INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Donostiako mobilizazio jendetsuan hamaika aldarri feminista

Milaka feminista bildu ditu Donostiako Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioak. Aldarrien artean zaintza, atzerritarren eskubideak eta Donostian Emakumeen Etxe «duin» bat izatea izan dira, besteak beste.

Donostiako mobilizazioa Kontxa parean (Andoni Canellada | FOKU)

Donostiako Mugimendu Feministaren hitzordua 18.30etan zen Antiguako tunelean, baina lehenago nabari zen kolore morea eta adin guztietako emakumeak taldeka gerturatzen ari zirela. Pankarta burua ere garaiz zegoen zabalik, Donostiako Asanblada Feministak sinatuta: «Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde».

Txistu eta oihu aldarrikatzaileekin abiatu da mobilizazioa, goizean goizetik zaintza sistema publikoa aldarrikatu dute milaka emakumek, eta Donostiako manifestazioa ere aldarri horrekin abiatu dute: «Gora zaintzaileon borroka». Adin guztietako emakumeak izan dira nagusi, bakoitza bere aldarri propioarekin baina guztiek helburutzat feminismoa harturik.

Pankarta nagusitik metro gutxira bigarren pankarta handi bat zegoen, Donostiako Emakumeen Etxekoena, Emakumeen Etxe «duin» bat «behar» dutela aldarri eginez. Zutabe propioa antolatu dute Antiguako tunelera joateko Emakumeen Etxekoek, batukadaren laguntzaz egin dituzte lehen metroak Bulebarretik. Ondoren, mobilizazioaren amaiera aldera, Santa Katalina zubiaren ondoan batu da berriro ere batukada eta amaierako metroak batera egin dituzte.

Afganistandik Mexikora

‘Ley de extranjería mata mujeres’ [‘Atzerritar legeak emakumeak hiltzen ditu’] eta «paperak guztiontzat» oihuek ere izan dute oihartzuna gaurko mobilizazioan, emakumeen eskubideen defentsaren aldarri. Intziri Donostiako neska* gazte taldea non zebilen ere nabari zen, buruberokiak baizituzten jantzita gazteek. Mobilizazioa hasteko, Antiguako tuneletik bota duten pankartaren leloa «Neska* gazteon borrokak zaintzen gaitu» izan da.

Donostian aldarrikatu eta ospatu dute askok martxoaren zortzia, baina nazioarteari ere egin diote keinu. Afganistango banderaren koloreak zituen telazko pankarta bat eusten zuten lau emakumek: «Solidaridad con las mujeres y niñas de Afganistan» [«Afganistaneko emakume eta haurrekin elkartasuna»] zeukan bandera luzeak gainean idatzita. Mexikotik etorritako bi neska gazte ere mobilizazioan zeuden, Mexikoko selekzioko kamixeta zuten eta atzean idatzita «Por un Mexico feminista».

Puxika moreak, aurpegi margotuak eta peluka moredun buruak, gaurkoan guztia zen aldarrikatzaile. Eskuetan kartelak ere askok zeramatzaten, bi haurrek beraien aldarria garbi zuten, etorkizunari aurre hartzen zebiltzan, «Beldurrik gabe hazi nahi dugu» jartzen zuen pankartan, eta alboan adineko bi emakume zituzten, beraiek ere kartulina banarekin, «Etxeko lanak, guztionak».

Bulebarrean eman diote amaiera mobilizazioari, zaintza erdigunean jartzeko aldarriakatuz, eta goizean iragarritako greba feminista antolatzera dei eginez. ‘Zutik emakumeak’ abestu dute guztiek batera bukatzeko.