izan ere, ez dio erreparatzen fundazioak duen langile kopuru osoari eta egun bertan dagoen ezagutza-tasari. Aitzitik, iruzurra egin eta lan deialdi honi bakarrik erreparatzen dio, lanpostu zehatz horietan ezarritako eskakizun kopuruari».

Ildo beretik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak adierazi du «lanpostuen derrigortasun datak eskaini beharreko zerbitzuan oinarritu beharrean, euskalduntze indizeen arabera ezartzea, pertsonen oinarrizko eskubideen kontrakoa izateaz gaindi, kalitatezko zerbitzu soziosanitarioen kontrakoa» dela.

UEMA: «Garaiz eta lekuz kanpo»

UEMArentzat, «garaiz eta lekuz kanpo dago epaia. Debekuen, zigorren eta auzitegien bidez euskaldunak hasiera batean desagerrarazi eta ondoren bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi izan gaituen ikuspegi atzerakoia dario epaiari».

«Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hizkuntza politikari eta euskara lehenesteari buruzko lege berriak onartu dira azken urteotan, eta horien aurkakoa da epaia», nabarmendu du Iraitz Lazkano lehendakariak.