Bilbao Basket ezinean ibili da, eta Baskoniak saskiratze hirukoitzei esker irabazi du
Bizkaiako taldea urruti ibili da aldaba jotzetik Real Madrilen aurkako partidan (86-65). Neurketako lehen 25 minutuetan aurpegia eman badu ere, azkenerako ezin izan dio lehiakortasunari eutsi. Gasteizeko taldeak erakustaldia eman du saskiratze hirukoitzetan, eta hala Betis mendean hartu du (71-83).
REAL MADRIL 86 – BILBAO BASKET 65
Surne Bilbao Basket urruti ibili da gaur aldaba jotzetik Real Madrilen aurkako partidan. Neurketako lehen 25 minutuetan ACB Ligako liderraren aurka aurpegia eman badu ere, (42-35) bukaerarako ezin izan du lehiatu Madrileko taldearen kontra (86-65).
Bizkaiako taldeak defentsan sendo ekin dio lehiari, eta horrek ahalbidetu dio lehen zatian jokoaren agintea izatea. Bigarrenean, ordea, Chus Mateoren jokalariek zenbait aspektu findu dituzte, eta Bilbao Basketek ezin izan du Real Madril ahaltsua mendean hartu.
Gainera, bizkaitarrek zenbait jokalari garrantzitsu gabe jokatzen ari dira: Denzel Anderssonek ezin izan du jokatu partida, Adam Smith gaixo egon da neurketa baino pare bat egun lehenago, eta Ludde Hakanson oraindik oso urrun dago bere bertsiorik onena emateko. Horrela, zaila da Real Madrilen aurka lehiakorra izatea.
Real Madrilek gogor estutu du, 11-0ko partzial batekin
Jaume Ponsarnauren jokalariak saiatu dira Madrileko taldea estutzen, baina zazpi hiruko saskiratze eginda eta soilik bat sartuta, nekez irabazi diezaiokezu Liga Endesako liderrari. Are gehiago, Hakanson eta Smith bezalako jokalariak beren bertsiorik onenetik urrun daudenean –zortzi puntu eskuratu dituzte bien artean–.
Hala eta guztiz ere, lehen hamar minutuak onak egin dituzte, 2-8 aurrea hartuta markagailuan. Real Madrilek, baina, azkar erreakzionatzea lortu du, eta pixkanaka-pixkanaka partidari buelta eman dio, atsedenaldia baino lehen gogor estutuz 11-0ko partzial batekin (38-28).
Bigarren zatian Bilbao Basket ahalegindu da partidan bete-betean egoten, eta lehiakorra izaten, eta hala lortu du zazpi puntuko aldeari eustea pare bat aldiz (40-33 eta 42-35). Baina hori alferrikakoa izan da, erasoan sendotasunik gabe.
Hortik aurrera, Madrileko taldea aldea handitzen joan da markagailuan, eta partida amaitzeko hamar minuturen faltan, neurketa erabakita geratu da (64-41).
Datorren asteartean berriro hutsetik hasi beharko du Bilbao Basketek Darussafaka taldearen aurka jokatuko baitu Europan.
FITXA TEKNIKOA:
Real Madril: Williams-Goss (3), Causeur (16), Hezonja (8), Poirier (4) y Cornelie (7) -cinco inicial-, Rudy Fernández (0), Abalde (14), Hanga (6), Sergio Rodríguez (8), Deck (6), Ndiaye (14) y Musa (0).
Bilbao Basket: Reyes (10), Alonso (8), Hakanson (4), Sulejmanovic (9) y Kyser (10) -cinco inicial-, Smith (4), Radicevic (5), Ubal (5), Rabaseda (0), Rosa (3) y Tsalmpouris (7).
Epaileak: Martín Caballero, Francisco Araña y David Sánchez.
Partzialak: 11-15, 27-13 (atsedenaldia); 26-13, 22-24
BETIS 71 – BASKONIA 83
Saski Baskoniak erakustaldia eman du saskiratze hirukoitzetan, 32 jaurtiketetatik 15 sartu baitituzte era horretara (% 46,8), eta hala Betis mendean hartzea lortu du. Joan Peñarroya entrenatzaileak txandakatze ugari egin ditu, astean zehar Europako partida jokatu baizuten AS Monacoren aurka.
Neurketako lehen hamar minutuetan saskiratze hirukoitzengatik eutsi diote markagailuari Gasteizeko jokalariek, 11 aldiz saiatu baitira kanpotik jaurtitzen, horietatik bost sartuta (26-23).
Bigarren aldiko lehen minutuetan 2-11ko partzial batekin buelta eman dio markagailuari Baskoniak, Howardek sartutako saskiratze hirukoitzarekin eta tiro gehigarri batekin. Etxekoek erasoan ez dira fin ibili, eta sufritu egin dute arerioak markagailuan ihes ez egiteko (40-49).
Hirugarren aldian Betiseko jokalariek defentsako jokoa hobetu dute nabarmen, eta horrek ahalbidetu die bizirik ailegatzea partidako azken hamar minutuetara.
Baskoniak, baina, berehala utzi ditu ezerezean etxekoen saiakerak, Matt Costello hegaleko jokalariak bi saskiratze hirukoitz segidan kateatu baititu, eta hala, hamar puntu baino gehiagoko errenta eskuratu dute bisitariek. Hortik aurrera, Gasteizeko taldearen garaipena ez da inongo momentuan kolokan egon.
FITXA TEKNIKOA:
Betis: Cvetkovic (7), Gray (10), Bertans (3), Tyson Pérez (20), Gerun (6) -hasierako boskotea-, Montero (14), Pozas (5), Maronka (3), Pasecniks (3), Báez (-) y Almazán (-).
Baskonia: Kurucs (8), Heidegger (5), Marinkovic (11), Díez (6), Enoch (10) -hasierako boskotea-, Costello (10), Geidraitis (8), Kotsar (8), Howard (10), Thompson (3) y Raieste (4).
Epaileak: Benjamín Jiménez, Javier Torres y Raúl Zamorano
Partzialak: 26-23, 14-26 (atsedenaldia) 18-14, 13-20.