INFO

Su Ta Gar taldeak musikatu du aurtengo Herri Urrats, ‘Urratsak zubi’ kantarekin

‘Urratsak zubi’ izango da aurtengo Herri Urrats festaren kanta, Su Ta Gar taldearena eta Inge Arinen bideoklip batekin. Antolatzaileen ustez, «historiara pasako den abesti bat» da.


2023ko Ipar Euskal Herriko ikastolen festaren abestia Su Ta Gar taldeak egin du, ‘Urratsak zubi’ izenekoa. Honen bideoklipa Inge Arinek egin du, astearte honetan Baionako Züzülü tabernan egindako aurkezpenean azaldu dutenez.

Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida Su Ta Garreko taldekideekin batera, Inge Arin bideokliparen egilea eta Koldo Rodriguez Akarregi Herri Urratseko Koordinatzailea ere aurkezpenean izan dira.

Gainera, egitarau osoa oraindik ezagutzen ez den arren, Su Ta Gar eszenan izango dela iragarri dute Seaskako antolatzaileek.

Kazeta.eus hedabideak jakinarazi duenez, Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzailearen ustez «historiara pasako den abesti bat da». «Esanahi berezi bat du Su Ta Garrek, ‘Urratsak Zubi’ dugu lema eta huste dugu zubi generazionala eraiki duela», gaineratu du Rodriguezek.

Inge Arin bideoklip egileak collage teknika hutatu duela azaldu du. Izan ere, hastapenetik jakin zuen ez zituela musikariak soilik musika jotzen erakutsi nahi.

«Lasai asko pasa zitekeen gure ibilbidean hau ez gertatzea», adierazi du Xabi Bastidak. Aldarrikapenekin eta ideologikoki «identifikatuak» sentitu zirenez, erantzuna ematea erraza izan zela gaineratu du.

Aitor Gorosabel abeslariak onartu du «ohore bat» bezala bizi duela Herri Urratsen abestia egitearen eskaera. Hego Euskal Herrian euskaraz bizitzea zaila bada, Ipar Euskal Herrian are zailagoa dela deitoratu du.

Gainera, «mundu guztiarentzat egokia den kantu bat» sortu nahi izan dutela azaldu du Gorosabelek. «Euskarak nire bizitzan zer suposatu duen begiratuz, euskara mundua ikusteko era desberdin bat delako», esan du.