Emakume presoek «zigor hirukoitza» pairatzen dutela salatu dute Sarek eta Bilgune Feministak
Martxoaren 8aren bezperan, emakume presoen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute astearte honetan Iruñeko udaletxe plazan Sarek eta Bilgune Feministak. Adierazi dutenez, emakumeek zigor penala, pertsonala eta soziala jasaten dute espetxean.
Emakume presoen egoeraren berri emateko elkarretaratzea egin dute astearte honetan Iruñean, Sarek eta Iruñerriko Bilgune Feministak deituta. Diotenez, «emakume izateagatik urte luzeetan are bakartuago eta are urrunduago egon izan dira». Zigor penalaz gain, kondena soziala eta pertsonala jasaten dutela azpimarratu dute.
Bide batez, salbuespenezko eremua «gizonentzako pentsatuta» dagoenez, azaldu dute emakumeek «ez-leku» batean aurkitzen dutela beraien burua, «sistema patriarkal honetan onartezina baita emakumea delitugilea izatea».
Horren harira, espetxeak «emakume onak birsortzeko fabrikak» bilakatzen direla salatu dute, «emakume presoak ber-hezteko erabiltzen dituztenak». «Sistema patriarkalaren arabera dagokion tokian jartzeko erabiltzen dituzte lan-eremuak, tailerrak, janzkera araudiak, sexualitatea bizitzeko mugak, eta abar, kartzelan», gaineratu dute.
Hortaz, zigor penalaz aparte, «patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzen duelako» zigor soziala eta «emakume txarraren edota ama txarraren epaia dela eta» zigor pertsonala jasaten dutela defendatu dute.
Zehaztu dutenez, espainar Estatuan preso diren euskal presoen gehiengoa Euskal Herrian dauden espetxeetan dago. Gainera, lau emakumezko preso daude Euskal Herririk kanpo; bi frantziar Estatuan eta beste bi Estatu espainolean. Guztira, 26 emakume daude preso.