INFO

David Lasureren fitxaketa ofizial egin du Eibarrek eta atzelariak Tenerifera bidaiatuko du

Bi garaipen jarraian ospatu duten arren, armaginek ezin izan dute oraindik igoera zuzeneko postuetara itzuli. David Lasureren fitxaketa ofizial egin du klubak eta deialdian sartuko da lehen aldiz.

Corpas hamaikakora itzuliko da zigorra bete ondoren. Irudian, Teneriferen aurkako lehen itzuliaren partida. (Endika Portillo | Foku)

Itzela da Bigarren Mailako sailkapenaren goialdean dagoen estutasuna, lau talde hiru puntuko tartean daudela. Horregatik, pattalaldia azkar gainditu izanak, sailkapen burutik larregi ez urruntzeko besterik ez dio balio izan Eibarri; bi garaipen kateatuta ere, ezin izan du oraindik igoera zuzeneko postuetara itzuli. Eta borrokan dauden taldeetako inork ez duenez ahultasunik erakutsi azken jardunaldiotan, badirudi denboraldiaren azken laurdenean zalantzek eta behaztopek zigor handia izango dutela.

Armaginak, beraz, Lugoren eta Vila-Realen aurka ospatutako garaipenek bueltatu dioten abiadura mantentzera behartuta zelairatuko dira, larunbat honetan, Heliodoro Rodriguez Lopezen (18.30, LaLiga SmartBank TV). Teneriferen bertuteak kontutan hartzekoak badira ere, Eibarrek nola edo hala eskuratu beharko ditu puntuak.

«Nola», «nortasuna edukitzea» izango litzateke Gaizka Garitanoren esanetan eta «hala», «lehiatzen jakitea», horiek baitira entrenatzaile bizkaitarrarentzat maila honetan partidak irabazteko ezinbesteko osagaiak. Praktikan zer esan nahi du? Alde batetik,  pazientzia edukitzea eta ausardia hasieratik erakusteaz gain, oso ondo defendatzen duen eta «aurkariari inolako erreztasunik eskaintzen ez dion» talde baten kontra, ausardia eta irabazteko gogoa partida osoan zehar mantentzea. Guzti hori, bere joko ideia propioa mantenduz, tarteka aurkariak dezente oztopatuko duen arren.

«Hori dugu gure jokatzeko era, baloia hartu, gora joan eta partida guztiak irabaztera irten –esan du Garitanok–. Fase batzuetan menderatuko gaituzte, logikoa da, baina gure ideia beti da gora joatea, irabaztera joatea eta horrela egingo dugu Tenerifen ere. Nortasuna edukitzea exijitzen duen partida, lehiatzen jakitea eta une txarrak pasatu eta gainditzea, oso jokalari onak dituen taldea delako. Baina gure asmoa irabaztera joatea da eta hori zelaian erakutsi behar da, gora heltzen eta ausartak izaten».

Lasure, Muñoz eta Corpas, deialdian

Ohi bezala, batez ere azken asteotan, lesioek aurkariak adina arazo sortuko dizkiote Eibarri. Berritasun handi batekin bidaiatu dute gorri-urdinek, proba gainditu ondoren David Lasurek denboraldi amaierara arte sinatu baitu kontratua eta deialdian ere sartu da lehen aldiz; dena dela, bajen zerrenda amaigabea da oraindik ere. Etxean geratu dira gainontzeko lau hegalekoak, Arana zalantzan dago eta azken bi jardunaldiotan hamaikakoan egon ondoren, Tronchok ere ez du bidaiatu, arazo fisikoak direla eta. Gutxi izango balitz, minutu gehien jokatu dituen futbolaria, Matheus, zigortuta dago.

Zorionez, albiste onak ere badaude eta, zigorra bete ondoren, Javi Muñoz eta Corpas itzuliko baitira deialdira. Eta hamaikakora, madrildarrak Matheusen hutsunea beteko baitu eta Jaengoak bere postua berreskuratuko du, Troncho ordezkatuz. Ustekaberik ez badago, Sergiok eta Arbillak hegaletan jarraituko dute eta zalantza bakarra aurrealdean dago, Garitanok Stoichkov jarri baitezake hiruko lerroaren erdian, Bautistak aurrean jokatzeko, edo Aketxek har dezake postu hori, golegile nagusia aurrerago kokatzeko.

Tenerife: Juan Soriano; Mellot, Sipcic, Kike Salas, Nacho; Waldo Rubio, Aitor Sanz, Jose Angel, Teto; Ivan Romero eta Enric Gallego.
Bajak:  Shashoua, Durmisi eta Mo Dauda, lesionatuta.

Eibar: Luca; Sergio, Venancio, Berrocal, Arbilla; Nolaskoain, Javi Muñoz; Corpas, Stoichkov edo Aketxe, Rahmani; Stoichkov edo Bautista.
Bajak: Tejero, Correa, Imanol, Rios Reina eta Troncho, lesionatuta; eta Matheus, zigortuta.

Epailea:  Quintero Gonzalez (Andaluzia).
Zelaia: Heliodoro Rodriguez Lopez (18.30, LaLiga SmartBank TV).