INFO

Murgiltze ereduen indarguneak, eleaniztasuneko irakaskuntzan

Euskara eleaniztasunean irakasten duten bi eskolaren indarguneak identifikatu ditu Beñat Garaio soziolinguistak bere tesian. Lan saritu horren nondik norakoak azaldu ditu: Ikastetxe horietako ikasleen hizkuntzarekiko jarrerak oso onak direla eta ahozko gaitasun egokia dutela ondorioztatu du.

Beñat Garaio Mendizabal, Gasteizko Zabalgana auzoko Perretxin errekako zubian (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Sariek, jaso duenaren poza –edo ezaxola– gorabehera, haren eta saritutako lanaren berri jakiteko balio dute; esate baterako, doktore tesi bat. Beñat Garaio Mendizabalek iaz aurkeztu zuenaren kasua da, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak euskarazko doktorego tesi onenei ematen dieten Koldo Mitxelena saria irabazi berri baitu. “Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai: D ereduko Gasteizko bi eskolen indarguneak identifikatzen” du izenburua EHUko Letren Fakultateko Elebilab ikerketa taldeko kidearen ikerlanak.

Garaiok dioenez, D eredua edo euskarazko murgiltze eredua bidegurutze batean dago, «haren inguruko adierazle asko ez dira nahi eta behar liratekeenak»; hala ere, ba omen dira baikor izateko arrazoiak ere: indarguneak. Horiek identifikatzea izan da tesiaren helburua. Testuinguru erdaldunetako eskola komunitateetan jatorri soziokultural anitzeko ikasleak biltzen dituzten eskoletako lorpenak sakonago ezagutu nahi zituen, bi ikuspegitatik. Alde batetik, eskola-komunitateko hainbat kideren hizkuntza-jarrerak aztertu ziren galdetegi bidez eta, bestetik, ikasleen ahozko kontaketarako gaitasuna, ipuin kontaketa erabiliz.

Ondorio nagusi gisa, «esan liteke eskola hauek euskararen irakaskuntza bermatzen dutela, alor batzuetan zer hobetua ere identifikatu zen arren», dio.

D ereduko ikastetxe bi

Hamaika proiektutan parte hartua da Garaio. Tesi hau egin baino lehen hizkuntza lankidetzaren inguruan lan egiten zuen, nazioarteko komunitateen arteko elkarlan sareetan-eta jardun izan du eta, bestalde, Gasteizko hizkuntza aniztasunaren inguruko zenbait proiektutan. Itziar Idiazabal eta Leire Diaz de Gereñu tesiaren zuzendariek bazeukaten haren berri eta ikerketa egitea proposatu zioten. «Beraien interesa ikusita eta nire ordura arteko ibilbidea kontuan izanda, hau proiektu egokia izan zitekeela pentsatu genuen, batik bat kontuan hartuta gizarte mailan interesa pizten duen gaia dela»; beraz, pentsatu zuten interesgarria izan zitekeela ekarpen zientifikoa egitea, mahai gainean informazio gehiago jartzeko eta eztabaida horretan orientabideak emateko.

D ereduko bi ikastetxe berezi aukeratu zituen, ezaugarri jakin batzuk dituztenak. «Gasteizko bi ikastetxe publiko dira, nahiko ezagunak aniztasun handia dutelako bai ikasleen artean, bai familien artean, eta haietako batek sona dauka, aniztasun horretan lan handia egiten ari delako eskola proiektua biziberritzen auzoarekin elkarlanean», dio Garaiok.

Hizkukntza jarrerak

Hezkuntzaren, D ereduaren eta euskara biziberritzearen inguruan maiz nagusitzen diren diskurtso ezkorrak izan ziren abiapuntua. «Adierazle asko ezkorrak dira: emaitza txarrak, galeran doazen joerak… Baina egia da batzuetan komeni dela identifikatzea zer doan ondo. Batzuetan, aldaketak egin behar ditugunean edo eraldaketa prozesu bat abian jartzen denean, ez da komenigarria ondo doan hori bertan behera uztea».
 
Hezkuntza sisteman, aniztasun handiko eskola horietan arazo asko daudela jakinda –«eta hutsuneak ere bai»–, ikerlari gasteiztarraren lana izan zen zer dagoen ondo identifikatzea, bi eskola horietan «zer egiten ari diren ondo». Euskararekiko eta hizkuntza aniztasunarekiko jarreretan eta ahozko euskarazko gaitasunean jarri zuen arreta. Alde batetik horiek zirelako bere ikerketa taldearen lan esparruak, baina baita euskararen biziberritzeari eragiten dioten bi aldagai direlako.

Zerbait aldatu behar dela pentsatzera bultzatzen duten adierazle batzuk daudela onartuta, ezkor egoteko modukoak baitira, dauden alde onak edo indarguneak identifikatzeari ekin zion, beraz. «Hizkuntza jarreren kasuan, eta betiere kontuan hartuta testuinguru ez euskalduneko bi eskola direla, beraien egunerokoan euskara gutxi hitz egiten dutela eta baliabide aldetik urri dauden bi eskola direla, ikusi dugu hizkuntza guztiekiko jarrerak oso onak direla; bai euskararekikoa, bai gaztelania, ingelesa eta etxean hitz egiten duten hizkuntzarekikoa», kontuan hartuta, halaber, aztertutako ikasle gehienentzat euskara bigarren eta are hirugarren hizkuntza dela eta euren egunerokoan euskara erabiltzeko denbora eta eremuak oso urriak direla. Sumatu da, gainera, bi eskola komunitateotan badagoela talde handi bat euskararen biziberritzearen alde eta hizkuntza aniztasunaren alde dagoena.

Ahozko gaitasuna

Ahozko gaitasunari dagokionez, «berriro ere kontuan hartuta haur horiek oso gutxi hitz egiten dutela euskaraz, ikusi dut eskatu nien zeregin komunikatiboa egiteko gai zirela. Ipuin bat kontatzeko eskatu nien eta aztertutako ikasle guztiek lortu zuten hasieratik bukaerara ipuina modu egokian egitea, baliabide egokiekin eta ipuinaren ezaugarri tipikoekin egitea», azaldu du Garaiok. Sarritan, haur horiek euskaraz ikasten ote duten kezka egoten da, edo beraien euskara gaitasuna ez dela behar bezainbestekoa, baina aztertutako kasuan ikusi zuen euskaraz hitz egiteko gaitasun egokia garatzen dutela. Ikasle horiek ahozko gaitasuna dute, beraz: «Ia-ia ezagutzen ez duten ipuin bat, zeren nik behin bakarrik kontatzen diet, nire erreferentziarekin, ereduarekin, eta beraien irudien laguntzarekin, gai dira jendaurrean ipuin hori arrakastaz kontatzeko».

Aniztasuna eta segregazioa

Aztertutako eskola horien ezaugarri nagusia aniztasuna da, eta hari lotuta, segregazioa ere agertu ohi da, euskararen irakaskuntzari mesederik egiten ez diona: «Egia da guztiz ulergarria dela arnasguneen garrantzia; azkenean, arnasguneak existitzen dira, edo espazio seguruak existitzen dira, zuk estres linguistikorik gabe euskaraz hitz egin dezazun, toki horretako araua euskaraz hitz egitea delako. Hori da txanponaren alde bat, eta txanponaren beste aldea da atzerritar jatorriko ikasle bat eskola batera sartzen denean haren ikaskideek ez badute etxean euskaraz egiten, azkenean eskola testuinguru horretan inork ez du euskaraz hitz egingo, beraien arteko zubi hizkuntza ez da euskara izango. Zubi hizkuntza euskara ez bada, beraien erabilera lehenetsiko hizkuntza ez bada, euskararen erabilera eta euskara gaitasuna oso urriak izango dira eta orduan beraien eskolatzea, nahiz eta euskaraz egingo duten, gaitasuna garatzeko eta atxikimendua lortzeko zailtasun gehiago izango dituzte, zeren euskara ez da izango beraien eguneroko hizkuntza, baizik eta eskolan noizean behin topatzen duten zerbait».

Integrazio aldetik ere, espazio desberdinak sortzen direla dio. Etxean euskaraz egiten dutenak edo jatorri euskal herritarra dutenak ez direla elkarreraginean arituko atzerritar jatorrikoekin; «orduan, hor ere badago beste galera bat kohesio eta elkarbizitza aldetik, eta hori ere bada garrantzitsua euskararentzat, Gasteizentzat eta Euskal Herriarentzat».

D eredua eta besteak

D ereduak euskalduntzen duela dio Garaiok: «Datu batzuek esaten dute euskarazko gaitasuna beherantz doala, baina hori da zentzu batean D eredua asko eraldatu delako. D ereduak gero eta ikasle gehiago jasotzen ditu, gero eta tipologia askotarikoagoak, eta gaurko D ereduak funtzionatzen du duela urte batzuetako planteamendu teoriko-metodologikoarekin; orduan, baldintza hauetan zaila da belaunaldi guztiak edo ikasle guztiak euskalduntzea; horregatik, oso garrantzitsua da hezkuntza sistema eta D eredua gaurkotzea eta, noski, euskararen erabileraren eta gaitasunaren indartzea lehenestea eleaniztasun testuinguru honetan».

Eta D ereduak gaurkotzea behar baldin badu, beste ereduek… «Beste ereduetan euskarazko gaitasuna ez da bermatzen inondik inora ere. Jarrera aldetik, erabilera aldetik ez dute funtziorik betetzen euskararen biziberritzerako eta gizarte integraziorako. Orduan, niretzat zaila da justifikatzea A eta B ereduen existentzia gaur egungo gizarte honetan, ez bada gatazka politiko bati nolabait babesa edo kontentzio bat jartzeko arrazoiarekin».

Baikor izateko adierazleak nabarmendu ditu, beraz, ikertzaileak: «Beti etortzen dira arazoak, ahuleziak, erronkak, eta horiei ez diet bizkarrik eman nahi izan, inondik inora ere, baina tesi honetan ikusi da, nahiz eta baliabide aldetik urri egon, nahiz eta prestigio gutxiagoko eskolak izan daitezkeen, nahiz eta euskararen erabilerarako ez den testuingururik aproposena, emaitza onak lortzen direla. Eta eskola horietan mota guztietako baldintza hobeak egongo balira, emaitzak seguruenik askoz hobeak izango lirateke Horrek esan nahi du potentzial handia dagoela oraindik D eredua indartzen jarraitzeko».
 
Tesia bukatu zuenean bi eskola horietako irakasleekin eta gurasoekin egin zuen aurkezpena ekarri du hizpidera. Irakasleek esaten omen zuten: «Benetan datu horiek gure eskolakoak dira? Ezin dut sinetsi gure eskola honetan datu horiek lortzen direla». Eta bai, datu horiek eurek lortzen dituztela dio ikertzaile gasteiztarrak, «denen artean, gurasoen, zuzendaritzaren, irakasleen, auzoko komunitatearen artean lortzen dutena da. Beraz, tesi honek balio dezake beraien lanari eskertza, aipamena edo gorazarrea egiteko ere. Izugarrizko lana egiten ari dira, nahiz eta agian testuingurua aproposena ez izan».