INFO

Euskaltel-Euskadi «borrokatzeko grinaren eta sakrifizioaren eredu» gisa lehiatuko da Itzulian

Gaur egin du Euskaltel-Euskadik Itzulian parte hartuko duten zazpi txirrindularien aurkezpena, eta “Marea laranjaren” elastiko berria aurkeztu dute. Taldeko zuzendariak adierazi du lasterketa hori dela denboraldiko helburu «nagusia» eta taldearentzako Itzulia dela haien «Tour txikia».

Euskaltel-Euskadik gaur Bilbon egin duen aurkezpenean, elastiko berriarekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Txirrindularitza gustuko duen edonorentzat, baina batez ere Euskaltel-Euskadiko zaleentzat, harro egotekoa da gure mutilak lasterketetan dena ematen ikustea, eta taldea borrokatzeko grinaren, ahaleginaren eta sakrifizioaren eredu dela ikustea. Kirol gutxik transmititzen dituzte txirrindularitzak baino balio gehiago eta hobeak. Eta Euskaltel-Euskadi balio horien erreferente nagusia da», horrela definitu du Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak taldearen DNA, Itzulian korrituko duten zazpi txirrindularien aurkezpen ekitaldian.  

Bilboko Guggenheim Museoan izan da, eta Itzulian maillot laranjarekin korrituko duten txirrindularien aurkezpen ofiziala egiteaz gain –pasa den ostegunean jakinarazi baitzen Itzulian lehiatuko diren txirrindularien behin-behineko zerrenda–, Euskaltelen Marea Laranjaren elastiko berria aurkeztu dute.

Elastiko laranja taldearen eta zaleen ikur bihurtu da txirrindularitzaren munduan, eta «munduko zale onenei» omenaldia egiteko sortu dute. Kukuxumuxuren diseinua du, eta Beelorzia ahuntza du protagonista. «Gure arrastoa utzi dugu egutegiko lasterketa onenetan, nabarmenduz beti, eta oraingo hau ere ez da salbuespena izango. Marea Laranja izango dugu lagun, parte hartzen dugun lasterketetan gure maila igotzen laguntzen diguten zaleak», azpimarratu du Iturbek.

Elastiko laranja etapa hasiera eta amaiera guztietan banatuko da, taldearen autobusean. Gainera, Eibarko etapan ere banatuko da, «bihurgune laranja» moduan ezagutzen den lekuan.

Itzuliaren aurkezpena pasa den astean

Pasa den ostegunetik jakina zen zein txirrindulari lehiatuko ziren apirilaren 3tik 8ra Hego Euskal Herriko errepideetan. Hala, Gasteizen hasten den lasterketan honako txirrindulari hauek eramango dute soinean Euskaltelen kolore laranja: Mikel Bizkarra, Joan Bou, Carlos Canal, Asier Etxeberria, Unai Iribar, Txomin Juaristi eta Gotzon Martin.

«Gaur ilusio handiz aurkezten dugu Itzulian parte hartuko duen txirrindulari multzoa, lasterketa hori baita denboraldi honetako helburu nagusia. Etxeko lasterketa da, munduko txirrindularirik onenak elkartzen dituena, eta, gainera, aurtengoa txirrindularitzaren urtea da, berezia, Tourra ere etxetik aterako baita. Guretzat, baina, gure Tour txikia da Itzulia», nabarmendu du Jon Ander de la Fuentes Euskalteleko zuzendariak eta MásMóvil taldeko lurralde zuzendariak.

Gasteizen hasi eta Eibarren bukatuko da Itzulia, 6 etapetan banatuta. Berritasun nagusi gisara, azken etapa ez da bukatuko Arrateko mendatean –Espainia eta Frantziako usakume-tiro txapelketa dela-eta, hauek okupatu baitute eremua–, Eibarren erdigunean jarriko da helmuga.

Sei etapa hauetan 26 mendate, 19.777 malda eta 10.000 km baino gehiago igaro beharko dituzte txirrindulariek. Ez da erlojupekorik izango eta helmuga guztietan egongo dira bonifikazioak.

Ohi bezala, lau maillot nagusi egongo dira: sailkapen nagusian lider doanarentzat hori kolorekoa, puntuko sailkapenekoarentzat berdea, mendateetako liderrarentzat zuri eta gorria eta gazte onenarentzat, urdina. Hala, aurreratu dute sariei dagokionez, aurrekontua 99.000 eurokoa dela eta etapa garaile bakoitzak 4.000 euro poltsikoratuko dituela.