Gipuzkoa Basketek LEB Ligan gorantz begira jarraitzen du Azpeitian Iraurgiri irabazita (77-89)
Hasieratik talde donostiarra nagusi izan da jokoan eta markagailuan, baina atsedenalditik bueltan etxeko taldeak markagailua asko estutu du. Jaworski eta Ander Martinezen hirukoek eta Xabi Orozek jokoari eman dion kontrolak bideratu du gipuzkoarren arteko derbia Donostiara.
JUARISTI ISB 77 - GIPUZKOA BASKET 89
Iaz azken orduan lortu zuen Juaristik Urrezko LEB mailan mantentzea, baina aurten are eta lan txarragoak ditu. Gipuzkoa Basketek, berriz, iaz ez bezala badirudi aurten ACB Ligara igotzeko play-offetan sartzeko aukerak badituela. Azken emaitzak dioena baino ondotxo gehiago sufritu arren, donostiarrek sendotu egin dute beren burua sailkapeneko zortzigarren postuan.
Jakina denez, Urrezko LEB Ligako Fase Erregularreko irabazlea zuzenean igotzen da ACB Ligara eta bigarren postutik bederatzigarrenera sailkatzen direnek, berriz, play-offak jokatzen dituzte. Hala, uneotan Morabanc Andorra dago lidertzan 25 jardunaldiren ostean 22 garapen pilatu eta gero. Gipuzkoa Basket, berriz, zortzigarrena da, 15 garaipenekin, zazpigarrena den San Pablo Burgosekin eta bederatzigarren doan Alacantekin berdinduta. Baina garrantzitsuago dena, play-offetatik at geratzen den aurreneko taldea, hamargarren doan Cantabria, donostiarrengandik hiru garaipenetara dago.
Irargu, berriz, azkena da Melilla eta Albaceterekin berdinduta eta Almansa zein Oviedorengandik bi garaipenera. Oraindik bederatzi jardunaldi falta dira Urrezko LEB Ligako Fase Erregularra amaitzeko, baina helburuak batzuek zein besteak izan, denek ere larritzeko arrazoiak badituzte eta garaipen bakoitza da garrantzitsua, eta mingarria porrot oro.
Azpetian horixe esango dute, gogotik lan egin baitute gipuzkoarren arteko derbia eramateko. Eta galtzea gutxi ez dela, Khadim Syk orkatilan min hartu du partida amaitzear zela. Gipuzkoa Basket uneoro aurretik izan da, hasierako 2-0ekoan izan ezik, baina 69-73raino hurbildu da Iraurgi partidako azken aldera, baina atzetik aurrera egiten buruturiko esfortzua eta Jaworski zein Ander Martinezen hirukoek eta uztaipean Mario Delasek egindako lanak donostiarren aldera eraman dute derbia.
Partida puskatzeko intentzioz kantxaratu da Gipuzkoa Basket. Lolo Encinasek gidatzen duen taldeak berehala hartu du hamar puntuz gorako aldea, Jaworski eta Sollazzori esker. Hala, partida 37-51 iritsi da atsedenaldira.
Alabaina, hirugarren laurdenean partidaren bila abiatu da Azpeitiko taldea. Gipuzkoa Basket 44-60 aurreratu bada ere, 19-8ko partziala sartu dio Iraurgik markagailua 63-68 jarri arte. Van Eyck, Ansorregi, Sy, Azpitarte eta Njie 10 puntuen langa gainditzeko kapaz izan dira eta une batez talde donostiarrak urduritasuna nozitu du.
Baina azken minutu horietara oso nekatuta iritsi da etxeko taldea, atzetik aurrerako ibilbide horretako lanagatik akituta. Bost minuturen faltan 71-75 hurbildu bada ere Iraurgi, Syren lesioa orduan iritsi da, aurrez Mario Delasen eta Ander Martinezen artean 0-5ko partziala erdietsi eta gero. Azkenera arte etsi gabe jokatu dute azpeitiarrek, baina gero eta errazago kontrolatu dituzte azken minutuak Lolo Encinasenek eta derbia azkenerako nahikoa eroso eraman dutela esan liteke, batez ere azken minutu horietan Xabi Oroz Gipuzkoa Basketeko jokalari azpeitiarrak partidaren erritmoa bikain eraman duelako.