Ikurrinak astindu dituzte Flandriako Itzulian, Euskal Herrikoa hasi bezperan
Itzulia hasiko da astelehen honetan –Gasteiz-Bastida, lehen etapa–. Errepide izkinetan ikurrinak lau haizetara zabaltzea espero da, ohi bezala, euskal txirrindu zaleen fama ona berretsiz. Nortasuna erakutsiz. Horren aurretik, baina, Flandriako Tour klasikoan ikurrinek ere izan dute bere lekua.
Pogacarrek historia egin du, beste behin. Gizonezkoen Flandriako Itzulia irabazi du eta pozez zoratzen agertu da garaipenarekin. Eslovaniar batek irabazten duen estreinako aldia da. Garaipen honekin, Pogacarrek erakutsi du sekulako mailan dagoela, oso arerio gutxik egin diezaiokeela aurre –Van der Poel da horietako bat eta bigarren bukatu du–.
Emakumezkoetan, Lotte Kopecky belgiarrak iazko garaipena berretsi du Flandrian, nagusitasun osoz. Hau ere denboraldi hasiera aparta ari da sinatzen, Omloop Het Nieuwsblad eta Nokere Koerse klasikak ere irabazi baititu.
Pogacar eta Kopecky-ren garaipenaz gain, baina, bada zirrara eragin duen ikurrik: ikurrina, hain zuzen ere. Flandriako Itzulia hain berezi egiten duten galtzada-harrien azken eremua zeharkatzen ari zirela, euskal zaleak ikusi dira izkinetan, bai emakumezkoen zein gizonezkoen proban, beraien ikurrinekin. Ez da lehen aldia, eta ez da azkena izango ere. Txirrindularitzako lasterketa non, euskal zaleren bat han egon ohi delako.
Eta bihartik aurrera, hauek euskal errepideetan egongo dira, Euskal Herriko Itzulia ikusi eta txirrindulariak hauspotzen. Euskal zalegoaren nortasun berezia berretsiz. Txirrindulariek beraiek ere behin baino gehiagotan onartu dute estimu handia diotela euskal errepideei; baina ez soilik paisajearengatik, baizik eta bereziki eremua koloreztatzen duten zaleengatik.
Astelehenetik larunbatera bitartean, euskal ikurrak errepide ertzera ateratzeko garaia izango da, Flandriako Itzulian ikusi den irudi anekdotikoa handi bihurtuz.