INFO

Santi Osoro: «Ezin da eliteko txirrindularitza eduki behean katea hausten bada»

Lotura lanak egiteko motoen aseguruak ordaintzeko ezintasunak, txirrindularitza amateurraren egoera beltza are gehiago okertu du. Asteburu honetan, behe mailako hiru lasterketa geratu dira bertan behera, tartean Aiztondo Klasika.

Igande eguerdi honetan txirrindulariak Eibarren mobilizatu dira. (NAIZ)

Asteburuan Gipuzkoan lehiatzekoak ziren txirrindularitza lasterketa guztiak bertan behera geratu ziren –Aiztondo Klasika eta kadete eta junior mailakoak Beasain eta Eibahurrenez hurren– datorren asteburukoek ere itxura bera dute –Mutrikuko lasterketa bertan behera geratzen dela baieztatuta dago–. Lotura lanak egiteko motoen aseguruak ordaintzeko ezintasunak bultzatu du egoera hau baina antolatzaile ezberdinek azaldu zutenez, azken auzi hau «errematea» besterik ez da izan.  

Igande eguerdi honetan Eibarren egin zuten mobilizazioa elkarte ezberdinetako kide zein txirrindu zaleek, egoera hau deitoratu eta ezagutarazi asmoz. «Lotura egiten duten motoen arazoa azkena da, ondorio bat ekarri duena, hauek gabe lasterketak egitea ezinezkoa delako. Baina ez da arazo bakarra. Urteak daramatzagu txirrindulari gazteak errepide arriskutsuetatik bidaltzen, herri batzuk zeharkatzea “ginkana” moduko bat da. Okupak bezalakoak gara eta horrek, ibilbide alternatiboak bilatzera bultzatzen gaitu, arrikutsuagoak direnak. Garrantzitsuagoa da kotxeei ez molestatzea, ibilbide ez hain arriskutsuak egitea baino», adierazi du, haserre, Santi Osorok, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidenteak.

Untzaga plazan egin dute elkarretaratzea, lasterketa hasi behar zen lekuan, hain zuzen. «Txirrindularitza kate bat da eta ezin da hautsi. Ezin da goi mailako txirrindularitza eduki, behean katea hausten bada», esan du Osorok. Ohartaraz du, egoera honetan jarraituz gero, antolatzaileen nekea areagotu egingo dela, hala nola txirrindulari gazteena ere.

«Eskuduntza duten agintariei eskatzen diet guregana etortzea eta lan hau babesteko zer egin behar den galdetzea. Espero dugu hauek gerturatzea, guzti hau hausnartzeko eta konponbidea bilatzeko», exijitu du.

Jon Iraola Eibarko alkatea eta zinegotzi batzuk babestu dute elkarretaratzea, baita Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak ere. Euskadi Irratiko kazetari eta Gipuzkoako Federazioko kide Arritxu Iribarrek egin ditu aurkezpen lanak, testuingurua azaldu eta ondoren, Santi Osoro presidenteari hitza emateko.