INFO
Entrevista
Amaiur Sarriegi
Realeko jokalaria

«Denboraldi hau bukatzeko moduak markatuko du hurrengoa ere»

Lezaman hiru urte pasatu ondoren, etxera itzuli eta Realaren ikurretako bat bilakatu da Amaiur Sarriegi (Donostia, 2000). Seigarren aldiz arituko da gaur zuri-gorrien kontra eta ez du uste Anoetako gaurko hitzordua izango denik denboraldiak Realari eskainiko dion azken helburu erakargarria.

Amaiur Sarriegi, gol bat ospatzen. (Jon URBE | FOKU)

Espektatibatik urrun dago Realaren denboraldia. Amaiur Sarriegik «hausnarketa» eta «autokritika» egin behar dela uste du, baina hala ere, pentsa daitekeenaz bestera, ez dago oporrak hartzeko irrikaz, «ondo» eta «lanean jarraitzeko motibatuta» baizik.

Kostata, suposatzen dut, urtea ez baita erraza izaten ari.

Ez. Lana egiten duzunean, jarraitzen duzunean eta askotan ere pentsatzen duzunean merezi duzula, baina emaitzak iristen ez direnean, kolpea gogorra da eta dezente hartu ditugu. Baina altxatzen eta egoera txarrei buelta ematen dakigula erakutsi dugu; igandero erakusten dugula uste dut.

Iazkoa alde batera utzita, eta aurrekoekin bakarrik konparatuta ere, denboraldia ez da batere ona.

Bagenekien iazkoa errepikatzea oso zaila zela, baina egia da aurreko denboraldiei begiratuta ere emaitzak eskasagoak direla, eta autokritika egin behar dugu. Kontziente izan behar dugu non gauden eta nora joan nahi dugun.

Zeintzuk lirateke atzerapausoaren arrazoi nagusiak?

Osagai desberdin asko bildu dira. Denboraldiaurrea zaila izan zen, segituan Champions-a eta oso egutegi arraroa, partida asko jarraian eta gero atseden asko, urtarrila ere partida zail askorekin... Futbola dinamika kontua da eta aurten kostatu zaigu dinamika on batean sartzea.

Txapeldunen Ligatik kanporatu izana ulergarria izan zen; urtarrileko emaitzak, gogorragoak... Baina ez dakit oraingo bolada hau ez ote den mingarriagoa. Denboraldi amaiera gehien jaso nahi zenuketen albistea da?

Nik, ez. Oraindik ere gauza asko egin ditzakegula uste dut, puntu asko atera ditzakegula eta denboraldi hau bukatzeko moduak hurrengoa ere markatuko duela. Puntu horretara ez iristen saiatu behar dugu.

Helburu erakargarriren bat geratzen bada, derbia da.

Oso partida berezia da. Sailkapenean nola gauden berdin du: derbia beti da derbia eta denok dugu irabazteko gogoa.

Athleticen kasuan, premia ere bai...

Ez daude eroso eta behekoek estutuz gero, puntuak beharko dituzte. Agian hori nabarituko da, baina derbiak ez du besterik behar lehiatua izateko.

Zuen azken partidak aztertuta, zertan hobetu behar duzue derbia irabazteko?

Defentsa lanetan sendo eta irmo ibili behar dugu; ahal bada, atea garbi uzteko. Horixe falta izan zaigu azkenaldi honetan.

Askotan entzun dugu arazoa gol falta dela. Baina zu, behintzat, ez zaude iazko zenbakietatik hain urrun.

Ni hasieratik nago gustura egin dudan lanarekin. Agian pixkanaka emaitza gehiago lortzen ari naiz, baina lasai nago egiten ari naizen lanarekin.

«Argi dago jendea hemen geratzea nahi dudala, hemen egon nahi izatea eta berritzea. Baina erabaki guztiak errespetatu behar dira beti»

Zure ibilbidea goranzkoa da. Buruarekin zerikusia du?

Arlo psikologikoa oso garrantzitsua da eliteko kirolean; nik urte asko daramazkit burua lantzen. Kanpoko presioa, emaitzen exijentzia... Hori kudeatzen ikasi behar dugu.

Selekzioaren auziak ez zuen lagunduko. Nola dago gai hori eta nola zaude zu?

Lasai nago. Egia esan, ez dut ezer irakurtzen horri buruz. Gauzak helduko dira, konpondu nahi diren heinean, eta uste dut alde biek gauzak konpontzeko borondatea izan behar dugula. Nik hurrengo partidan dut burua: derbiarekin eta Reale Arenan gozatzeko gogoa dut, besterik ez.

Badira taldea despistatu dezaketen kontuak. Jokalari gehienen kontratua amaituko da ekainean eta jarraitzen duzuenok ere arduratuta egongo zarete, proiektua nola geratzen den jakin arte.

Ni lasai nago, baina ulertu dezaket kasu askotan ez dela erraza izango. Nik esan nahi dut erabaki guztiak errespetatu behar direla. Argi dago jendea hemen gelditzea nahi dudala, hemen egon nahi izatea eta berritzea. Baina erabaki guztiak errespetatuko ditut beti.