INFO

Osasun arreta euskaraz eskatzeko deia egin die UEMAk herritarrei

Osakidetzak osasun arreta euskaraz eskatzeko kanpaina abiatu zuen otsaila amaieran, UEMAK dei egin die herritarrei euskarazko arreta hautatzeko. Helburua Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentalean euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea da.

Osakidetzako langileen elkarretaratzea euskarazko zerbitzuen alde (Jagoba Manterola | FOKU)

Osasun arreta ere euskaraz eskatzeko deia egin die UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak herritarrei, osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraztera animatuz Osakidetzak otsailaren amaieran abiarazi zuen kanpaina dela eta.

Abiatutako kanpainaren arabera, herritarrek hautatzen duten hizkuntzan izango dute harremana Osakidetzako profesionalekin, eta hautatzen duten hizkuntzan jasoko dituzte gutunak, oharrak eta antzeko jakinarazpenak. Orain arte, Osakidetzako erabiltzaileen %77 inguruk adierazi du zein hizkuntzan jaso nahi duen osasun arreta, eta horietatik %19k adierazi du euskaraz jaso nahi duela.

UEMAk jakinarazi duenez, mankomunitateko kide diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, euskarazko arreta eskatu duten herritarren kopurua hiru aldiz handiagoa da: %60,3. Dena dela, bost herritarretik batek ez du Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik, eta batez ere horiei dei egin die UEMAk, kanpainarekin bat egin dezaten eta osasun arreta ere euskaraz eska dezaten.

Lakuako gobernuaren hitzetan, Osakidetzak abiatutako kanpainarekin, «asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea» da helburua, batez ere Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentalean.

«Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea eskubidea da»
Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aukeratzen duten herritarren kasuan, asistentzia aplikazioetako paziente erregistroan zein bestelako identifikazio elementuetan, 'e' letra duen ikur urdina agertuko da, Osakidetzarekiko harremanean euskara erabiltzea hautatu dela adieraziz.

UEMAren arabera, herri erakundeek «eredugarri» izan behar dute euskararen biziberritze prozesuan. «Horregatik egiten du lan udalen euskalduntzean, beste administrazioek udaletan dituzten zerbitzuen euskalduntzean, eta udalerrietan euskaraz bizitzeko dauden oztopoak gainditzen, herritarren ahalduntzearekin batera», adierazi du.

Hori dela eta, UEMArentzat «abiapuntua argia» da: «Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea da eta, beraz, erakunde publikoen betebeharra. Horretarako, ahalik eta herritar gehienek osasun arretan ere euskara hautatzea beharrezkoa da oraindik, administrazioa euskalduntzeko lanean urratsak egiten segi dezagun, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu arte».