INFO

Monika Madinabeitia da Etxepareko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari berria

Etxepare Euskal Institutuak Monika Madinabeitia eskoriatzarra izendatu du Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaritzako arduradun. Euskararen nazioarteko proiekzioa bultzatzea eta ikerkerta eta ikasketa sustatzea izango ditu helburu.

Monika Madinabeitia, Etxepareko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaritzako arduradun berria. (ETXEPARE)

Etxepare Euskal Institutuak Monika Madinabeitia izendatu du Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaritzaren arduradun. Madinabeitiak 2017ko martxotik kargua bete duen Garbiñe Iztuetari hartuko dio lekukoa. Bere funtzioak euskararen nazioarteko proiekzioa bultzatzea; atzerriko unibertsitateetan euskararen presentzia, ikerketa eta ikasketa sustatzea; eta euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasleen prestakuntza bultzatzea izango dira, besteak beste.

Etxeparetik azaldu dutenez, Campo & Ochandiano giza baliabide enpresak egindako hautaketa prozesuaren ondoren, Institutuaren Zuzendaritza Batzordeak Monika Madinabeitiaren kontratazioa baieztatu zuen urtarrilaren 19an. Aste honetan bertan hasi da bere zeregin berrietan.

Monika Madinabeitia (Eskoriatza, 1971), Ingeles Filologian lizentziatua da (1994) eta Ipar Amerikako Mendebaldeko literaturan doktorea (2006), Euskal Herriko Unibertsitatean.

2005 urtetik Mondragon Unibertsitatean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean aritu da irakasle eta ikerlari. Identitateak, kultura, migrazioa eta euskal diasporak ditu ikergai. 2018an, ‘Petra, My Basque Grandmother’ liburu ilustratua argitaratu zuen, Nevada-Reno Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren eskutik (AEB).

Etxepare Euskal Institutuko hainbat egitasmo eta ekimenetan parte hartu du azken urteotan. Tartean, 2021ean Boiseko Estatu-Unibertsitateak (AEB) eta Etxepare Euskal Institutuak elkarlanean sortutako euskara eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzeko Eloise Garmendia Katedran irakasle gonbidatua izan zen.