INFO

Nazien aurka borrokatu ziren euskal-amerikarrak omendu ditu Texasek

II Mundu Gerran faxismoaren aurka AEBetako Armadan borrokatu ziren euskal-amerikarrei omenaldia egin die Texasko Estatuak, hango Kapitolioak adostutako adierazpen baten bidez. AEBetan lehen aldiz egin diete aitorpen hori, eta litekeena da beste estatu batzuek ere era horrelako ekitaldiak antolatzea.

Rafael Anchia legebiltzarkidea, asteazkenan. ( Rafael ANCHIA)

Bigarren Mundu Gerran nazismoaren aurka borrokatu ziren euskal-amerikarrak omendu zituzten herenegun Texasen. Ordezkarien Ganberak onartu zuen Rafael Anchia euskal jatorriko legebiltzarkide demokratak aurkeztutako ebazpena. Markinar pilotari baten semea, ordezkari demokrata da errepublikanoen alde bozkatu ohi duen estatuan.

Austin Texasko hiriburuan onartutako testuan II. Mundu Gerran borrokatu ziren hamalau euskal-amerikarren izenak jasotzen dira. Pedro Oiarzabal historialariaren Sancho Beurko taldeak 1.100 biografia osatu ditu orain artean AEBetako 45 estatutan, Washington hiriburuan eta Puerto Ricon, eta lana amaitzerako 1.400 inguru izango direla uste dute: «Horietako gehienak Euskal Herritik iritsitakoen hurrengo belaunaldia izan ziren, bai zuzenean Estatu Batuetara, bai lehendabizi Kuba, Puerto Rico edo Mexikora joanak eta gero AEBetara». Badira Euskal Herrian jaio eta emigratu ostean armadan sartu zirenak: Bilboko Fernando Gil sarjentua eta Federico Bilbao, esaterako, Texasko Ganberak aitortutakoen zerrendan daude.

Manuel Amestoy, Raul Echaniz, Calixto Ochotorena eta Valentin Elola euskal izenak ageri dira zerrendan. Nabarmenduenen artean, Erronkariko jatorria zeukan Alfonso Garde dago: Mexiko Berrian jaio bazen ere, Texasen eman zuen izena armadan 1943an. Hurrengo urtean Italiako kanpainan parte hartu zuen eta, 1944ko abuztuan bera zihoan hegazkina eraitsi zuten Austrian. Bizirik irten zen lau lagunetako bat izan zen, eta naziek gatibu izan zuten Budapesten. Handik Alemania ekialdera joan zen trenez eta, sobietarren ofentsibaren ondorioz, alemanek 1945eko neguan oinez mendebalderantz joanarazi zituzten mila preso aliatu. Euskal-texastar horien senideak izan ziren Austin hiriburuko Kapitolioan egindako omenaldian.

Immigrazioaren aitortza

Saioa amaituta, Ganberaren kanpoaldean, II. Mundu Gerran hil ziren 22.000 texastar omentzen dituen obeliskoa dago. Monumentuaren aurrean ekitaldi xume baina hunkigarria egin zuten asteazkenean, alde batean ikurrina eta bestean izar bakarreko bandera zeudela (Texasi “izar bakarreko estatua” deitzen zaio). Bertaratu zirenen artean, Anchiaz eta Oiartzabal historialariaz gain, Unai Telleria Eusko Jaurlaritzako AEBetako ordezkaria, Ipar Amerikako euskal elkarteak biltzen dituen NABOko Marie Petracek, eta Maggie Rivas-Rodriguez Texasko memoria historikoa biltzen lan handia egiten duen Voices Oral History Center-eko zuzendaria izan ziren. Baita Miren Carranza euskal jatorriko texastarra ere.

Rafael Anchia legebiltzarkideak inklusioaren aldeko mezua zabaldu nahi du ekimen honekin, sarri zabaldu ohi diren gorroto-mezuen aurrean: «Lotura dago AEBetako euskal etorkinen eta armadaren artean. Kanpokotzat hartzen ziren, eta xenofobia handia zegoen; estatubatuarrak baino estatubatuarrago zirela frogatzeko, denak sartu ziren armadan; horien artean nire aitita, Claudio Anchia. Eztabaida zabalagoa dago hemen, kontzientzia har dezagun immigrazioa gauza positiboa dela herrialde batentzat, hedabide askotan, kriminalitate, ilegalitate eta krisiarekin lotzen den narratiba horren aurrean».

Bat dator garaiko giroa azaltzerakoan Pedro Oiarzabal: «Patriotismo handiko garaia zen; auzokoak ere armadan izena ematen zuela ikusten zenuen, eta nolabait, nazioaren ideologizazioa zegoen. Are gehiago kanpotik etorri zirenentzat, edo haien ondorengoentzat». Frantzian I. Mundu Gerrak izan zuen eraginarekin alderatzen du, Ipar Euskal Herrian bereziki izan zuen ondorioa azaltzeko. Estatu Batuetan erabat integratzeko berebiziko garrantzia izan zuen II. Mundu Gerrak, «baina euskal nortasunari eutsiz egin zuten, komunitate bateko parte sentituz, euskal nortasun horri eutsi zioten». Eta halaxe sortu zen euskal-amerikar (estatubatuar) nortasun hibrido hori.

Atzo bigarren saio bat izan zen Texasko Kapitolioan; bezperako protagonistek mahai-ingurua egin zuten. Anchia ordezkariari esker, Texasen izan da euskal borrokalariei egindako lehen omenaldia, baina Oiarzabalek uste du lehen urratsa izan dela. Euskal diasporaren pisua handiagoa den mendebaldeko estatuetan ere antzeko ekitaldiak egotea nahi lukete.

Garrantzia

Estatu Batuetan erabat integratzeko berebiziko garrantzia izan zuen II. Mundu Gerrak. Armadan sartu ziren, «baina euskal nortasunari eutsiz», Pedro Oiartzabal historialariaren esanetan. Halaxe sortu zen euskal-amerikar (estatubatuar) nortasun hibrido hori.