INFO

Mikel Lopetegi presoaren heriotza «ekidin zitekeela» salatu dute heriotzaren 35. urteurrenean

Mikel Lopetegi euskal presoaren heriotza gogoratu dute Tolosan 35.urteurrenean. Egiari Zor fundazioak horrelako heriotzak indarrean dagoen espetxe politikaren eraginez gertatu izan direla salatu du, eta aitortza zein erreparaziorako bermeak eskatu ditu.

Egiari Zorrek antolatutako ekitaldia, Tolosan (Idoia Zabaleta | FOKU)

1988ko martxoan egin zuen bere buruaz beste Mikel Lopetegi euskal presoak, Herrera de la Manchako espetxean. Lopetegi gogoratzeko eta indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politikak eragindako zauriak gogoratzeko eta argitara ekartzeko egin du ekitaldia Egiari Zor Fundazioak Tolosan, bere heriotzaren 35. urteurrenean.

Lopetegiren heriotza, «ekidin zitekeela» azpimarratu du Pilar Garaialde fundazioko kideak, eta salbuespenezko espetxe politika etengabe giza eskubideak urratzen ari dela salatu du. Adierazi du Espainiar estatuak gatazka politikoaren barruan zuen «errepresio estrategiaren» barruko estrategia zela espetxe politika, eta oraindik ere indarrean dagoela espetxe sistema hori.

Lopategiren kasuan ere, espetxean bizitakoak eraman zuen bere buruaz beste egitera. Ekitaldian zehar, garaiko irudiekin, mobilizazioekin, egunkarietako artikuluekin… osatutako bideo bat jarri dute, Lopategi gogoratzeko, bertaratu diren asko irudietan ere ikusi dira. Amaia Agirre bertsolariak ere eskakizun bat egin du kantuz: «... egiaren prezioa/ ta erreparazioa». Amaitzeko, aurreskua dantzatu  eta senideei lore sorta eman zaie Topic aretoan.

Garaialdek salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea «ezinbestekotzat» jo du, eta orainera jo du. «Aintzat hartuko gaituen justizia ereduaren alde egiten dugu, biktimen eskubideei erantzungo diena baina aldi berean hainbat hamarkadatan indarkeriak eragindako ondorioak gaindituko dituen bizikidetza batera iristeko beharrari erantzuteko gai izango dena. Baita indarrean dagoen gatazka politikoaren zergatiei helduko diena, bizikidetza demokratikoak nahitaez bere orainaldia eta etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea baliatu behar izan baitu».

Egiari Zorrek Tolosan egindako ekitaldia, Lopetegiren oroimenez
Egiari Zorrek Tolosan egindako ekitaldia, Lopetegiren oroimenez

 

Datuak argitara

Egungo espetxe sistemak oinarrizko giza eskubideak ez dituela defendatzen esan du Garaialdek, eta datuak ekarri ditu mahaigainera.

Azken 40 urteetan, 36 euskal preso politiko eta 16 senidek galdu dute bizitza, sistematikoki hartu diren salbuespenezko neurriek eragind. Beste bi pertsonek beren buruaz beste egin zuten kartzeleratzea saihestu nahian. Garaialdek erantzuleei ardura hartzeko eskatu die: «Heriotza hauek ekidin zitezkeen, giza eskubideak mendekuaren zigor erantsiaren gainetik jarri izan balira».

2011etik gaur arte, 13 preso hil dira. Eta ekitaldian azpimarratu dute guztiek badutela zerbait komunean, heriotza guztietan salbuespenezko neurri politikoak erabakigarriak izan direla.

Gertatutakoak gobernuek hartutako erabakien emaitza dirala adierazi du fundazioko eledunak, eta dagokienei erantzukizuna hartzeko eskatu diete: «Aitortu behar dute euskal presoei espetxe politika ankerra ezarri zitzaiela arrazoi politikoak zirela medio». Giza eskubideen urraketa larriak aitortzeaz gain, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak galdegin dituzte.


«Azken 40 urteetan, 36 euskal preso politiko eta 16 senidek galdu dute bizitza»


Lopetegiren ibilbidea

Lopetegiren bizitzaren nondik norakoak ere gogoratu dituzte, izan beharko lukeena baino bizitza laburragoa izan bazuen ere. Tolosako Urkizu auzoko Saretxe baserrian jaio zen Lopetegi, eta 14 urterekin jada lanean hasia zen Emua enpresan, bertan egin zuen bat LAB sindikatuarekin.

1979ko ekainean Tolosa atzean utzi behar izan zuen. Bi urte beranduago, Gasteizko La Florida parkean Jose Manuen Arizti eta beste bi kiderekin zegoela 33 poliziek inguratu zieten. Arizti momentuan hil zuten tiroz, eta Lopetegi balaz zauritu zuten ihesean hasi orduko. Atxilotu eta hamar egun komisaldegian igaro zituen, tortura latzak egin zizkioten. Aldakan balaren zauria izan arren, ez zuten ospitalera eraman; balaren zauria baliatu zuten torturarako.

Espetxeko urteen zati handiena isolamenduan pasa zuen. Presioak iraunkorrak zirela gogoratu zuten, Guardia Zibila kartzela barruan egoten zela, eta Lopetegik zein bere kideek egunero pairatzen zituztela miaketa integralak, probokazioak eta kontrol handia.

Euskal Herritik ehundaka kilometrora dauden espetxeak zapaldu zituen Lopetegik. Carabanchel, Soria, Alcahala de Henares, eta Herrera de la Mancha. Espetxean zituzten bizi baldintza gogorrak salatzeko gose grebak ere egin zituen. Eta azkenerako, 1988ko martxoaren 2an, bere ziegan urkaturik agertu zen.