Elorrioko Gazte Topagunean NAIZ Gunea izango da, hainbat zerbitzurekin eta egitarau oparoarekin
Apirilaren 6tik 8ra ospatuko da Elorrion Gazte Topagunea, eta aurten ere NAIZ Gunea egongo da, Udaletxe plazako frontoian. Bertan egitarau aparta egongo da hitzaldi, ikuskizun eta kontzertuekin. Horrez gain, egonaldia erosogoa izan dadin hainbat zerbitzu eskainiko dira.
Elorrion ospatuko da aurtengo Gazte Topagunea, apirilaren 6tik 8ra. Ernaik 10 urte bete ditu, eta Topagunea ospakizun bat izango da; hain zuzen ere, duela 21 urte ere Elorrion bertan antolatu zuten jaialdia.
Urtero bezala, zita sorpresaz beteta egongo da, eta gazteentzako ondo pasatzeko aukera paregabea izango da. Hala, NAIZ eta Gazte Topagunearen artean sinatutako elkarlan akordioari esker, aurten ere NAIZ Gunea izango da Elorrion. Udaletxe plazako frontoian kokatuko da karpa eta bertan hainbat zerbitzu eskainiko dira.
Adibidez, mugikorrak kargatzeko espazio bat egongo da, NAIZen gazte harpidetzak doan aktibatzeko aukera izango da, gosariak banatuko dira 8.00etatik 12.00etara, Boga, Otsaihen, Mitika eta Saltus garagardo bereziak dastatu ahalko dira, baita Biba Ardoak-en produktu ekologikoak ere.
Egitarau propioa
Horretaz gain, NAIZ Guneak bere egitarau propioa izango du. Ostegunean, apirilaren 6an, gorputzak pizteko zumba tailerra egingo da 14.30ean. 16.00etan berriz, borroka feministaren inguruko hitzaldia izango da Oihana Etxebarrieta, Aiora Epelde eta Maddi Isasiren eskutik, eta 18.00etan Albina Stardustek emango duen ‘Drag is everywhere’ hitzaldia.
Iluntzean, 19.30ean, Antton Telleriak, Ane Goitiak, Julen Portillok eta Iker Plazaolak bakarrizketa showa eskainiko dute. Eguneko egitaraua ixteko, Albina Stardust eta Divina Comedia emankizuna izango da.
Hurrengo egunean, ostiralean, goiz goizetik hasiko dira umorearekin. Izan ere, 9.30ean paintaila batean Wazemank maratoia eskainiko dute, gosariarekin batera ikusteko.
Ondoren, buruari eragiteko ordua izango da, 10.30ean xake txapelketa egingo baitute. Jarraian, 12.00etan, Z belaunaldiaren inguruko mahai-ingurua antolatu da.
Bazkalorduan, 13.30ean, pintxo txapelketa egingo dute, bertaratuek sukaldean duten abilezia erakutsi dezaten. Arratsaldeko NAIZ Guneko egitaraua ‘10. urtez Ernai’ ekitaldian zentratuko da.
Azken egunean, larunbata 8an, 11.30ean garagardo dastaketa egingo dute, eta ondoren Arnaldo Otegi eta Nega –Los Chikos del Maiz– ‘Politikaz kalean’ solasaldian arituko dira.
Arratsaldean, 16.00etan, koktel dastaketa egingo dute, bazkalostean lasai egoteko, eta jarraian, 17.30ean, Nekane Txapartegik ‘Erbestetik begirada’ hitzaldia eskainiko du. Azken egunari amaiera borobila emateko, denak gonbidatuta daude karaokean abestera.
Hiru eguneko bonuak, aukerarik onena
NAIZ Gunera sarrera librea izango den arren, beste gune batzuetara sartu ahal izateko hiru eguneko bonua edo eguneko sarrera izatea ezinbestekoa izango da. Horiek internet bidez erosi daitezke.
Hiru eguneko bonua erosten dutenek abantaila bat izango dute. Izan ere, bonua erosten duten guztiek NAIZen gazte harpidetza jasoko dute opari, hiru hilabeterako. Harpidetza horiek aktibatu ahal izateko informazioa NAIZ Gunean bertan emango da, eta baita emailez ere. Era berean, aurretik harpidedunak diren irakurleek ere abantaila bat izango dute; hiru eguneko bonua deskontuarekin erosteko aukera izango dute.
NAIZ Gunetik kanpo ere egitarau oparoa prestatu dute Gazte Topagunekoek, tartean, Merina Gris, Olaia Inziarte, Brigade Loco, Gatibu, Sua, Los Chikos del Maiz, Liher, Lukiek, Zetak, Süne, Dupla, Ezpalak, Soziedad Alkoholika, Su Ta Gar eta beste hainbt taldek kontzertuak eskainiko dituzte. Gazteen interesekoak izango diren hitzaldi ugari ere izango dira, jaialdia musika baino askoz gehiago izan dadin, ostiraleko 13.00etan izango den hasiera ekitaldiarekin abiatuta.
Elorrion gertatzen den guztiaren berri emateko, NAIZ Irratia bertan egongo da saio bereziak egiten, eta NAIZ.EUSek ere egunero gertatutakoaren bideo laburpenak zabalduko ditu.