INFO

Elkarlanaren fruitu, Durangoko GaztEHerria

2010ean, testuinguru politikoa medio, ezin izan zen ohiko moduan antolatu Gazte Topagunea. GaztEHerria dinamikak antolatu zuen, egun bakarrekoa izan zen eta Durangon ospatu zen.

Gazte bazkaria Durangon (Marisol Ramirez | FOKU)

Akanpaleku lokaztu eta Akeita guneko gaupaserorik gabe Topagune bat posible den galdetuko dute askok. Pentsa zitekeen hiru eguneko gaualdirik gabe ez dela udaberriko ekimenik. Eta ez zen ohiko moduan izan, baina gazte independentistek izan zuten topalekua 2010ean ere, GaztEHerria sortzen zebiltzan kanpo faktoreek eragindako zurrunbilotik atera nahian.

Ez zuen gazte antolakundeak antolatu 2010eko egun hura. Andoni Rojo dinamikaren sorreran egon zen eta hala kontatzen du berak: «Ikusten genuen Euskal Herrian egon zitezkeela gazte espresio ezberdinak biltzeko aukerak, eta dinamika bateratu batean lanean jartzeko». Testuinguru politikoari estuki lotuta zegoen erabaki hori, gazte independentisten aurkako egoera errepresiboa «oso bortitza» zela gogoratzen du, eta ezker abertzaleko gazte antolakundea erantzun dinamika batean sartuta zegoela halabeharrez. Dinamika horrekin «apurtu» eta gazteek iniziatiba hartu eta ofentsiba politikora pasatzeko «gaitasuna» bazutela erakutsi nahi zuten.

Bi helburu zituen GaztEHerriaren dinamikak antolatzailearen arabera: independentziaren aldeko gazteak biltzea eta gazteen eskubide zibil eta politikoen defentsa egitea. «Oso batera-jotzeen baitan antolatzen genuen gure dinamika». Nagusienak lau izan ziren: Durangon antolatutako eguna, Gernikako Aberri Eguna, Bruselako mobilizazioa eta Fikobako Aberri eguna. Baina batez ere prozesuak berak eman omen zuen fruitua. «Batera lan egitea denok geneukan buruan, baina inork ez zuen iniziatiba hartzen. Adibidez, Gazte Abertzaleak bezalako antolakunde bat eta Gazte Independentistak bezalako batek bat egitea halako helburu partekatu batekin, bazen berritasuna».

«Batera lan egitea denok geneukan buruan, baina inork ez zuen iniziatiba hartzen»


Berria zen ekimena antolakuntzan zebiltzanengatik, egindako harreman eta «elkar ulertzeko saiakera handi» horregatik. Baina ekimenaren beraren egitura, urterokoa zen. Bai gazteentzat, baina baita  poliziarentzat ere; goizean goizetik Guardia Zibila eta Espainiako Polizia zegoen Durangoko sarreretan. Horrek ere atzeratu zuen gazteen bertaratzea, eta Rojok ere horrela du gogoan: «Goizean jendea zegoen, baina gure espektatiben baitan, eguarditik aurrera hasi zen jende gehiago biltzen… Eta orduan hartu genion neurria, eta esan genuen ‘ostia, ba giroa sumatzen da’».

Egun oparoa
‘Bizi dezagun ametsa, eraiki independentzia’ lelopean ospatu zuten eguna. Mezu nagusian argia zen aldarrikapena, batzen zituena eta aldi berean amesteko tartea hartzearen aldarria ere egiten zuten. 10.000 gazte elkartu ziren guztira. Goizerako antolatutako hitzaldi edota tailerretan ibili ziren asko, ikusi eta ikasten. Beste batzuek, nahiago izan zuten kale animazioaz gozatu eta elektro txarangaren atzetik alde zaharreko kaleak zeharkatu. «Betiko mobidetan ikusten genituen betiko gazte kuadrillez harago, jende gehiago ikusten zen» gogoratzen du Rojok irri artean. Bere ustez «giroan» zebiltzan  kuadrilla ia guztiak ezagutzen ziren elkar, eta GaztEHerriak ezezagunak ikustea, lagun talde berriak ezagutzea, eta azken batean, komunitatea zabaltzea lortu zuela uste du.

Gazte bazkaria egin zuten eguerdian, bazkaltzeko platera ez zuten gazte guztiek lortu, ordea, aurreikustako baino jende gehiago elkartu zen eta bertan. Bazkalostean, hip hop doinuak izan omen ziren nagusi euskal raperoen eskutik. Eta saio polita osatu zutela nabarmenzen badute ere zenbaitzuke, gehienen oroimenean gazte baten break-dance erakustaldi inprobisatua geratu zen.

Landakoko ekitaldia
Landakoko ekitaldia


Landakoko ekitaldi politikoa indarberritzeko giltza izan omen zen, «uou, asko gaude eta ongi atera da» izan zen antolakuntzakoek lasaitasunez eginiko hasperena Rojoren akorduaren arabera. Aitortzen du horrelako zerbait behar zutela. Ekitaldi nagusiko hitzartzean aipaturikoak, oholtzaren behekaldean zeudenei esateaz gain, norbere buruari esateko beharre ere bazutela kontatzen du: «Gazteak gara, hemen gaude, eta gaitasuna dugu hau eta askoz gehiago egiteko». Poztasuna zen nagusi Durangoko kaleetan, ordurarte elkartu gabekoak elkartzearen sentsazio ona zuten, eta aldi berea, aldarri partekatuak mahaigaineratzearen indarra.

Kontzertu «potenteak» antolatu zituztela oroitzen du Rojok: Asian Dub Foundation talde britainiarra, Gose, Soziedad Alkoholika, Ojose de bruja talde kataluniarra, beste batzuen artean. Apirilaren 2rako propio abestia egin zuen Esne Beltzak ere eman zuen kontzertua, eta momentuari ezin hobe erantzuten zion, letrak «Sortzen, sortzen, gazteen/ Sortzen, sortzen, herria/ Sortzen, sortzen/ Gazteherria!», zioen eta inguruko gazte guztiak jartzen zituen kantuan.


Elkarlana da giltza
«Gutxik gogoratzen du, baina GaztEHerria izan zen independentiston arteko lehendabiziko elkargunea, gero sortu zen Independentistak, Euskal Herria Bildu, Adierazi EH...» gogoratzen du Rojok harrotasun puntu batekin.

Irribarre artean kontatzen du orain, elkarlanak sortutako alde positibo guztiez gain, ekimenaren beraren muntaian eta desmuntaian «anitzen» artean egin beharrak irakaspen asko ateratzeko balio izan ziela aitortuz. Esku eta buru askoren artean horrelako ekimen bat antolatzeko ematen duena baina zailagoa zen, eta hala ere, elkarlanean sinetsirik guztiek batera egin zuten: «Aberasgarria izan zen, horrelako prozesu bat bizitzeak konfiantza sortzen du eta harremanak estutzea dakar», gaineratzen du beste antolakunde eta elkarteetako kideentzat ere balio izan zuela «horrelako ekimen batek nolako lan karga militantea» sortzen zuen ikusteko.

Baina batez ere, mugimendu independentistan hartutako «abanguardia» papera azpimarratzen du eledun ohiak, «pausu bat gehiago egiteko beharrezkoa zen pausua eman genuen gazteok, eta ondoren, maila politiko orokorrean ere ikusi zen horren beharra eta potentziala». Beraiek ere, atzera begiratuta «lekzio» gisa ikusten dutela dio.

Gazteak alde zaharrean zehar
Gazteak alde zaharrean zehar



Hurrengo topalekua: Brusela
Durangoko topagunean bezperan, agerraldi bat egin zuten nazioarteko kideekin batera deialdi zehatz baten berri emateko, eguna eta lekua aurreratu zituzten: Maiatzaren 29a eta Brusela. Nazioarteko 50 gazte eragilek euskal gazteria independentistaren eskubideen defentsan manifestazioa antolatu zuten udaberrurako. GaztEHerriaren eskutik etorri zen proposamen hau, eta prozesuaren baitako harremanetan ideiak forma hartu eta autobusetan iritsi ziren Bruselaraino.   

Espainiako eta Frantziako estatuen errepresioa geroz eta bortitzagoa zen, 2009ko azaroan atxiloketek berriro gora egin zuten eta tentsioa geroz eta handiago zen. Mobilizazioan, nazioarteko kideekin batera euskal gazteria independentistaren eskubideen altxa ziren milaka gazte, eta torturarekin amaitzeko eskari esplizitua ere egin zuten. Oztopoen gainetik, gazteek herria eraikitzen jarraitu zuten.