INFO

Matxismoaz kontzientziatzeko ‘Behin eta berriro’ deituriko «escape room»a ireki dute Basaurin

‘Escape room’ antzeko ‘Behin eta berriro’ erakusketa Basaurin egongo da aurrerantzean. Gazteak indarkeria matxistaren inguruan kontzientziatzea du helburu ekimenak.

Melgosa sailburua, gune berezi honen aurkezpenean. (Irekia)

Barakaldon sortu zuten ‘Behin eta berriro’ erakusketa, «escape room» modura aurkeztua. Gazteak indarkeria matxistaren inguruan kontzientziatzea du xede, eta Basaurin egongo da aurrerantzean, erakusketa iraunkor bezala.

Agintzariko hezitzaile taldeak egindako proiektua da, nerabeak sentsibilizatzea helburu duena. Bertan, eguneroko bizitzako hainbat espazio islatzen dituzte, indarkeria matxistaren agertoki izan daitezkeenak, audio deigarriz lagunduta. Hala nola, umeen logela, etxebizitza bat, eskola bat, lonja bat edo jai bat.

Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailburuaren hitzetan, «oso hunkigarria» da erakusketa. Melgosak jakitera eman duenez, Emakundek joan den urtean jasotako datuen arabera, 1.867 dira indarkeria matxistaren biktima diren edo izan diren 30 urtetik beherako emakumeak eta «beldurgarritzat» jo du zifra.

Halaber, sailburuak azaldu du indarkeria pairatu duten emakumeen arretan espezializatutako Lakuako gobernuaren telefonoak (900 840 111, bertara bideratzen dituzte estatu mailako 016 zenbakiko deiak) 1.379 emakume artatu zituela joan den urtean. Haietako 149k 30 urte baino gutxiago zituzten.

Testuingurua honakoa izanik, Melgosak prebentzioaren garrantzia nabarmendu du, gazteen artean, bereziki: «Hemen sentsibilizatzen diren eta berdintasunezko eta emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte batera bidean protagonista izango diren mutilek, zein erakusketari esker indarkeriaren edo harreman toxiko baten zantzuak antzemango dituzten emakume gazteek tresna gehiago izango dituzte hari aurre egiteko edo ekiditeko».

Jarduera Marienea-Basauriko Emakumeen Etxean egin daiteke eta 45 minutuko iraupena dauka.
15 urtetik gorako edozein pertsonak hartu dezake, gehienez 10 pertsonako taldetan. Bihar arte egongo da pasea erreserbatzeko aukera 946 124 100 telefono zenbakian edo marienea@basauri.eus helbidean.