INFO

Loditasuna erakutsi, ospatu eta aldarrikatu dute Gasteizen

Dozenaka pertsona loditasuna erakutsi, ospatu eta aldarrikatzera batu dira Gasteizen, ‘Lodiak harro’ egunean.

‘Lodiak harro’ egunean arratsaldean egin duten ekintza. (Jaizki FONTANEDA)

Nazioartean martxoaren 4an ospatzen obesitatearen aurkako egunaren zentzu lodifoboa irauli eta ‘Lodiak harro’ jardunaldiak ospatu dituzte dozenaka pertsonak larunbat honetan Gasteizen.

Lodiek urte luzez pairatu duten «zapalkuntzari planto egin» eta harrotasun lodia erakustea helburu, 13.00etan kalejira batekin hasi dute festa eta aldarrikapenerako eguna. «Etorkizun lodia» nola gorpuztu elkarrekin pentsatzeko asanblada egin dute arratsaldean, eta musikarekin girotu dute eguna –Warras Bizarras arratsaldean eta Bad Sound Sister gauean–.

19.30ean, halaber, ekintza egin dute Matxete plazan.

«Gimnasio eta dietetika zentroaetan bakarrik onartzen gaituztenen aurrean, geldirik eta ixilik nahi gaituztenen aurrean harro eta ahobetez diogu: ez gara geldituko! Ez gara geldituko gero eta ahulago dagoen gure osasungintza sistema indartu eta eraldatu arte, Osakidetzak gure pisua epaitzetik at artatu behar gaituelako. Ez gara geldituko kapazitismoaren neurrira diseinatu den arkitektura breaking ball batekin trixko egin arte, gu ezin bagara kabitu eraikina botako dugu. Ez gara geldituko edertasuna zer den gizonen desira sexualetatik kanpo ulertu arte, ederrak direlako mitxelinak, zimurrak eta estriak. Ez gara geldituko gure gorputzak biluztean, publikoan lasai jatean edo korrika egitean penaz edo gainetik jarriz begiratzen digun begia kutxilla batekin moztu arte. Hau da, ez gara geldituko, patriarkatu kapitalista eta kolonialaren konplize den lodifobiarekin bukatu arte», aldarrikatu zuten antolatzaileek ‘Lodiak harro’ eguna iragartzeko oharrean.