INFO

Gazteenek egin dute bidea finaleraino

Igande honetan jokatuko dute Ados Pilotako Binakako Txapelketako finala Barrocal-Ruiz de Larramendik Zabaleta-Agirreren kontra Zumarragan, 11.30etatik aurrera. Barrocalentzat (2005, Bergara) eta Agirrerentzat (2003, Zestoa) «sekulakoa» litzateke txapela irabaztea, haien estreinako finala baita.

Naroa Agirre atzelaria pasa den asteartean Zumarragan egin zen material aukeraketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ados Pilotako Binakako Txapelketan bikote gazteenek egin dute bidea finaleraino: Maddi Barrocal-Olatz Ruiz de Larramendi, eta Goiuri Zabaleta-Naroa Agirre bikoteek, hain zuzen ere. Igandean honetan jokatuko dute txapelketako bigarren edizioko finala Zumarragako Beloki pilotalekuan, 11.30etatik aurrera. Lauretatik, Ruiz de Larramendi da bakarra iaz finalera iritsi zela, baita irabazi ere, gainera. Gainerakoentzat estreinako finala da. Ligaxkan elkarren aurka aritu ziren, eta Barrocal eta Ruiz de Larramendi gailendu ziren 22-18.

Beraz, faboritoak, a priori, eurak dira, Barrocal aurrelariak uste hori izan ez arren: «Uste dut ez dagoela faboritorik. Nahiz eta ligaxkan partida hori irabazi, lehia bakoitza desberdina da. Gainera hau final bat da; urduritasun puntu hori egongo da, jendea hurbilduko da, eta frontoia leporaino egongo da. Ondoen eramaten duenak presio hori irabazteko aukerak izango ditu».

Barrocalek eta Ruiz de Larramendik txapelketa osoan ez dute partidarik galdu, zortzitik zortzi irabazi dituzte, eta Bergarako aurrelariak dio txapelketa «bikaina» osatu dutela: «Orain arteko martxan segitu behar dugu. Merezimendu osoz sartu gara finalera, eta txapelketari bukaera on bat ematea espero dugu, Olatzekin [Ruiz de Larramendirekin] lehenengo txapela lortuta».

Agirre: «Atzealdea ondo estaltzen dut, eta Goiuri pilotari petoa da. Zuloak azkar bilatzen ditu, eta bisio zein teknika oso ona du. Gainera, txapelketa aurrera joan den heinean, elkar hobeto ulertu gara, eta frontoian zulo gutxiago utzi ditugu»

Beste bikoteak, txapelketa ona egin badu ere, zortzitik bi partida galdu dituzte, horietako bat igandean jokatuko duten bikotearen aurka. Horren inguruan, Agirrek nabarmendu du «oso gustura» daudela egindako lanarekin, Zabaletarekin jokatzen duen lehen aldia baita: «Lehen partidatik azkenekora asko hobetu dugu bikote bezala. Hasieran gehiago kostatzen zitzaigun ulertzea, baina azkenerako banekien noiz egin behar zuen keinua bera zabalera joateko, eta ni txokora mugitzeko».

Material hautaketa pasa den asteartean egin zuten, eta Agirrek azaldu du pilota «nahiko motelak» aukeratu zituztela, kontuan hartuta Ruiz de Larramendik duen «kolpea», eta frontoia «bizia» dela. Frontoia hala izateak kalte egingo ote dien galdetuta, Zestoako atzelariak aitortu du haiei «min handiagoa» egin diezaiekeela: «Pilotak pisu handia hartzen duen frontoi bat da. Altura ere handia du, eta uste dut hori Olatzentzako ona dela. Material motelagoarekin saiatuko gara aurrean gehiago jokatzen». Agirrek ez bezala, Bergarako aurrelariak uste du «biei ondo» datorkiela frontoi bizia izatea, Zabaletak ere «bizitasuna» ematen diolako pilotari.

Finalistek ligaxkan elkarren aurka jokatutako lehian, Zabaleta-Agirre bikoteak partida hartatik zer hobetu behar duten galdetuta, Zestoako atzelariak nabarmendu du ez zutela asmatu ezker pareta bilatzen: «Ea finalean gehiago eramaten diodan Olatzi ezker paretara, hala Goiurik [Zabaletak] aukera gehiago izango ditu aurrean. Azken momentura arte ez zen erabaki partida, gogorra izan zen. Beraz, lehia horren antzekoa egiten saiatuko gara, baina bukaeran guk irabazita».

Horrez gain, Agirrek azpimarratu du haien indarguneak ahalik eta gehien probesten saiatu behar direla, dema haiena izateko. «Atzealdea ondo estaltzen dut, eta Goiuri pilotari petoa da. Zuloak azkar bilatzen ditu, eta bisio zein teknika oso ona du. Gainera, txapelketa aurrera joan den heinean, elkar hobeto ulertu gara, eta frontoian zulo gutxiago utzi ditugu», adierazi du Zestoakoak. Barrocalek, bere aldetik, adierazi du eurei komeni zaiela pilota «gogor astintzea eta tantoak bukatzea».

Barrocal: «Orain arteko martxan segitu behar dugu. Merezimendu osoz sartu gara finalera, eta txapelketari bukaera on bat ematea espero dugu, Olatzekin lehenengo txapela lortuta»

Finala ate joka dela, bai Barrocal bai Agirre, oraingoz, «lasai» daudela adierazi dute, eta ez dutela «ezer berezirik» egin finalerako, «betiko martxan» jarraitu dute. «Partida asko jokatu ditugu kameren aurrean, eta urduritasun hori alde batera utzita dugu. Final oso gogorra espero dugu, eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara», azpimarratu du Bergarako aurrelariak.

Finala irabaztea «sekulakoa» izango zela nabarmendu dute biek ala biek. Agirrentzat txapela irabaztea txapelketa «ezin hobe» bukatzea litzateke, baina balioa eman dio ere finaleraino iristeari, «oso-oso gustura» baitaude egindakoarekin.

Barrocal, ordea, ez da asetzen finalera iristearekin, eta txapela eskuratu nahi du: «Halako txapelketa bat irabaztea, eta gainera Olatzekin sekulakoa litzateke. Irabazteko aukera asko ditugu, Olatz eta biok oso indartsu gatoz txapelketatik. Hala ere, badakigu finalean edozer gerta daitekeela, baina hasieratik bete-betean sartzen saiatuko gara, eta ea txapela lortzen dugun».

Ikusgarritasun falta

Emakumeen pilotak beregain daraman zama bat da, gaur gaurkoz, partida gutxi emititzen dituztela telebistan, eta horrek kirolaren ikusgarritasuna ia ezerezean uzten du. Hori gutxi ez, eta askotan ere, soilik finalak izan ohi du harrabotsa, eta hori «ez da bidezkoa» Barrocalen eta Agirreren ustetan.

«Askotan hitz egin izan dugu gure artean ez dela bidezkoa jendea soilik geratzea finaleko irudiarekin, eta gainera, normalean finalak ez dira izaten txapelketako partidarik onenak», nabarmendu du Zestoako atzelariak. Horrez gain, Barrocalek adierazi du beraiek nahi dutena dela «emakumeen pilota indartzea, geroz eta neska gehiagok joka dezaten pilotan».

Haratago joan da Agirre, eta uste du «pena bat» dela jendeak emakumeen pilota ikusteko aukerarik ez izatea: «Finala txapelketako 34. partida izango da, eta orain arte ez dugu egin hain txapelketa luzerik. Finala emitituko da, final-laurdenak eta finalerdiak Hamaika telebistarekin lotu genituen. Hasiera batean, finala EITBrekin genuen lotuta, baina txapelketa hasi baino astebete lehenago esan ziguten ez zutelako emango. Hori kolpe handia izan zen guretzako, badakigulako telebistak ez badigu babes hori ematen, inon ez dela ikusiko emakumezkoen pilota».