Lasok maisuki zigortu du Elordiren egun txarra eta Baikokoak finaletik oso gertu dira
Lasok eta Ander Imazek 22-19 menderatu dituzte Labriten Elordi eta Zabaleta. Aurrelari nafarrak bikain jokatu duen bitartean, bizkaitarrak ez du bere eguna izan. Bihar Eibarren Altunak eta Tolosak irabazten badute, finalean izango dira aurten ere Baikokoak.
Unai Laso eta Ander Imaz Binakako Txapelketaren finaletik oso gertu daude, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta 22-19 menderatu ostean. Zabaletak maila bikainean jokatu duen arren, Elordik ez du bere eguna izan, eta hori maisuki baliatu du Unai Lasok neurketa bere alde erabakitzeko. Bihar Eibarren Altunak eta Tolosak irabazten badute, finalean izango dira aurten ere Baikokoak.
Egun handietako giroa sumatzen zen Labriten, harmailak leporaino beteta eta kantxan lau protagonistak oso serio. Aitor Elordik ezin hobeto erantzun du orain arte txapelketan, baina gaur hasieratik okertu zaio eguna. Ausart jokatzen hasi da, baina lehen tantoetan egin dituen hutsek erabat atera dute neurketatik eta horrelakoetan oso zaila izaten da norbere onera itzultzea.
Lasok gantxo bikain batekin ireki du partida, baina gorrien ondorengo hiru tantoak Elordiren opariak izan dira. Konturatzerako markagailuak 5-1ekoa erakusten zuen eta hortik aurrera Elordik erabat lotuta jokatu du, konfiantzarik gabe.
Hala ere, markagailuan ez dute ihes egin Baikokoek. Jose Javier Zabaletak maila ederrean jokatu du gaur ere eta berak eutsi du bikotea une askotan. Imazek norgehiagoka guztian galdu dituen bizpahiru pilota bakarrak lehen tarte horretan iritsi dira, eta Etxarrengo atzelariak bi tanto segidan egin ditu atzean neurketa 7-7 berdintzeko.
Lasoren erakustaldia
Labriteko giroarekin batera berotzen joan da Laso ere, eta partidaren erdialdean berak ireki du berriz ere markagailuan zuloa. Mota guztietako tantoak eginez –9-7koa txokoan, 10-7koa errebotean, 11-8koa sekulako horma-bikoa jota...–, tarteak handitzen joan dira gorriak, handiena 15-10ekoan lortuz. Ordurako urdinek atseden bat eskatua zuten aurkarien erritmoa moztu nahian, baina arrakasta handirik gabe.
Kostata izan den arren, lortu dute urdinek berriz ere emaitza parekatzea. Nabarmena izan da Elordik pauso bat atzera ematea erabaki duela, serio jokatu eta oparirik ez egiteko gutxienez. Beraien jokamoldera hobeto egokitu den pilota bat ere kantxaratu dute, eta Zabaletaren aginteari apurka-apurka zukua ateraz hurbiltzen joan dira.
Elordiren egindako lehen tantoa 15-11koan iritsi da –ihes egindako pilotakada batean–, ondoren beste pare bat egin ditu txokoan, eta Zabaletak egurrean jarraitu du Imaz atzean zigortuz. Lasok kanpora bidalitako erremate batekin 19-19ra iritsi da dema.
Baina beti errepikatzen dugu: izar handiak une zailenetan agertzen dira. Unai Lasok erresto sinestezin batekin bideratu du 20-19koa, eta 21-19koa saketik nahita jo duen horma-bikoarekin egin du. Aukeratuek soilik egin ditzaketen jokaldiak. Gehitu zabalean Elordik jaso ez duen pilotakada eta horrelaxe erabaki du aurrelari nafarrak 22-19 amaitu den partida.
«Aspaldi ez nuen egin»
«Aspaldi ez nuen egin eta horixe bururatu zait», bota du irribarre txikiarekin Lasok saketik egindako horma-bikoaz galdetuta. Jenioen gauzak. «Hasieratik oso gustora aurkitu naiz, partidan sartuta. Aurreko astean ere halaxe sentitu nintzen. Ezkerrez dena ongi atera zait, fisikoki ere ongi, eta agian beraiek apur bat urduri irten dira», adierazi du nafarrak.
«Bagenekien bikote honi irabazteko lan asko egin beharko genuela, eta halaxe izan da. Saiatu naiz Zabaletari eusten, eta Lasok oso ongi jokatu du gaur ere», aztertu du bere aldetik Ander Imazek.
Baikokoak finalean izan ziren iaz, eta aurten ere halaxe izango da bihar Eibarren Altunak eta Tolosak irabazten badute Peña eta Mariezkurrenaren kontra. Aurkakoa gertatzen bada, lau bikoteak aukerekin iritsiko dira azken jardunaldira.
FITXA
Pilotakadak: 509. Partidaren iraupena: 70 minutu eta 12 segundo. Markagailuak: 3-0, 3-1, 5-1, 5-5, 7-5, 7-7, 10-7, 10-8, 11-8, 11-9, 12-9, 12-10, 15-10, 15-14, 17-14, 17-15, 19-15, 19-19 eta 22-19. Sakez: 2 Lasok eta 1 Elordik. Jokoan egindakoak: 13 Lasok, 1 Imazek, 3 Elordik eta 8 Zabaletak. Galdutakoak: 5 Lasok, 2 Imazek, 5 Elordik eta 1 Zabaletak. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua leporaino beteta Binakako Txapelketaren finalerdietako partida ikusteko. Lehen sakea, gorri.
Promoziokoan lehen bikote finalista erabaki da: Larrazabal-Eskiroz
Promozio mailako Binakakoan lehen bikote finalista ezagutzen dugu jada, ostiral gauean Zeanurin jokatutako finalerdietako bigarren jardunaldiaren ostean. Larrazabal eta Eskiroz 16-22 gailendu ziren Zabala-Gaskueren aurka, apirilaren 1ean Labriten jokatuko den finalerako txartela ziurtatuz. Bestalde, lehen ligaxkan bikote onena izan zena, Salaberria-Oier Etxebarria, aukerarik gabe gelditu da Bakaikoa-Morgaetxebarriaren aurka 22-9 galdu ondoren. Bigarren finalista datorren ostiralean erabakiko da Larraintzarren.