Motibazioa, suspertzeko hitzordu egokiena
Helburu guztiek ihes egin ondoren denboraldiko une apalena bizitzen ari den Realak Athleticen bisita hartuko du igandean Reale Arenan. Zuri-gorrien aurkako azken lau derbiak irabazi ditu.
Denboraldia luze egiten ari zaio Realari. Helburu guztiek ia batera egin zioten ihes urtarrilean eta kolpe animikoarekin, ikasurte gogor baten neke guztia etorri zitzaion gainera. Helburu apalagoak ezartzen saiatu dira txuri-urdinak –laugarren postua, lehen itzulian galdu ziren partidak irabazi, etab.–, motibazio bila, baina momentuz taktika horrek ez die funtzionatzen; hain justu, denboraldiko bolada txarrena igarotzen ari dira, azken zazpi partidetatik bakarra irabazita.
Konponbidea, epe motzean behintzat, egutegiak ekar diezaioke. Igandean, motibazioa suspertzeko hitzordu egokienari ekingo diote donostiarrek: Athleticen kontrako derbia; gainera, Reale Arenan jokatuko dena (12.00etan). Ziur, Ligako azken zazpi jaurdunaldietako puntu erakargarrienak egongo dira jokoan. Hori dela eta, klubak hainbat futbolariren eta komunikabideen arteko topaketa antolatu du Zubietan asteazken honetan eta adostasun orokorra egon da bertan: igandeko partida bereziak aukera ezinhobea eskaintzen du inflexio puntua markatzeko. Realak hainbat arlotan hobetu beharko du bere jokoa, beharrak eraginda donostiarrak baino motibatuagoa etorriko den aurkariari aurre egiteko.
«Pena ematen dit nahi ditugun emaitzak lortu ezin izateak. Bereziki gogorra da iaz bigarren postua lortu zuen talde batentzat –aitortu du Andreia Jacintok–. Baina, alde batetk, beste helburuak ezartzeko gai izan behar gara: asteroko partida irabazi, ondo amaitu, joko ona egin… Eta, bestetik, ezin dugu ahaztu talde on bat daukagula, nahi genituen emaitzak lortu ez baditugu ere; nik ikusten dut taldeak dagoen kalitatea eta gustatuko litzaidake kalitate hori astebururo erakusteko gai izatea».
Azken aste hauetan ez dute lortu txuri-urdinek. Ez, behintzat, erregulartasunez eta, horregatik, iazko bigarren postua errepikatu ez eta, Liga gaur amaituko balitz, azken zortzi urteetan izan duen posturik txarrenean amaituko luke Realak. Arrazoi ugari dago, Izarne Sarasolaren ustetan: «Uda arraroa izan zen, asko kanpoan egon baikinen lehiatzen eta denboraldi-aurrean ezin izan genuen ia parte hartu; gero, Liga hasiera gogorra eduki genuen Txapeldunen Ligarekin eta egutegi arraro batekin… Eta urtarrilean, alde batetik, partida asko eduki genituen eta bestetik, hasieran genituen helburuak galdu genituen. Horren ondoren kostatzen ari zaigu eta hiru puntuak lortzen ez dituzun igande bakoitza mentalki zaila da, eta ez da erreza buelta ematea». «Astean zehar ondo entrenatzen dugu –esan du hegalekoak– baina ez dugu lortzen partida borobila egitea. Golak sartzea kostatzen ari zaigu, atzean akatsak egiten ari gara… Horrela zaila da hiru puntuak eskuratzea».
Aurrekoak Alavesen kontrako derbian lortu zituen Realak eta hurrengoak igandeko derbian izatea espero du Izarne Sarasolak. «Helburua hori da. Derbia jokatzea beti da polita –Ibarrakoak berak iaz San Mamesen debutatu zuen lehen taldearekin–, gainera Reale Arenan jokatzeko aukera daukagu… Espero dut jendea etortzea animatzera, euren laguntza behar baitugu, eta espero dut hiru puntuak etxean geratzea, beharra eta gogoa daukagulako». Horretarako badago zertan hobetu. «Nik uste dut batez ere defentsan pixka bat indartsuago ibili behar garela. Eta partidara ondo sartu, azken aldi honetan bigarren zatietako hasierako minutuetan sartu baitizkigute golak eta hori zaindu behar dugu. Eta goian ere gol gehiago sartzea falta zaigula uste dut».
«Gol-aukerak aprobetxatu behar ditugu –gehitu du Andreiak–. Eta kontrol emozional handiagoa izan behar dugu, batez ere gol bat hartzen badugu. Gola hartzen baduzu bizirik jarraitu dezakezu, partidan sartuta, baina guk batzutan burua galtzen dugu. Hori aldatzen badugu, lasaitasuna eta kontzentrazioa mantenduz, errazago irabazi dezakegu, markagailuan atzetik jartzen bagara ere». Portugalgoaren ustetan badaude mantendu beharreko bertuteak ere. «Batez ere baloia nola ukitzen dugun. Oso ondo jokatzen dugu gure artean eta gol-aukera dezente sortzen ditugu. Hori egiten jarraitzen badugu eta defentsan kontzentratuta bagaude, partida irabazteko behar duguna izango dugu».
Helburuari eustea espero du Andreiak, Athletic «oso aurkari arriskutsua dela» onartu arren. «Baina derbia irabazi nahi dugu. Garaipenagatik beragatik eta hurrengo partidei aurre egiteko ere ondo etorriko zaigulako». «Beti nahi ditugu hiru puntuak baina derbia beti da bereziagoa –gehitu du Izarnek–. Denboraldi amaiera honetan ditugun helburu garrantzitsuenetako bat da eta lortzea espero dut».
Duela zenbait urte ez bezala, Realaren garaipena ez litzateke ezustekoa izango. Hierarkia aldatzen joan da euskal futbolan eta derbietan ere nabaritzen da; topikoei jarraituz, partida intentsoak, itxiak eta gol gutxikoak izaten jarraitzen duten arren. Baina markagailuak txuri-urdinez tindatu dira azken aldi honetan eta badira bi urte Athleticek Realaren aurkako azken garaipena lortu zuela. Lezaman izan zen, 20/21 denboraldiko azken aurreko jardunaldian, amaiera zoroa –talde bien golak azken hamar minututan– izan zuen partidan.
Harrezkero, talde donostiarrarentzat izan dira derbiak. Iazko denboraldiako biak irabazi zituen (0-1 eta 1-0), aurten lehen itzulian San Mamesen jokatutakoa ere (1-3) eta udan jokatutako Euskal Herriko Kopako neurketa ere Realak eskuratu zuen (3-1).
Ikuskizuna
Bestetik, Realak jakinarazi duenez, musika eta dantza egongo da igandean Reale Arenan, derbia girotzeko. Partida aurretik Bamboo Dance Studio talde donostiarraren 50 dantzariek jardungo dute zelaian eta atsedenaldian Neomak taldearen txanda helduko da.