INFO

Nazioarteko gonbidatuak konponbide subiranista pentsatzen jarriko ditu Gure Eskuk apirilean

Irlanda, Eskozia, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko gonbidatuak izango dira apirilaren 22an Ficoban egingo diren mahai-inguruetan. Egun horretan, ‘Itsasargia’ dinamikaren ondorioak aurkeztuko ditu Gure Eskuk.

Apirilaren 22an egingo duen ekitaldia aurkeztu dute Gure Eskuko ordezkariek astelehen honetan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gure Eskuk nazioarteko konferentzia bat antolatu du apirilaren 22an Irungo Ficoban; batetik, plataforma herritarraren 10. urteurrena ospatzeko eta, bestetik, azaroan abiatu zuen ‘Itsasargia’ izeneko eztabaida zikloari bukaera eman eta dinamika horren ondorioak publiko egiteko. Ekitaldian parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

Eztabaida prozesuaren ondorioak martxoaren 25ean bozkatuko dituzte bazkideek, Bilboko Bizkaia Aretoan egingo duten ezohiko batzar batean, eta apirilaren 22ko ekitaldian emango dute erabakitakoaren berri, eguerdian egingo duten adierazpen politiko batekin.

Horrekin batera, bi mahai-inguru egongo dira, bata 10.00etan eta bestea 12.30ean. Gure Eskuk astelehen honetan jakinarazi duenez, ‘Lurralde gatazken konponbidea Europako eremuan’ izendatu dute lehena, eta ‘Herritarron aktibazioa Europako olatu subiranista berrian’ bigarrena, eta Irlanda, Eskozia, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko «puntako gonbidatuek» parte hartuko dutela iragarri dute.

Konferentzian izena eman nahi duten herritarrek esteka honetan egin dezakete.

Apirilaren 22a baino lehen

Ficobako zita baino lehen beste bi parada egingo ditu mugimendu herritarraren ildo estrategikoak finkatzea helburu dituen ‘Itsasargia’ eztabaidak. Batetik, Andre Fazi irakasleak ‘Korsikako prozesu subiranista’ izango du mintzagai martxoaren 22an, 19.00etan Gasteizko Europa Jauregian; eta ‘Erronka globalei, herri erantzunak’ emateko ideiak plazaratuko dituzte Miren Azkarate (Sabino Arana Fundazioa), Urko Aiartza (Telesforo Monzon eLab), Xabi Anza (Manu Robles Arangiz Fundazioa) eta Irati Elizaldek (Gure Esku) martxoaren 31n, 18.30ean Errenteriako Niessen aretoan, Pilar Kaltzadak gidatuta.