INFO

‘Larhun-E’ mendia zaintzeko mugaz gaindiko lankidetza proiektua aurkeztu dute

Larhun mugaren eta Euskal Herriaren sinboloa da, Sara, Urruña, Azkaine eta Beraren magala. Lau udalek, Pirinio Atlantikoek, Nafarroako Gobernuak, Euskal Elkargoak eta Nasuvinsak ‘Larhun-E’ aurkeztu dute. «Elkarrekin, ensemble, encuentro» adierazten du E hizkiak. «Anbizio handiko» egitasmoa da.

‘Larhun-E’ proiektua aurkeztu dute Berako Udaletxean.‘ (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

‘Larhun-E’ mugaz gaindiko lankidetza proiektua aurkeztu dute astearte honetan Beran. Jendetsua izan da ekitaldia, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez eman dituzte azalpenak, eta erakunde ugari bildu dira, egitasmoa izanen denaren erakusgarri. Bera, Sara, Azkaine eta Urruñako auzapezak eta zinegotziak, Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidentea, Nafarroako lehendakariordea, Euskal Hirigune Elkargoko kontseilari ordezkaria eta Nasuvinsako kideak batu dira, Poctefa Europako programaren baitan egiten hasi diren lankidetzaren berri emateko.

Denak bat datoz «anbizio handiko» proiektu bat egiteko nahian, gardena eta publikoa. Hortik hasieratik beretik jendeari azaltzeko hautua. Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako lehendakariak esplikatu duenez, Larhungo trena konpontzeko obrak ongi doaz eta ekainerako martxan izatea espero dute. Aurkeztutako egitasmoak trena du abiapuntu, baina mendi osoaz eginen dute gogoeta, eta dena zaindu, tontorretik hasita.

Lehendabiziko fasean daude, ikerketan eta diagnostikoan. Lehen kalkuluen arabera, proiektu orokorra 2,6 milioi eurokoa da.

Aitor Elexpuru Berako alkateak aipatu duenez, bisitari aunitz hartzen ditu mendiak, urtero 300.000 lagun, egunero mila batez beste. Gehienak trenez goititzen dira eta kontuan hartu behar da neguan ez dagoela trenik. Erran duenez, iristen direnek sarri ez dute jakiten zer egin eta arazoak sortzen dira adibidez harriak pilatzen hasten direlako. ‘Larhun-E’ proiektuak ekarriko duena irudikatzeko ariketa eginez, bisitarientzat ibilbide zirkularrak eta eskaintza bat izanen direla agertu du.

«Orain arte ostatuak, tabakoa, alkohola eskaini dira, baina hori ere aldatzen ari da eta bada kultur eskaintza, artearekin lotua». Ondare materiala eta ez materiala kontsumitzeko modu jasangarriak pentsatuko dituzte. «Badira artzainen bordak, moldatu nahi ditugunak». Zerbitzuak hobetuko dituzte, argiteria eta ura adibidez, eta zaborren kudeaketa ere bai. Bisitariak ez ezik, hagitz kontuan izanen dituzte mendi honetan artaldeak dituzten artzainak eta bentetako langileak ere, eta guztiek nabarituko dute aldaketa.

Ez du zerikusirik aurreko proiektu polemikoarekin

Ez da falta izan ‘Larhun 2020’ proiektuaren inguruko galderarik, hautsak harrotu baitzituen bertzeak bertze planteatutako pasarela erraldoi hark. Lasserrek eta Elexpuruk, biek baieztatu dute ez dela egitasmo hartaz deus ere gelditzen. «Orain arte ez da egin gogoeta kolektiborik gure erakundeetan», adierazi du lehenak. Eta ez dutela bisitari kopurua handitu nahi argitu du, jada aunitz direlako. «Galdera da ea zer egin dezakegun hobeki, ez zer egin dezakegun gehiago».

«Elkarlana eta gardentasuna» nabarmendu ditu Berako alkateak, eta «berritik hasi» direla ziurtatu du. «Gu pasarela erraldoi harekin ez ginen ados, eta erne egonen gara jende kopurua ez gehitzeko, jada masifikazio puntua badelako. Beran Ibardin ere badugu, gainera. Ideia ordenatzea da».

Erraterako, lehen ez zegoen ordezko lokomotorarik, ezta komun publikorik ere. Elkarrekin bizi dira mendi honetan artzainak, bisitariak, bentetako langileak, eta batzuetan ez da erraza ongi moldatzea, turistek ez dakitelako zer egin dezaketen eta zer ez. Behar horiei erantzutea erabaki dute, Larhun babestu behar delako.

Natura 2000 eremua

Kontuan hartu behar da Larhun Natura 2000 eremu gisa izendatua dagoela, eta mendigune osoa hala babestea nahi dute. Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen du Larhun-Xoldokogaina eremua eta bertako kontseilari ordezkariak, Joseba Erremundeguyk, azaldu duenez, bisitariek errespetuz joka dezaten bilatuko dute, bertzeren artean Natura 2000 kartari oihartzun handiagoa emanez.

Batez ere uraren, ingurumenaren eta artzaintzaren kudeaketan parte hartuko du Elkargoak, ibilaldi xendretan ere bai. «Proiektu handia eta iraunkorra izatea espero dugu. Lehen pauso gisa hartzen dugu, Larhunen inguruan kudeaketa egituratuago bat izan dezagun».

Jose Maria Aierdi Nafarroako lehendakariordearentzat «gobernantza eredu berria» da garrantzitsuena, mugaz gaindiko lankidetza, «behetik gora, tokiko eragileen partaidetzarekin» eginen dena. Oroitu duenez, bentak interes pribatu batetik jaio ziren, eta orain ezarri nahi dena da zer erabilera diren posible, zein ez, eta nola egin behar diren gauzak. Hori dena tresna ezberdinak dituzten instituzioen artean, herritarrekin komunikatuz, politika koherente bat aplikatzeko.

2021ean izan ziren suteen alde ona eragileek elkar ezagutzea izan zen Elexpururen hitzetan. Etxalar eta Baztanek ere parte hartzen dute suteen kudeaketan. «Gu ez gaude Natura 2000n baina ditugun tresnekin pareko babesa ematea da gure helburua», erran du Berako alkateak.