INFO

Gako sorta astindu ondoren, giltzarrapoa askatzeko tenorea

2021an Herrian Bizi plataformak bere lehen ekimena burutu zuen Baionan. Suprefeturan, Auzitegian eta Euskal Elkargoan haien kexa entzun zezaten gako sorta azkarki astindu zuten 8.000 lagunek. Etxebizitza eskubidea gatibu duen giltzarrapoa irekitzeko xedez, gaur kalera itzuliko dira herritarrak.

Baionako karrikak bete zituen 2021eko azaroaren 20ko mobilizazioak sinbolo berria asmatu zuen etxebizitzaren gaineko krisiari buruz deiadar egiteko. Hala, poltsikotik gako sorta atera eta indar handiz astindu zuten milaka herritarrek. (Guillaume FAUVEAU | FOKU)

Duela urte eta erdi 30 bat baziren, gaur egun 70 bat talderen sostengua badu Herrian Bizi-Se Loger au Pays plataformak. Hamabost bat hilabeteren bueltan egindako saretze lanaren ondorioz, etxebizitzaren alorrean jarduten duten eragileetatik harago elkarlan eremua zabaldu den seinaletzat har liteke loratze hori. Izan ere, lehentasunezko eskubidea den bizitoki duin bat lortzeak herritarrengan sortzen duen kezka gero eta handiagoa dela islatzen du, era berean, gaur, Baionan, manifestazioa antolatu duen plataformak izan duen garapenak.

Gaurko mobilizazioaren atarian 120 etxebizitza eraikiko diren hiri eremuan agerraldia egin zuten antolatzaileek, Quatre Cantons-en. Plataformako kideek etxebizitza sozialak sortzeko egitarauek dituzten mugak irudikatu zituzten, Angeluko auzoaren promozioa adibidetzat hartuta: helburu soziala aldarrikatuz eraikiko diren bizitoki horietatik erdiak baizik ez duelako, finean, funtzio hori bermatuko.

Egoera ekiditeko, formula mahai gainean ezarri du plataformak. Hala, 2021eko azaroaren 20an 8.000 herritarren laguntzaz gako sortak astindu ondoren, etxebizitza eskubidea gakotzen duen giltzarrapoa irekitzeko etxebizitza sozialaren aldeko «%70eko tasa» jartzea galdetu du.

%25eko langa, ilusio optikoa

Egungo legearen arabera, eraikuntza programetan bizitokien %25 sozialak behar lukete Ipar Euskal Herrian. Izan ere, langa hori finkatzeko etxebizitza nagusiak baizik ez dira aintzat hartzen. Ondorioz, bigarren etxebizitza kopuru handia duten herrietan helburua desitxuratuta gelditzen da.

Donibane Lohizunen ematen den egoera esanguratsua da. 8.180 lehenengo etxebizitza daude Lapurdiko kostako herrian, horietatik %19 bizitoki sozialak direla. Alta, bizitoki guztiak aintzat hartuz gero, berdin bigarren etxebizitza bezala baliatzen direnak zein hutsik daudenak, herriak dituen 15.022 etxebizitzetatik %10 inguru baino ez dira bizitoki sozialak.

Kostan bizi diren herritarrek aspalditik bizi dituzten arazoak beste eskualdeetara zabaltzen ari dira. Auzo herrikoiak beraiek ez dira salbu. Karine L. «etxea eta lantokia zuen» bizitegitik kanporatua izan zen 2021ean. Emazte gaztearen kasua salatu du berriki Alda!-k. Etxe jabeak bizitokia berarentzat behar zuela argudiatu zuen, haurtzain gisa lan egiten duen maizterra kanporatzeko. Ondoren, bizitokia saldu zuen. Historiaren amaiera ezaguna da: lehen alokairuzko etxea zena gaur bigarren etxebizitza bilakatu da. Non eta Gurutze Sainduko langileen auzoan.

Etxea alokairuan aurkitzeko prezio altua koxka handia bada, horri gehitu behar zaizkio hori eta beste hainbat amarru. Izan ere, fenomeno horiei neurria hartzea ez da beti erraza, iruzurgileek irudimena ez dutelako falta. Argitasuna egiteko oso baliogarria izan daiteke Abbe Pierre fundazioaren laguntzarekin neurriz kanpoko etxegabetzeen eragina neurtzeko Alda! elkarteak eskuratu berri duen tresna. Horren arabera, 2012. urteaz geroztik Baionako Auzitegiak balioztatu dituen alokairuen desagertzea etengabe hazi da. 228 kasu izan ziren 2016an, eta hiru urte geroago, 2019an, aldiz, 302 maizterrek utzi behar izan zuten etxea, jabeek salmentarako kanporatu ondotik.

Larrialdi soziala

Ziurgabetasunean bizi diren pertsonekin lan egiten duen Atherbea elkartearen izenean alarma pizten du, alokairuen nahitaezko desagertze prozesu horren harira, Pantxika Ibarbourek. Finean, urteroko alokairu eskaintza apaltzen denean, bide batez turistentzako eskaintza emendatuz, larrialdi soziala larruan jasaten duten herritarrak aterpetzeko zailtasunak gero eta handiagoak izaten dira. Azkeneko bost urtetan %13 emendatu dira eskaerak, Ibarbourek aditzera eman duenez. Horren ondorioz, Atherbeak Biarritzen kudeatzen duen egoitzan egoera zaila da. Bizitoki baten premia duten herritarrek bi hilabete baino gehiago itxaron behar dute. Egun 110 bat lagun daude itxaron zerrendan. Gizarteratzeko prozesuetan diren pertsonen kasuan oraindik ere luzeagoa da itxaronaldia. Urtebete inguru behar dute gogoetatu aterpea lortu arte. 320 bat lagunek izena emana dute.

Pertsona bakartuak, erretreta tipiak dituztenak, ibilbide profesional gorabeheratsua izan duten herritarrak, semea-alabak bakarrik hazten dituzten gurasoak, migratzaileak, bortizkeria pairatu duten emakumeak, elbarritasunen bat edo gaixotasun mentalak dituztenak... zaurgarritasun sozialaren giza paisaia gero eta anitzagoa badela baieztatzen dute kolektiboek.

Legea


Euskal Elkargoak 24 udalerri sartu ditu «higiezinen gaineko presio handiko eremuan». Horrek ahalbidetu du alokairu turistikoei mugak ezartzea. Ildo beretik, martxoaren 1etik indarrean dagoen konpentsazio sistema begi onez hartu dute eragile gehienek.

Prekaritateak hamaika aurpegi ditu. Kasu batzuetan zimurrez beteriko aurpegia du, beste batzuetan azal freskoagoa.

Hain zuzen, martxoaren 25ean Xuti Gazte! dinamikako dozena bat kide Biarritzen Carmen higiezinen agentziak duen egoitza batera azaldu ziren eta afixak ezarri zituzten berinetan, alokairu sozialen premiaz ohartaraziz horrela. Salatu zutenez, «ikasle batek buxetaren %65 baino gehiago darabil etxebizitza ordaintzen». Beste datu esanguratsu bat plazaratu zuten gazteek: 2020an etxebizitza soziala eskuratzeko egin ziren 11.699 eskaeretatik soilik 1.223 banatu zituzten. Xuti Gazte!-k ondorioztatu duenez, «datuek erakusten dute behar baino askoz etxebizitza sozial gutxiago banatzen dela, eta jakin behar da, gazteon baliabide ekonomikoak zeintzuk diren aintzat hartuta, ezinbestekoa dela etxebizitza sozial kopurua emendatzea».

Ildo beretik, joan zen hamarkadan burutu zuen neurketari segida emanez, ekintza antolatu zuen EH Bai alderdiak iragan martxoaren 18an, Getariko herriko plazan. Horren aitzin, Ipar Euskal Herri osoan bigarren bizilekuen kopurua eta ehunekoa erakusten dituzten panelak ezarri zituzten militante abertzaleek.

Egoiliarraren estatusa

Euskal Herria Baik frantziar estatistika erakundeak, INSEEk, 2019. urtean egin zuen azken erroldak utzitako datuak aurkeztu zituen.

Gutxienez zortzi hilabetez hutsik diren 42.743 bizitoki direla gaur egun Ipar Euskal Herrian zehaztu zuen bertan. Hau da, etxebizitza parke osoaren %20, edo nahiago bada, bost etxebizitzatik bat.

«Kopuru hori faltan ditugun etxebizitza sozialen kopuruekin alderatzen badugu, errealitate krudelagoa da, Ipar Euskal Herrian etxebizitza sozialak baino bi aldiz gehiago direlako bigarren etxebizitzak», deitoratu zuten Nikolas Blain eta Mathilde Hary EH Baiko bozeramaileek.

Uda heldu arte etxe askok «pertsianak itxita» dituzte Getarian. Bi mila biztanle baino gutxiago duten herrietako zerrendan lehen postuan agertzen da, bigarren bizileku gehiago direlako herri dotore horretan urte osorako egoitzak baino.

Antolaketa


«Etxea»k duen balore sinboliko eta kulturala alboratu gabe, etorkizunean bizitoki kolektiboak lehenesteak zentzua luke, bide batez herri kaskoak zerbitzuekin indartuz. Hala, inguruko eremuak, besteak beste, laborantza ekintzetarako ahalko lirateke hobeki babestu.

Fiskalitateari dagokionez, bigarren etxebizitzen gaineko zerga berezia ezartzea galdetu du EH Baik, «hutsik geldituko den bizitegi bat erosten duten jabeek bertako fiskalitateari ekarpen handiagoa egin diezaioten». Bretainia edo Korsikatik heldutako proposamen bat, egoiliar estatusa sortzearena, bereganatu du, horren gainean gogoeta zabaltzea proposatuz.

Lehen urrats bezala, EH Baik eskatu du higiezinen krisiarengatik «tentsiopean dagoen eremua» lurralde osoari hedatzea.

Euskal Elkargoa, nahi eta ezin

Euskal Hirigune Elkargoak onarturiko Lehenengo Tokiko Etxebizitza Plana gero eta zailagoa den oreka baten kronika da. Baita nahi eta ezinaren arteko talkaren adierazle garbia ere. 24 udalerriz osaturiko «tentsiopean dagoen eremua» ezartzen du, baina Ipar Euskal Herriko erakundeak ez du benetako gaitasuna, egun lurraldea estaltzen duen olatuari aurre egiteko.

Egia da, ordea, alokairu turistikoen etengabeko hazkundeari erantzuteko erakundeak kasik aho batez iaz onartu zuen konpentsazio sistema aski aitzindaria dela. Auzitegietako ibilbidea egin ondoren, iragan martxoaren 1ean indarrean sartu zen arautegi berriaren logika sinplea da: alokairu turistiko merkaturatuko duen edonork bigarren egoitza bat, urte osoan alokatzeko, beharko du eskaini.

Euskal Elkargoak zenbait kalkulu egin ditu. 10.000tik gora etxebizitza «lurraldean lan eta bizi den jendearendako» erreskatatzea espero du erakundeak. Zuhurtziaz bada ere, «garaipenak ospatzen dira, ondokoak kausitzeko borrokan are motibatuago izateko» ustekoa da Alda! elkarteko lehendakari Xebax Christy.

Euskal Elkargoko buru Jean-Rene Etchegarayk bizilekuaren agintaritza alorrean antolatzaile gisa jarduteko ADH estatusa aldarrikatu du, erakundearen ahalmenak aregotuz «etxebizitza politika ausartago bat plantan emateko».

Urtero 3.000 biztanle berri jasotzen duen lurraldearentzat lehentasunezko erronka bilakatu da etxebizitza politika.