INFO

Belarrondoko mingarria Bidaideak Bilbao BSR-rentzat Champions Cupeko final-laurdenen hasieran

Bizkaitarrek 88-67 galdu dute Alemanian Madrilgo Ilunion taldearen aurka, espainiarrek goitik behera menpean izan duten partida eta gero. Larunbat arratsaldean etxeko RSB Thuringia Bulls taldearen aurka erre beharko dituzte bilbotarrek ligaxka honetan aurreneko bi onenen artean amaitzeko aukerak.

Ilunion askoz hobea izan da talde bilbotarra baino. (@BIDAIDEAK)

ILUNION 88 - BIDAIDEAK BILBAO BSR 67

Ez zen lantegi erraza Bidaideak Bilbao BSR-renzat Champions Cupeko final-laurdenetako ligaxkako aurreneko dema eta belarrondokoa mingarri askoa izan da. Madrilgo talsdeak halako nagusitasunez eraman du partida, ezen azken laurdenean erritmoa jaitsi eta bilbotarrei markagailua txukuntzeko aukera eman baitie.

Ez da gauza berria Ilunion Gurpildun aulkiko Saskibaloiari lotuta Europako talde onenen artean ikustea, inoiz gutxitan txapeldun ere izan delako. Egia da, bestalde, azken urte hauetan bizkaitarrak ere Europako puntan daudela eta onenei tarteka irabazteko kapaz ere izan dela; ez dituzte azokan oparitzen Euroleague 1, Liga zein Kopako garaikurrak. Nolanahi, ostiral honetan Adrian Yañezek zuzentzen duen taldea ez da madrildarrei aurre egiteko eta hala onartu behar da.

Aurreneko jardunaldi hau RSB Thuringia Bulls etxeko talde alemaniarra eta Sardiniako GSD Porto Torresen arteko partidak osatu du egunaren amaieran, multzoko buruak zeintzuk izango diren aztertzeko. Faborito izaerari so eginez gero, Ilunion eta Thuringiak behar dute aurreneko bi postuetan, eta Bidaideak Bilbao BSR-ek, berriz, hirugarren postua lortzeko borrokatu beharko luke. Hala lortuz gero, Euroleague 1eko Zortziko Finala jokatzeko, hain zuzen.

Eta halaxe izan da, etxeko taldeak 114-54 irabazi baitio Sardiniako klubari.

Izan ere, Ilunionen aurka dena atera da atzekoz aurrera bilbotarrentzat. Aurreneko minutuak berdinduak izan badira ere, berehala irauli da norgehiagoka madrildarren alde. Aurreneko laurdenaren amaieran 21-16 aurreratu da Ilunion eta ordurako martxa hartu du. Fisikoki oso talde indartsua dela erakutsi du eta bilbotarrak ez dira gai izan horri erantzuteko. Horrez gain, 18 baloi galdu dituzte Adrian Yañezen jokalariek, horietatik 7 beti arrisku handiak hartzen dituen Asier Garcia kapitainak.

Hala, partida apurtzen joan da minutuek aurrera egin ahala. Atsedenaldiurako markagailua 48-34 jarri da Madrilgo taldearen alde eta hirugarren laurdeneko partziala, berriz, 28-14, are eta gogorragoa izan da: 76-48 hamar minuturen faltan.

Azken laurdenean, hurrengo egunetan beste bi partida jokatu behar dituela jakitun, indarrak gorde ditu Ilunionek eta hortaz baliatu da Bilboko taldea neurketa itxuratu eta balizko berdinketa zein puntu aldeei begira itxura txukunuagoa izateko, 21 punturen aldea askotxo den arren.

Gregg Warburton –22 puntu eta 11 asistentzia– eta Bidaideaken kamisetarekin jokatzea zer den badakien Luis Eduardo Jasso –15 puntu eta 12 errebote– izan dira Ilunion taldeko jokalaririk zorrotzenak. Bilbotarren aldetik, berriz, Txema Avendañok 17 puntu eta 5 errebote pilatu ditu eta Asier Garcia, berriz, zazpi baloi galduta ere, azkenean 8 puntu, 12 errebotes eta 16 asistentzia lortuta joan da aldageletara.

Alemanian eta Albeceten jokatzen ari den Champions Cup honek larunbatean du bigarren jardunaldia. Hasteko, 15.00etan Ilunion eta GSD Porto Torres neurtuko dira eta Bidaideak Bilbao BSR-ek bere aukera guztiak RSB Thuringia Bulls etxeko taldearen aurka erre beharko ditu 18.00etatik aurrera.