INFO

Zinemaldiko artxiboa ikertuko du Jose Angel Herrero-Velarde bekak

Zinemaldiaren artxiboaren gaineko ikerlanak sustatzeko sortu da Jose Angel Herrero-Velarde beka. Gipuzkoan bizi edo jaio diren hiru laguni 3.500 euroko diru-laguntza bana eta bi astez Filmategian lan egiteko espazioa emango zaizkie.

Zinemaldiaren artxiboak 4.000 dokumentutik gora biltzen ditu. (ZINEMALDIA)

Gipuzkoako Aldundiak, Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak Jose Angel Herrero-Velarde beka sortu dute, Gipuzkoan jaio edo bizi diren ikerlariak Zinemaldiaren artxiboan ikerketak egitera bultzatzeko. Zinemalditik azaldu dutenez, artxibo horien ikerketaren bidez, «jaialdiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko elkarrizketa ezarriko da».

Azken lau urteetan Elias Querejeta Zine Eskolarekin koordinatu den ‘Zinemaldia 70: historia posible guztiak’ ikerkuntza-proiektutik abiatuta artxiboa eskuragarri jarri izanaren ondorio da beka horien sorrera.

Bekaren izenak Jose Angel Herrero-Velarde Notariori omenaldia egiten dio. Zinemaldiko funtsezko figura izan zen azken lau hamarkadetan, zuzendaritza eta hautaketa batzordeko kidea; iaz zendu zen.

Hiru artikulu akademiko

Beka-programaren azken xedea hiru artikulu akademiko argitaragabe sortzea da. Eskatzaileek proiektu bat aurkeztu beharko dute adieraziz ikerketaren gaia, metodologia eta iturriak, asmoen gutun batekin eta curriculumarekin batera. Eskaerak Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira, han baitaude, deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak.

Ikerketa proiektuak aurkezteko epea 2023ko martxoaren 15etik apirilaren 17ra artekoa izango da. Lanek (6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte), zazpi hilabeteko epean amaitu beharko dira, hautaketa datatik kontatzen hasita, eta gehienez bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.

Hautatutako ikertzaileek 3.500 euroko diru-laguntza bana jasoko dute. Halaber, artxibora sartzeko edukiko dituzten bi asteetan, kontsulta egunei dagozkien dietak eskainiko zaizkie. Gainera, programak Gipuzkoako lurralde historikoan bizi ez diren eta programan parte hartzeko hautagai izan daitezkeen onuradunen bidaia eta ostatua bere gain hartuko ditu.

Zinemaldiko artxibo historikoan 4.000 dokumentu baino gehiago jarri dira online kontsultatzeko eskuragarri (korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak, aldizkariak…). Horrez gain, webguneak 27.000 deskripzio fitxa baino gehiagoko katalogo bat eskaintzen du.