INFO

Lacomberen artxibo digitala erabiltzaileen eskura jarri dute Euskaltzaindiak eta Olaso Dorreak

Georges Lacomberen artxibo digitala bi mila dokumentu inguruk osatzen dute, tartean Xahoren ‘Kantutegia’-k edota Louis Lucien Bonaparteren gutunek. Euskaltzaindiak eta Olaso Dorreak irekian kontsultatzeko moduan jarri dute.

Lacomberen artxiboaren aurkezpena, Donostian. (NAIZ)

Euskaltzaindiak Georges Lacombe euskaltzain osoaren artxibo digitalizatua eskegi du bere webgunean. Artxiboa 18 funtsek eta 2.000 dokumentuk osatzen dute eta, Euskaltzaindiatik ziurtatu dutenez, «euskararen historia eta Euskal Herriko historia ezagutzeko ezinbestekoa» den materiala jasotzen da bertan.

Lacombe euskararekin zerikusirik zeukan dokumentu oro biltzen saiatu zen bizitza osoan zehar. Hainbat funts artxibistiko erosi zituen eta, Euskaltzaindiaren hitzetan, XIX. mendeko euskalaritzari buruzko funts nagusienetakoa bildu zuen, «agian nagusia, guztiz ezinbestekoa euskal kulturaren historia ezagutzeko». Tartean daude, esaterako, Louis Luciano Bonaparteren gutunak edo Agosti Xahoren ‘Kantutegi’ ospetsua.

Artxibo digitalaren aurkezpenean parte hartu du Olaso Dorrea fundazioko Maite Aristegik. Berak ordezkatzen duen fundazioa da Lacomberen ondarearen jabea eta, azaldu duenez, 50. hamarkadan, Lacomberen heriotzaz jabetuta eta bere arreba artxibo eta liburutegia saltzeko prest zegoela jakitean, Telesforo Monzonek eta Josefa Ganuzak «ahaleginak eta bi» egin zituzten ondare hori Euskal Herrian gera zedin, eta arrebari eskatutakoa ordaindu zioten: kilo bat urre.

«Ez ziren garai errazak Monzondarrentzat, eta esfortzu handia egin zuten. Baina beraien asmoa betiere ondare hau euskal herritarren esku jartzea izan zen, eta horregatik gaur egun liburuak Euskaltzaindiaren Azkue liburutegian gordetzen dira eta agiritegia Olaso Dorrean. Orain, agiritegia online jarri du Euskaltzaindiak, Olaso Dorrea eta Gipuzkoako Diputazioaren elkarlanari esker», egin du eskertza.

Artxiboan, Joanes Artxu, Louis Lucien Bonaparte, Pierre Broussain, Jean-Baptiste Darricarrere, Edward Spencer Dogston, Wilhem Jan van Eys, Hugo Schuchardt, Jean-Dominique-Jules Salaberri, Joseph-Augustin Xaho, Julien Vinson edota Silvain Pouvrerekin lotutako dokumentuak topa daitezke.