INFO

Lucas Eguibarrek irabazi du Sierra Nevadan jokatuko diren Munduko Kopetako lehena

Oso gustuko duen estazioetako batean lortu du berriro loria. 2020an Munduko Kopako proba irabazi zuen bertan, eta zilarra poltsikoratu zuen bai banakako txapelketan, bai taldekakoan, 2017ko Munduko txapelketan. Irati Idiakezek zilarrezko domina kolkoratu du La Molinako Munduko Kopa egokituan.

Lucas Eguibar, pozarren, Sierra Nevadako Munduko Kopako lehen proba irabazi berritan. (BASQUE TEAM)

Lucas Eguibar bueltan da. Larunbat honetan Sierra Nevadan argi geratu da azken bi urteetan Donostiako riderrak izan dituen bizkarreko arazoak atzean geratzen ari direla. Donostiarrak nagusitasunez irabazi du, aurreko astean Bakurianiko Munduko Txapelketako sailkatze lasterketan izandako erorikoaren arantza aterata. Georgian gertatutakoa gorabehera, Lucasek esan zuen sasoi betean zegoela eta oso baikorra zela Sierra Nevadako hitzorduari eta Munduko Kopako irabazleak lortzen duen Kristalezko Globoa lortzeko lehiari begira. Iragarpenak bete dira. Sierra Nevadako podiumera igotzean bere irribarre zabalak dena esaten zuen.

Eguna ondo hasi da Lucas Eguibarrentzat. Final-zortzirenetan hirugarren jarri da irteeran eta pazientziari eutsi dio lehen zatian. Bigarren bihurgunean eraso egin du barrutik, lehen postura pasatzeko, eta txanda erraz irabazteko, Cameron Bolton, Tristan Bell eta Hagen Kearneyren aurretik.

Final-laurdenetan txanda gogorrari aurre egin behar izan dio. Bihurgune batzuetan zaila izan den arren eta horietako batean Boltonek ukitu duen arren, Lucasek oreka mantendu du. Lehen postuan heldu da helmugara, australiarra eta Martin Noerl, Munduko Kopako sailkapen nagusiko liderra, lehiaketatik kanpo utzita.

Finalerdietan donostiarrak irteera bikaina egin du berriro, Merlin Surget frantziarra aurreratu du jauzian eta Kalle Koblet suitzarrarekin talka egin duen arren, onik atera da. Eguibarrek bigarren postuan bukatu du kanporaketa, Omar Visintin italiarraren atzetik.

Final handia

Lucas Eguibar behetik gora joan da, aurrea hartuz eta lasterketa taktikoki bikain kontrolatuz. Horrela iritsi da final handira, eta ez du zalantzarik utzi. Gipuzkoarra hasieratik amaieraraino jaun eta jabe izan da, bihurguneak itxiz, aurkariek barruko aldetik aurreratu ez zezaten. Lucas Eguibarrek erakustaldia eman du Omar Visintin eta Lorenzo Sommariva italiarren eta Loan Bozzolo frantziarraren aurretik.

Gaurkoa Lucas Eguibarrek Munduko Kopako proba batean lortutako seigarren garaipena da. Gogoratu behar da Donostiak 2015ean irabazi zuela sailkapen nagusia eta Kristalezko Globoa, eta aurten ere hori da bere helburu nagusia. Gaurko garaipenari esker, 100 puntu lortu ditu sailkapen nagusiari eusteko eta Martin Noerl egungo liderrarekiko aldea murriztu du. Lucas Eguibar laugarren da sailkapen nagusian eta lau proba geratzen dira denboraldia amaitzeko: bihar beste bat Sierra Nevadan, hurrengoa martxoaren 16an Veysonnazen (Suitza), eta beste bi Mt. St. Anne (Kanada), martxoaren 25ean eta 26an.

Irati Idiakez, zilarrezko dominarekin. (FEDDF)

Irati Idiakez, zilarra; eta Juan del Campo eta Aingeru Garay, eski alpinoan

Bestalde, Irati Idiakezek zilarreko domina kolkoratu du La Molinan (Gironako Pirinioa) jokatu den Munduko Kopako snowboard egokituan. Monika Kotzian poloniarra bakarrik izan da euskalduna baino azkarragoa. Gipuzkoarrak denborarik onenarekin abiatu du finala, finalerdietan azkarrena izan baita, baina horrek ez dio balio izan garaipena erdiesteko. Hirugarren postua Darian Haynes estatubatuarrarentzat izan da.

Bitartean, Juan del Campo laugarren izan zen ostiralean Levin (Finlandia) jokatutako Europako Kopako eslalomean, eta larunbat honetan seigarren izan da proba horretan. Aingeru Garayk 31. postuan bukatu zuen atzo.