INFO

Suhiltzailegoaren buruzagitzarekin hitzordua lortu ondotik gose greba utzi du Albertek

Aurelie Albertek bere kasernako nagusia jazarpen moralagatik salatu ondotik, ez zioten kontratua berritu. Suhiltzailegoaren buruzagitzarekin hitzordua lortu ondotik, hilaren 15ean protesta gisara hasi zuen gose greba amaitutzat eman du.

Aurelie Albert, bere suhiltzaile kaskoa eskutan. (Guillaume FAUVEAU)

Aurelie Albertek, Kanboko kasernako suhiltzaile boluntario ohiak, martxoaren 15ean hasitako gose greba utzi du martxoaren 29arekin, Suhiltzailegoaren buruzagitzarekin hitzordua lortu ondotik.

Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoen Departamenduko Kontseiluko lehendakariarekin elkarrizketa bat izatea lortu zuen suhiltzaile ohiak eta egunean berean, martxoaren 29an, emazteak gose grebari amaiera eman ziola iragarri du.

«Lasserre lehendakariak errezibitu nau, eskertzen dudana, eta bizi izan dudan jazarpen moralari buruzko txostena aztertu du. Erabakia ezin duela aldatu erran zidan, baina fite mintzatuko zela SDISeko buruzagitzarekin. Hala izan da eta larunbat goizean hitzordu bat dut Paueko zuzendaritzarekin» azaldu du Albertek.

Bere protestaren bidez bere kasua berriz ere aztertu izana lortu duelako kontent da, emazte gazteak nabarmendu duenez, bere ekintzak «fruituak eman dituela» eta bereziki eskertu ditu babesa eman dioten duten hautetsiak.

30 bat lagunek babesturiko agerraldia

Gose greba abiartzear zelarik agerraldia egin zuen Albertek Kanboko Herriko Etxearen aitzinean, mugimendu feminista eta hainbat hautetsiren sostenguarekin. Hala nola, Departamenduko Kontseiluan hautetsi den Annie Poveda EH Baiko ordezkaria bertaratu zen.

Albert zeharo hunkiturik azaldu zen agerraldian. Horrendako, bere lagunak, Solene Boisek, irakurri zuen testua.

«Nire borroka suhiltzaile boluntario izaten segitzeko borroka da, nire eskubideak entzunarazteko borroka […]. Suhiltzaile boluntarioa naiz Kanboko kasernan 2013tik...», irakurri zuen.

Izan ere, Aurelie Albertek «suhiltzaile boluntarioa zela» behar zuen esan, zeren eta  joan den martxoaren 8an ez zuten boluntariio gisara bere engaiamendua berritu.

Pirinio Atlantikoetako Sute eta Sokorri Departamentuko Zerbitzuaren (SDIS) zuzendaritzak harturiko erabaki bat, zehazki «jazarpen moralagatik» salatu zuen zentroko buru ohiaren bi diziplina zigorrengatik.

Baionako prokuradoreak, bestalde, ikerketa abiatu du eta aldi berean Paueko Administrazio Auzitegira jo du SDISen erabakia baliogabetzeko.

Bere aitorpenetik, gose grebaren hastapena iragartzean, Aurelie Albertek «bere azken karta» jokatu du.

Protestaren bidez lehen emaitza lortu du hetsia zen elkarrizketaren bidea berriz ere irekitzera erdietsi duelako.