INFO

Zaintza erdigunean jartzeko, greba orokorra jarri du hurrengo mugarritzat mugimendu feministak

«Oinarrizko eskubideen murrizketen aurrean eta gure gorputzen esplotazioari esker sortzen eta erreproduzitzen den sistema honen aurrean», Euskal Herriko Mugimendu Feministak borroka artikulatu bat planteatzen du gaurtik aurrera «greba feminista orokor» baterantz.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren prentsaurrekoa Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Martxoaren 8ko arratsaldeko manifestazioen atarian, Euskal Herriko Mugimendu Feministak prentsaurrekoa eman du goizean Bilboko Arriaga Plazan gaurtik aurrerako planteamendua aurkezteko. Herriz herri eta auzoz auzo antolatutako ‘Denon Bizitzak Erdigunean’ izeneko prozesu partekatu bati ekin nahi diote eta «greba feminista orokorra» jarri du mugarritzat.

«Ez dugu promesa huts gehiagorik nahi ezta gure diskurtsoaren kaptazio gehiagorik nahi ere: zaintzarako eskubide unibertsala exijitzen dugu, eta zaintza horiek negozio izateari uztea. Horregatik, greba feminista orokor baterantz goaz, eta gaur, martxoaren 8a, lehen urratsa da», adierazi dute Euskal Herriko Mugimendu Feministako bozeramaileek.

Zaintzaren problematika erdigunean jarri nahi dute, «historikoki emakumeok izan garelako hauen pisua eraman dutenak eta inoiz ez direlako lan gisa aitortuak izan. Are gehiago, politikoki,sozialki eta ekonomikoki ikusezinak eta gutxietsiak izan dira».

Salatu dutenez, gaur, Euskal Herrian, zaintzak «indarkeria eta desberdintasunaren» ardatz dira emakume langileentzat, non «arraza, atzerritartasun egoera, adina, sarea eta estatus soziala gurutzatu eta berrelikatu egiten dira».

«Zaintzak, mundu bidegabe eta desberdin honetan, sexuatuak, arrazializatuak, estratifikatuak daude. Zentraltasuna ukatu zaio, baina, aldi berean, kapitalismo heteropatriarkala honen gaineko irabaziez aberastu da. Feministok aspaldi salatu genituen zaintzen merkantilizazioa, pribatizazioa, esplotazioa, kapitalaren espekulazioa eta beste negozio-nitxo bat bihurtu izana», gaineratu dute.

Gainera «kolapso egoera» bat bizitzen ari garela ohartarazi dute: «Patronalaren eta interes ekonomikoen menpe dauden erakundeetatik hartutako erabaki inperialista eta neoliberal multzo baten aurrean gaude. Irabazien eta kapitalaren sistema metatzaile harrapari baten berrespena da, estruktura heteropatriarkal eta kolonialetan oinarritzen dena».

Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde

Horren haurrean, zaintzarako eskubide kolektibo baten alde egiten du apusutu Euskal Herriko Mugimendu Feministak, «hau da, pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak baldintza duinetan eta konpromisotik emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde».

«Hori mendekotasun egoeretatik harago doa eta erabakitzeko gaitasuna eskatzen du: zenbat, nola eta nor zaindu nahi dugun; zenbat, nola eta nork zaindu behar gaituen, zaintzeari ezetz esateko eskubidea ere barnebilduz. Eskubide hori modu kolektiboan ulertzen dugu, eta ez indibidualizatuan. Aldi berean, bere bizitza inmolatuko duen emakume gehiagorik egon ez dadin defendatzen dugu, eta, aldi berean, salatzen dugu gaur egun ez zaintzea pribilegioa dela», gaineratu dute.

Hori guztiagatik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak borroka artikulatu bat planteatzen du gaurtik aurrera «greba feminista orokor» baterantz. Horretarako, herri mugimenduekin, mugimendu sozialekin eta sindikalekin «aliantzak sortzeko, agenda politikoa eta aldarrikapenak sortzeko» apustua egin dute.