Bidasoaz hegoaldera eraman nahi du Luis Sanchezek Berezkoen txapela lehen aldiz
Zazpigarren txapela nahi duen Battitta Ducassou izango da da Esteribarrekoaren aurkaria igande honetan Hazparneko Berria trinketean. Egungo bi trinketista onenak elkarren aurka ariko dira.
2005ean Xalak harresi bat bota bazuen, hamaika komeriren ostean Buruz Buruko ezker paretako txapela Lapurdira eramanaz, antzeko zerbait egiteko moduan da Luis Sanchez esteribardarra, Berezkoen Buruz Buruko txapelketako finala jokatuko baitu igande honetan, eguerdiko 11.00etatik aurrera, Battitta Ducassou, egungo txapeldunaren aurka. Zalantzarik ez dago, gaur eguneko bi trinketistarik onenen arteko lehia izango da igandekoa, nolabait esatearren, oraina eta etorkizunaren arteko belaunaldi talka bat, 31 urte dituen Itsasuarrak bere zazpigarren txapela nahi duen bitartean, nafarrak bere lehena janztea du helburu, 25 urterekin.
Bi pilotariak, gainera, sasoiko helduko dira finalera, bai behintzat, finalerdietako emaitzei erreparatzen badiegu, nahiz eta lapurtarrak Mathieu Ospitali sartutako 40-7koa ezin den kontuan hartu, aurkaria eskuko minez aritu zen eta. Luis Sanchezek, bere aldetik, orain dela gutxi jokatutako Garaziko Superprestigioaren finalaren errepikapenean, Peio Larralde erraz gaindituta sartu da finalean eta horrek konfiantza handia emango dio.
Mundialeko finalaren errebantxa
Final honek, gainera, badu errebantxa kutxurik, udazkenean Biarritzeko Munduko txapelketan amaitzerik izan ez zuten partida jokatzea suposatzen baitu. Orduko hartan Battitta Ducassouk jantzi zuen urrea, partida hasi eta gutxira Luis Sanchezek min hartu eta jarraitzerik izan ez zuelako. Oraingo honetan ez ote da antzeko zerbait gertatuko eta ea final ikusgarri batez gozatzeko modurik dugun, osagaiak primerakoak dira eta.