INFO

Galdera bat dut zuretzat, aitona

Isiltasunean estali da iragana, eta sorturiko minak hitzak mututu ditu. Magalean esertzen ninduzunean ez zenuen astirik gerraz jarduteko. Ezkutatu zenituen negarrak eta umetan igarotako une gogorrak zurekin joan ziren, betiko.

Amona Anttonirekin eta «attona» Federicorekin. (SANZ SENDIA)

Eta orain, galdera bat dut zuretzat, aitona, baina berandu da jada. Jakin nahi nuke zer gertatu zen gure etxekoekin gerra garaian. Zu, ordea, ez zaude hemen erantzuteko, eta dokumentu zaharrek paperezko hitz hotzak baino ez dizkidate erakusten. Nik sentimenduak dituztenak nahi ditut. Isildu dizkiguten horiek. Bizitzak aurrera jarrai zezan, zuk ere isildu zenituen horiek. Orain, ordea, ez dut zure magalik babeserako, eta babesak baino, oztopoak gehiago dira gurean zer gertatu zen jakin nahi dugunontzat.

Eskua luzatu zidan amona Anttonik, eta begietara begiratu. Urrezko eraztun txikia behatz artean jarri eta, «hau zuretzat izango da ni hil ondoren, Iñaki. Ondo gorde». Birraitonarena zen eraztuna jaso zuen aitona Federicok, eta aitonaren faltan, amonak esku artean jarri zidan iragana. Galderez beteriko iragana.

Gaztea nintzen artean. Gazteegia, agian, galderak egiten hasteko, baina galderen kaxa irekitzeko giltza osatzen ari zen pixkanaka. Gerra garaiari buruzko isiltasunaren erdian hasi baitziren txikitatik jasotako mezuak buruan pilatzen: «Hire birraitona horietakoa huen», esan zidaten Hernaniko taberna batean txikia nintzela. Irribarre batekin Hernaniko Santa Barbarako gotorlekuan igota ziren gazte batzuen argazki zaharra seinalatu zidan gizon hark. Orduan jakin nuen lehen aldiz pertsona bat “gorria” izan zitekeela. Geroago etorri zen, aitak erakutsita, Hernaniko Udal Artxibotik jasotako gerra garaiko fitxa zahar hura, non gure birraitonaren, eraztunaren jabea zen horren izena agertzen zen: «rojo» jartzen zuen aldamenean.

Hala hasi ziren erantzunak bilatzeko beharrak. Eta hala, etxe askotan gertatu den bezala, hirugarren belaunaldia hasi da 36ko gerran gertatu zena jakin nahian. Ulertu nahian zergatik halakoak bazkalostean ez duen sekula garai horri buruz hitz egin nahi, edota zergatik zenbait etxetan gai batzuk ez diren mahai gainean jartzen sekula edo isiltzen diren. Sufrimenduak, beldurrak, atzean utzi nahiak edota auskalo beste zenbat sentimendu ezkutatuko ote zituzten betiko gure senideek igarotako pasarte eta une gogorrak; gure herrian bertan egin diren giza eskubideen urraketak.

Birraitona, Vicente Sanz Del Castillo, soldaduskako arroparekin. (SANZ SENDIA)

Amonak emandako eraztuneko inizialek (V.S.) gogorarazi didate hil artean hatzean urre zati hau eraman zuen pertsona, Guadalajaratik etorri zen gure birraitona, ez nuela ezagutu. Ez nuela ezagutu eta ez nekiela ezer hari buruz. Ez hari buruz, ez birramonari buruz, ezta haien biziei buruz ere… Eta galderak ateratzen hasi ziren tantaka: zer egiten zuen Guadalajaran jaiotako hernaniar batek gudariekin batera borrokan? Zer egin ote zuen birramonak bitartean, gerra betean? Eta zuk, aitona, zergatik isildu zenuen horrenbeste sufriarazi zizun bizitzako pasarte hura?

Eta erantzun bila hasi ginen

Gure aitak eta osabek ezer gutxi zekiten. Pista gutxi genituen etxeko memorian. Egotekotan eta bilatzekotan, paper zaharren artean bilatu behar gure galderen erantzunak. Geroztik, hilabeteak pasatu dira artxiboetan arakatzen, hainbat adituri idazten eta bidalitako e-mail bakoitzean gure bilaketaren arrazoiak azaltzen. Liburuetan ere murgildu behar, aztarna txikien bila, iraganaren haria aurkitzen lagunduko zidan arrastoa topatu nahian. Sasiz beteriko bide luze eta aldapatsu batean barrena joan gara, memoria guztiei ez baitzaie bide bera eraiki. Bide gogorrean barrena, hara eta hona, bakarrik doan ibiltariak errazago utziko baitu helmugara iristeko ametsa. Bidea abandonatzea errazagoa da horrela. Zertarako kendu laharra, sasiak tapatuko badu iraganeko paisaia… Nik, ordea, paisaia hori ikusteko beharra sentitu nuen. Memoria jaso, oraina ulertzeko.

Etxean bi zutarri nagusi genituen. Batetik, agiri bat, 1938ko urrikoa, birraitona Vicenteren profilari buruz Teodoro Zaragüetari, Hernaniko orduko alkateari, egiten zitzaion informazio eskaerarekin, non alkateak birraitona gorria eta UGTkoa zela baieztatzen zion eskaera egindako langileen batailoiko kapitain nagusiari: «VICENTE SANZ DEL CASTILLO- rojo, estuvo afiliado a la U.G.T. No se conoce exactamente su actuación durante la dominación roja en esta villa». Bestetik, aitona Federicok berak bizirik zegoela emandakoa: aitona gerra garaian Frantziara joandako ume errefuxiatua izan zen. Mâcon herrian (Frantzia) egon zen eta gero, Katalunian. Horraino pista guztiak.

‘Bisabueloa’ izango zen, birraitona Vicente Sanz-ek ez baitzekien euskaraz, nahiz eta ulertzen bukatu zuen. Oso gazterik etorri zen Guadalajaratik. Etxean gosea sukalderaino sartuta eta, norbaitek alde egin behar zuen familiak aurrera jo behar bazuen. Hala, 12 urte inguru zituela etorri omen zen Euskal Herrira Vicente Sanz Del Castillo. Dakiguna da, behintzat, Vicente hernaniartu zela eta Valentina Monterorekin ezkondu. Eta hala izan zituzten hiru haur: semea eta bi alaba. Zaharrena, gure aitona: Federico.

Vicente Sanz Del Castillo, birraitona, eta Valentina Montero, birramona. (SANZ SENDIA)

Eta gerrak eztanda egin zuen

1936ko irailaren 12an sartu ziren Francoren aldeko tropak Hernanin. Ordurako, Oiartzun eta Errenteria inguruan bazen nahiko iskanbila 36ko gerraren atarian. Egoera horretan Vicentek borroka egiteko hautua egin zuen edo behartua sentitu zen. Batek daki. Euzkadiko Gudarosteko ‘Batallón de Montaña número 2’en sartu zen. Hori diote dokumentuetan aurkituriko paperezko hitzek: eguneko 10 pezeta ordaindu zizkioten 1937ko maiatzean. Etxean ez genekien gerrara joan zenik ere... pentsa.

Vicente batailoian sartuta, bere emazte Valentinak umeak hartu eta Hernanitik alde egin behar izan zuen dena utzita. Bilbo aldera, gerratik ihesi joan ziren. Familia osoa «ausente, en Bilbao» zegoela dio Hernaniko Artxiboak. Hilabete geroago, udazken betean, negua ere bazetorrela ikusita, 37 urteko Valentina Abanto-Zierbenan aurkitzen dugu, umeekin eta ahizpa batekin batera. Han, eskaera bat egin zuen, ‘Junta de Defensa de la República’k zigilatzen duen agirian ikus daitekeen moduan: txaketa bat eta bata bat eskatzen zituen berarentzat eta zapata batzuk 13 urteko semearentzat. Gure aitona Federicorentzat. Bere senarra lubakietan zegoela ere adierazten du bertan. Bederatzi pezeta irabazten omen zituen.

Salamancako Memoria Historikoaren Artxiboan eskaera eginda jaso genuen horren berri. Azpian birramona Valentinaren sinadura agertzen zen. Paperezko hitzek 1936ko udazkenera eraman ninduten agiria etxean jaso nuenean. Birramona hiru ume txikirekin begiztatzen nuen, gerratik ihesi, semearentzat zapatak eskatzen. Haiek ere izango zituzten erantzun gabeko makina bat galdera buruan. Gaixoek ez zekiten zapata haiek oraindik pauso asko eman beharko zituztela, eta ez gustuko tokian…

Bidaia bat inora ez joateko

2021eko irailaren 17a. Gaueko 00:30ak. Aranzadi Zientzia Elkarteko Memoria Historikoko Sailean izan naiz arratsaldean. Haiengatik ez balitz, sasiak janda izango zen jada bidea. Ordenagailu aurrean nago eserita. Zerrenda bat pasatu didate. Santanderretik eta Ribadesellatik Frantziara ateratako itsasontzietan joandako errefuxiatuen zerrenda. Hainbat dokumentu begiztatu ostean, etsipena. Sasia besterik ez bide honetan.

Birraitonaren eraztuna V.S. inizialekin. (SANZ SENDIA)

Dokumentu bat baino ez da geratzen aztertzeko, eta esperantzak ahituak dira jada. Orduan, alabaina: Ribadesella-Pauillac (Mâcon). Hori jartzen du izenburu modura. Urduritasunak hartuta, begiak azkar doaz, izen guztiak goitik behera errepasatzen, banan-banan, nekeak pisua hartu du, baina banoa aurrera, eta halako batean, ikusi dut zerrenda horretan, aurkitu nahi nuen izena: Valentina Montero. Birramona eta bere ahizpak, ume guztiekin, Stanwool itsasontzian joan ziren 1937ko abuztuaren 11n Frantziara, Bordelle inguruko Pauillac-en jaitsi, Parisera bideratu eta handik Mâconera eramango zituen bidaia luzea jarraitzeko. Dokumentu zaharrek beteko dute ahozko transmisioak hutsa utzi duen memoriaren zatia. Aitari kontatuko diot bihar.

Askatasunean atxilotuta

Baina bihotzeko hutsune guztiak ezin dira artxiboetan bete. Nik sentimenduak dituzten hitzak nahi ditudalako. Horregatik, galdera bat dut zuretzat, aitona. Zer sentitzen du deserrian dabilen umeak ama sufritzen ikusita? Bazenekiten, aitona, aita bizirik zegoela, baina kontzentrazio eremu batean sartu zutela? Bizi daiteke aita bizirik dagoen jakin gabe? Jolasten dute gerrako umeek bonba soinuen artean?

Aitona, pozik bizi izan zara zu umetan? Mâconekoa askatasuna ote zen zuentzat? Edo kartzelan bezala sentitzea... Non lo egin ez dakizula. Gosea, nekea, eta beso bat puskatua duzunean. Horiek ere jakin nahi nituzke. Utz iezadazu berriz ere magalean esertzen, eta galdera horiek guztiak egingo dizkizut zure isiltasuna ulertzeko. Azken egunetan isuri zenituen malkoek mina askatu ote zuten jakiteko.

Katalunian babesa

1938a. Birraitona Vicente langileen batailoi batean sartu zuten. Atxilo hartu zuten frankistek eta gainerako presoak bezala, gatibu lana egiten jarri: gotorlekuak eraikitzen Caceres inguruan. Bizirik zegoen, sikiera. Bitartean, bere senideek Frantzia halabeharrez utzi eta Kataluniarako bidaia egin behar izan zuten. Berriro gerrara bidean, Port Bou igaro eta Sitges-era iristeko. 38 urteko ama, lau, hamaika eta hamalauko hiru seme-alabekin, ahizpekin eta haien umeekin batera.

Vicente Sanz Del Castillo-ri buruz Hernaniko alkate zenak bidalitako informea. 1938 urriaren 13a. (SANZ SENDIA)

Sitges-en Euskal Herriko 700 errefuxiatu bildu ziren babes eske. Bartzelonan ezarri berria zen Eusko Jaurlaritzak Sitges-eko Udalak errefuxiatuak hartzeko utzitako hainbat etxe eta hotel hartu zituen hitzarmen bat zela medio. Jordi Milá ikertzaileak garai hartan, bizirik irauteko, baliabide eskasia zela nabarmendu izan du, baita gosea ere. Eta zu tartean, aitona.

Azukre koxkorra

80ko hamarkadako edozein egun izan daiteke. Sukaldean gaude amona Anttoni eta biok, maiz izaten ginen moduan. Bera kozinatzen. Ni, ondoan eserita, elkarrizketa politean berarekin. Esnea eskaini dit eta nik azukrea eskatu. Ez du zalantzarik egin. Bi azukre koxkor eskaini dizkit amonak: «Hartu eta jan lasai. Zure aitona azukreak salbatu zuen eta».

Ez dut ezer ulertu, baina azukrea gustura hartu dut. Orain, ia 30 urte geroago hasi naiz konprenitzen esan nahi zenidana, amona.

Erizain bat ume euskaldunen artean

2022ko azaroa. Jordi Milá ikertzaileari idatzi diot eta nire kasua kontatu. Ez dakit zergatik, baina azukrearen anekdota kontatzeko beharra sentitu dut. Eta hala idatzi diot. Horrelako kasuetan gertatu ohi den moduan, atsegin handiz erantzun dit ikertzaileak. Sasiz beteriko bideak zailak dira, baina ez beti itsusiak.

Mezu luze bat idatzi dit. Sitges-en garai hartan zer egoera zegoen azaldu, gerra garaiko kontuak adierazi eta mezua bukatzen ari dela… etorri da espero ez nuena. «Iñaki, ezusteko polit bat dut esku artean. Sitges-en ez dut ezagutzen errefuxiatuen zerrendarik, baina bada zerrenda txiki bat, oso txiki bat, ‘Sanatorio Euzkadi’ izeneko erietxe batean zeuden haurrez hitz egiten duena. Hamalau ume zeuden bertan, eta erizain bat. Zerrenda horretan bilatzen duzun izen bat dago: Federico Sanz». Aitona.

Zakukada bat azukre

Amonak hizketan jarraitu du sukaldean hara eta hona dabilela: «Zure aitona hilzorian zegoen gerra garaian, txikia zela. Gosez hiltzear zegoen eta ospitalean ere sartu zuten Katalunian. Eskerrak azukrez beteriko zakua aurkitu zuen. Egunero eskukada bat azukre lapurtzen zuen bertatik, ezkutuan. Hala salbatu zen aitona, Iñaki. Hartu beste azukre koxkor bat. Jan lasai».

Hernanira buelta

1939ean itzuli zen familia osoa Hernanira. Gerra aurretik bizi ziren etxea hartua zegoela eta, senide batek lagunduta alokairuan hartu zuten beste bat eta bizi berria hasi bertan. Frankistek agintzen zuten herrian; ez zen erraza izango aurretik fitxatua zegoen kontzentrazio eremu batean preso izandako errepublikanoaren eta errefuxiatu moduan Frantziara alde egindako familiaren bizimodua. Eta hala izan zen. Gerrako ondorioekin gutxi ez, eta gosea nagusitu zen haien etxean.

«Attona» Federico eta amona Anttoni, beren ezkontza egunean. (SANZ SENDIA)

Vicente pertsona isila zela esan izan da beti. Hala ezagutu zuten, behintzat, bere bilobek. Ez dago batere garbi, ordea, isiltasun horren atzean zer ezkutatzen zen. Gerra aurretik ere halakoa izan ote zen? Sanz Montero sendian ez zen fosan hilobiraturiko inor izan, baina gerrak isilean hiltzen du pertsona. Aitona 14 urterekin hilzorian izan zen Sitges-en. Azukre zaku batek salbatu omen zuen. Birramonari gogorregia egin zitzaion gerrako hiru urteetan sufriturikoa. Bai fisikoki, bai psikologikoki. Gerra hasi zenean hiru urte zituen bere alaba txikienak. Hark garbi esan zigun: «Gure ama gerrak hil zuen». Umeek zer ahoratua izan zezaten, amak ez zuen jaten. Guda bukatu zenetik gaixotasunak bata bestearen atzetik etorri zitzaizkion. Ahul etorri zen eta horietako batek eraman zuen betiko. Birraitona biriketako arazoekin joan zen gerrara. Adreilu fabrikan lan egiteak sortu zion ahuldade hori. Gerraren ondorioz, alabaina, gaixotasunak okerrera egin zuen. «Eserita egiten zuen lo, etzanda ezin zuelako arnasa hartu». Biriketako gaixotasunak eraman zuen birraitona Vicente, urte batzuk geroago.

Eta malkoak atera ziren

1988ko udazken hartan aitona Federico egongelan zegoen etxeko telefonoak jo zuenean. Bere semeak hartu zuen. Federicogatik galdetzen zuten. Hernaniko parrokoarekin egon omen zen telefono atzean zegoen gizona, eta haren bitartez lortu zuen gure aitonaren telefonoa. Ez ziren Federico asko izango Hernanin. Aitonak telefonoa hartu zuen, eta une lasai bat zena, osabak sekula ahaztuko ez duen momentua bihurtu zen. Gizonak hitz egiten zion bitartean, aitonaren begiak malkotan busti ziren. Ordura arte ikusi ez bezala, negarrez ari zen telefonoaren beste aldekoaren hitzak entzunda. Gerra garaiko kontuak aditzean. Eta osaba, zur eta lur, aitari begira.

Beste aldean zegoen gizona ondarroarra zen eta gogoan zuen gerra betean nola bonbak bota zituzten airetik. Eromen horren barruan, mutil gazte ezezagun bati besarkatuta egon zen mutiko ondarroarra, bonbak haien inguruan lehertzen ziren bitartean. Mutil ezezagun hura gure aitona zen. Federico, Hernanikoa. Eta hala gogoratzen zuen 50 urte geroago.

Aitonak astebetera medikuarekin zita zuen eta, haren ostean, osabak Ondarroara eramango zuela agindu zion. Han elkartuko ziren biak, bonbetatik salbu, lasai hitz egiteko. Aitona, ordea, ez zen ospitaletik bueltatu. Nik 8 urte nituela joan zen betiko. Etxean inoiz ez dugu jakin Ondarroako gizon hura nor zen. Erantzunak aitonak eraman zituen. Gu galderekin geratu ginen.

Iraganean preso

Adituek diote gerra bizi izan zuten askok isiltasuna erabili dutela mina ez transmititzeko edo, kasu batzuetan, haien ondorengoak babesteko. Orain, bigarren eta hirugarren belaunaldia direnak ari dira iragana ezagutu nahian. Eta ez da harritzekoa. Isiltasun horren atzean dagoena ulertzeak erantzuten dituelako egun gure etxean ikusten ditugun jarrera, min, jokaera eta, maiz, izateko modu asko. Geroztik 80 urte baino gehiago pasatu diren honetan, oztopoak baino ez ditugu aurkitzen oraindik bide horretan. Zenbat ote dira lur azpian dauden gorpuak? Zenbat erantzunik gabeko galderak? Zenbat sendatu gabeko minak?

Horregatik, aitona, ez harritu galderak egiten jarraitzen badut etorkizunean. Eta uzten badidazu, behintzat, azken bat ere egin nahi nizuke, ia erantzunik ematen didazun: eta orain, hau guztia jakinda, zer kontatu behar diet nik seme-alabei?

Amona Anttonirekin eta «attona» Federicorekin Arantzazun, 1984an. (SANZ SENDIA)