101 udal izatera helduko da UEMA Arruazu, Arrankudiaga, Doneztebe eta Etxebarriarekin
101 udal izatera helduko da UEMA datorren martxoaren 25ean Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehituta. Azpeitian egingo duten ekitaldi batean udalen ekarpena, euskararen arnasguneen garrantzia azpimarratu eta erronka berrien berri emango dute.
‘100 udal eta hamaika gehiago’ izeneko ekitaldiarekin ospatuko du UEMAk Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria erantsiko zaizkiola datorren martxoaren 25ean Azpeitian. Bide batez, «udalerri euskaldunen garrantza eta oztopoen gainetik euskarari eusteko egin duen bidea» oroituko dute.
Lau udal berrietako alkateek agerraldia egin dute astearte honetan Arruazun, UEMAro lehendakari Iraitz Lazkanorekin batera, honen berri emateko.
Lazkanok azaldu duenez, hiru helburu ditu martxoaren 25eko ekitaldiak. Batetik, «101 udal horek euskaratik eta euskaraz herri honi egiten dioten ekarpena aitortzea eta eskertzea», bestetik, udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek duten garrantzia nabarmentzea, eta, azkenik, udalerrietan dituzten erronka berrien berri ematea.
«Sortu zenetik, asko aldatu da UEMA. Gaur egun, UEMAn daude euskararen arnasguneak, baina badakigu UEMAko kide diren udal guztiak ere ez direla euskararen arnasguneak. Udalerri euskaldun horiek ere, ordea, giltzarriak dira euskararen etorkizunerako», zehaztu du Iraitz Lazkanok.
Musika, dantza eta bertso emanaldiak
Azpeitiko ekitaldira bertaratzera dei egin dute, gainera. Soreasu antzokian egingo da 11.00etan eta Ilaski Serrano eta Antton Telleria izango dira aurkezleak. Halaber, Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariek emanaldiak eskainiko dituzte, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariekin eta Jon Maia bertsolari eta musikariarekin, besteak beste.
Euskal Herriko erakunde publiko nagusien zein euskalgintzaren ordezkariek ere hartuko dute hitza eta UEMAko kide diren 100 udaletako alkateak eta zinegotziak gonbidatu dira ekitaldia. Azken hauek parte hartuko dute, hain zuzen, ekitaldia hasi aurretik izango den ezohiko batzar nagusian. Bertan, UEMAko kide diren udaletako alkateek eta ordezkariek herri berrien eskaerak onartuko dituzte.
Azpeitiko Soreasu Antzokiak 540 ikuslerentzako lekua du, eta aretoa bete daitekeela aurreikusita, ekitaldira joateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, nahikoa da labur.eus/uema100 helbidera sartzea eta izena ematea.