70 traineru lehiatuko dira larunbatean Oriaren Jaitsieran, denboraldiaurreko azkenetarikoan
Udako arraun denboraldirako prestatzen dabiltzan ontziak beste proba garrantzitsu bat izango dute larunbat honetan Oria ibaian, Orioko herrian. Bertan 70 traineru arituko dira bost maila ezberdinetan banatuta.
Arraun denboraldiak udaran izaten du gorakada nabarmena. Urtaro horretan jokatzen dira txapelketa eta Ligarik garrantzitsuenak: Eusko Label eta Euskotren edota KAE-1, KAE-2 eta ETE Ligak, alde batetik, eta Gipuzkoako, Bizkaiko, Euskadiko edota Espainiako txapelketak, bestetik. Baina udarara ahalik eta sasoi onenean iristeko denboraldiaurrean egiten den lana ezinbestekoa da, duela aste batzuk Gaur8 gehigarrian argitaratu genuen bezalaxe.
Orain arte ikusitakoaren arabera, gizonezkoetan Hondarribia badirudi sendo ari dela prestaketa lanetan. Bi bandera lortu ditu orain arte, Sestaokoa eta etxekoa, alegia. Emakumeetan, aldiz, bi traineruren arteko lehia nabarmentzekoa da: Donostiarra eta Orio.
Larunbat honetan, Orio Arraunketa Elkarteak antolatuta, beste bandera bat egongo da jokoan, 17.30etik aurrera: Oriaren XXIX. Traineru Jaitsiera. Guztira 70 ontzi lehiatuko dira, maila ezberdinetan banatuta: Llagut (9), jubenilak (1), beteranoak (29), emakumezko absolutuak (10) eta gizonezko absolutuak (21).
Emakumezkoetan, lehiakide guztiak euskaldunak izango dira eta lehia gogorra espero da etxeko trainerua, Arraun Lagunak, Donostiarra (garaile Hondarribiko jaitsieran) eta Tolosaldearen artean –iaz Euskotren Ligan lehiatu zirenak, alegia–. Hauekin batera, Hernani, Zarautz-Gesalaga, Ondarroa, Zumaia-Delteco, Hibaika eta Hondarribia lehiatuko dira.
Gizonezkoetan ere 21 ontziak Euskal Herrikoak dira eta Eusko Label ligako traineruen arteko lehia estua espero da hemen ere. Hondarribiko jaitsieran "Ama Guadalupekoa" nagusitu zen duela pare bat aste eta oraingoan, Oriok ere etxean irabazi nahiko du (hiru ontzi aterako ditu uretara). Bermeo, Hondarribia, Donostiarra eta Getaria izango ditu aurkari gogorrenak. Lehiakideen zerrenda –Donostiarra eta Hondarribiko bigarren ontziez gain– San Juan (2), Arkote, San Pedro, Hibaika, Lapurdi, Santurtzi, Ondarroa (2), Mutriku, Zumaia-Delteco eta Zarautzek osatzen dute.
Llagut modalitatean Kataluniako ontzien lehia izango da, lehiakide guztiak bertakoak baitira. Beteranoen artean euskaldunak nagusi badira ere (17), Kataluniak, Galiziak eta Kantabriak ordezkariak izango dituzte.
Lehenengo ibilbidea, Saikola-Orio, 4.000 metroko luzerakoa izango da; eta bigarrena, Mapil-Orio, 6.000 metrokoa.
— Orio AE (@CRO_OrioAE) March 6, 2023
Donostiarra eta Orioren lehia emakumeetan
Orain arte lau traineru jaitsiera ezagun jokatu dira. Lehendabizikoa Portugaleten –egiten zuen hotza nabarmentzekoa da– izan zen, non Zierbena (gizonetan), Donostiarra (emakumeetan) eta Mundaka (beteranoetan) garaileak izan ziren. Bi aste beranduago, Sestaoko Julian Enrikeren Oroimenezko XIV. Jaitsieran, Hondarribia (gizonak) eta Orio (emakumeak) izan ziren irabazleak. Duela bi aste Hondarribiko uretan egindako jaitsieran, aldiz, bertako "Ama Guadalupekoa" ontzia (gizonetan), Donostiarra (emakumeetan) eta Fortuna (beteranoetan) izan ziren irabazleak.
Iragan asteburuan Castron egin zen Traineru Jaitsiera. Emakumeetan gipuzkoarrik ez zen egon, eta bizkaitarren eta kantabriarren arteko lehian, Kaiku izan zen azkarrena. Gizonetan, Bermeok lortu zuen denborarik onena, Donostiarraren aurretik. Beteranoetan, ordea, Getxo izan zen irabazlea.
Bestalde, Donostiarra eta Orio emakumeen traineruek daramaten lehia aipatzekoa da. Portugaleten, aipaturiko lehenengoa izan zen azkarrena, mirotzei 12 segundoko aldea ateraz. Bi aste beranduago, toki berean baina Sestaoko jaitsieran, Oriok eraman zuen Julian Enrikeren Oroimenezko XIV. bandera, Hondarribia eta Kaikuren aurretik. Donostiarrak ez zuen parte hartu.
Eta duela bi asteburu, Hondarribiko uretan, Donostiarra, baja ugari zituen Orio baino azkarragoa izan zen, kasu honetan 20 segundoko aldea ateraz. Nola iritsiko dira bi traineruak, eta gainontzekoak, Oriako jaitsierara? Erantzuna, larunbat arratsaldean.