INFO
Entrevista
Mikel Ansa eta Irati Agorria
Gazte Topagunean lanean aritutakoa eta dabilena

«Gure proiektuaren erakusleihoa izango da Topagunea»

21 urteren ondoren Gazte Topagunea Elorriora itzuliko da apirilaren 6tik 9ra bitarte. Aitzakia hori baliatuz, bi belaunaldi elkartu ditugu: 2002an antolatze lanetan ibili zen Mikel Ansa eta 2023ko prestaketan dabilen Irati Agorria. Topaguneem funtzioez, gazteriaz eta egungo erronkez hitz egin dugu.

Este navegador no soporta el elemento video.


Bi belaunaldi elkartu ditugu mahai beraren bueltan Elorrioko Topagunearen inguruan hitz egiteko. Bi ikuspegi jaso ditugu, baina aldi berean, 21 urte igaro ondoren ere, balio eta ortzi-muga partekatuak bizi-bizirik daudela sumatzen da. Irati Agorria aurtengo edizioko Topagunearen antolakuntza lanetan dabilen Ernaiko kidea da, eta Mikel Ansa, 2002ko Topagunean lanean ibili zen kidea. Ekimena hasi baino egun batzuk lehenago elkartu gara beraiekin, jada giroa nabari denean, Elorrion, non bestela.

Ansak «zirrara berezi batekin» gogoratzen du Gazte Topagunea Elorrion izango zela jakin zuen momentua, garaiko edizioa bezalatsu. Agorria azken orduko prestaketekin buru-belarri dabil; azken egunetan lana biderkatzen bada ere, lanean hilbeteak daramatzatela aitortu du. Ideiarekin udara aldean hasi zirela kontatu du eta, guztiaren antolakuntzan, lan taldeetan banatuta, 120 bat gazte dabiltzala. «Lanetik asko du, baina baita gozamenetik ere», erantzun dio Ansak azken ordukoen inguruan hitz egiten hasi garenean; baietz esanez bezala, irribarrez begiratu digu gazteak.

«Gazte Topagunea bezalako erronka erraldoi bat aurrera ateratzeko, pertsona askoren konpromisoa eta lana behar da; hilabeteak lanean pasatu dituztenen ardura potoloenetatik hasi, eta txanda bat egingo duen kide horrenganaino, ehunka lagunen konpromisoa dago», aldarrikatu du Ansak. Eta Agorria ere iritzi berekoa da, milaka gazte elkartzeak ostean poza eragiten duela uste du, eta orain lanean ibili arren, gozatuko duela esperantza du.

Euskal gazteriak modu batera zein bestera ur handitan egin behar izan du igeri. Ansak 2002ko testuingurua ekarri du akordura, Lizarra-Garazi hitzarmenaren osteko agertokian kokatu du eta estatu espainiarraren jazarpena gero eta handiagoa zela azaldu du. Gainera «oso kasuistika» berezian antolaturiko ekimena izan zela azpimarratu du. Alderdien legea ere abian zen, Herritar Batasuna legez kanporatzeko sortutako trikimailua, eta alderdiez gain, hainbat eta hainbat eragile ere jopuntuan zeuden. 

Gaur egungo testuingurua ere ez da batere samurra, Agorriaren hitzetan: «Etorkizunik ez duen gazteria bezala markatu gaituzte etengabean», adierazi du. Krisian «hazi eta hezi» den belaunaldia da Agorriarena, 2008. urteko krisiaren eta covid-19aren pandemiak azkartutako krisi anizkoitzaren eraginak lehen pertsonan bizi dituena. Hala ere, «arduraz baina konpromiso kolektiboz begiratzen diogu orainari, eta euskal gazteria independentista aktibatzeko ardura hartua dugu», azaldu du. Eta Elorrio horren erakusleiho izatea nahi dute, gazte independentisten oraingo topaleku.

Funtsezko erregaiak

«Konpromisoa» eta «ardura» errepikatzen dute biek: «Euskal gazteria independentistaren konpromiso, indar eta antolakuntza gaitasunaren erakusle izan zen 2002. urteko Topagunea, operazio polizialari eta espainiar estatuaren politikei erantzuteko modu bat», azal-du du Ansak. Izan ere, Elorrioko muntaketan zebiltzala, ekimena baino bi aste lehenago, Segiren aurkako operazio polizialaren ondorioz, antolatze lanetan zebiltzan zazpi gazte atxilotu zituen poliziak, eta beste hainbatek ihes egin behar izan zuten. Eta horrekin batera, Segi gazte antolakundea legez kanpo utzi zuen Madrilek. Hala eta guztiz ere, ez zen erreleborik falta izan eta ekimena aurrera ateratzea lortu zuten: aurrera ateratzea eta, gainera, arrakastatsua izatea, Ansak esan duen bezala, «garaiak behar zuen erantzuna ematea».  

Gazteria martxan

Irati Agorriak beraien belaunaldiari sarri «mugitzen ez den gazteriaren izena» jarri izan zaiola azaldu du, baina hori ez dela zuzena dio eta ingurura begiratu besterik ez dagoela. «Euskal gazteria gaur egungo krisi testuinguruarekin, krisi anizkoitzaren testuinguruarekin kolpatua izan da etengabean, nazio pultsuaren beherakada ere nabari da, eta horrek kezkatzen gaitu…», aipatu du, bestelako hamaika problematikaren artean. Eta aldi berean, gazteria gero eta gehiago astintzen duten honetan, «balio eraldatzaile eta komunitarioekin antolatzeaz egiten dugu apologia», gaineratu du. Oro har, etorkizunik gabe irudikatzen dituztela aitortu du, baina Topagunea bezalako ekimenek «ilusio bat pizteko eta gure proiektuen erakusleihoa izateko» balio dutela azpimarratu du.

(Gorka RUBIO/FOKU)

Mikel Ansak uste du testuinguru bakoitzak eta garai bakoitzak bere erronkak dituela, helburuak argi izan eta moduak zein bideak egokitzea dagokiola une bakoitzean borrokan dabilen belaunaldiari. Egungo gazteek orain arte egindako lana jarri du mahai gainean eta bidea egin izana eskertu die: «Lehen guk oraindik ere egiten ez genituen zenbait eztabaida ireki dituzue zuek. Gaur egun beste aberastasun bat dago eztabaidei dagokienez, baita proiektuari begiratuta ere; gure proiektuak ertz gehiago ditu orain, aurrera egin du eta egungo testuingurura ekarri dugu, eta hori gazteen ekarpenei esker izan da. Baloratzekoa da».

Herritarren beharra

Gazte Topagunea bezalako ekimen handiak antolatzeko bertako herritarren inplikazioa «funtsezkoa» izaten dela azaldu du Ansak. Eta oroitu du talde handi bat elkartu zela 2002ko edizioan, Elorrioko gazteekin batera, eta eskualdekoek ere parte hartu zutela: «Goizero edozertarako prest zeuden, beti laguntzeko prest». Lanean ibilitakoek horrela gogoratzen dituzte elorriarrak. Oraindik aurtengoa pasatu ez den arren, Agorriak herritarrak jada lanean eta laguntzen dabiltzala gaineratu du. Eta elorriarrek Topagunea bertan egingo zela jakin zutenean albistea nola hartu zuten galdetuta, onartu du hobe izango zela zuzenean Elorrioko biztanleei galdetzea, baina ausartu da erantzutera: «Egongo ziren erreakzio oso ezberdinak; askok ilusioz hartuko zuten, beste askok nostalgiaz, uste dut beldurrez ere begiratu ahal zaiola topagune bati eta horrek eskatzen duen lan, indar, denbora, dedikazio eta konpromisoari begiratuz, beldurra ere izan daiteke erreakzio oso zilegi bat. Baina uste dut, gaur egun sortu dugun giroarekin, herria pozik dagoela, eta horri eusten saiatuko gara datozen egunetan ere».

Nola bizi

‘Bizitzeko modu bat’ da azken edizioaren leloa; euskal gazteriak bizitzeko modu propio bat duela eta izan nahi duela aldarrikatzeko leloa dela azaldu du Ernaiko kideak. Eta bere hitzetan, Gazte Topagunea bezalako ekimenak dira bizitzeko modu horiek irudikatu eta gorpuzteko uneak eta espazioak: «Balio eraldatzaileetan oinarrituta teoria eta praktika irudikatzeko balio dute».

Autogestioan sinesten duen eta auzolana egiten duen praktika bultzatzen du antolakundeak, eta ekimenak irauten dituen egunetan Euskal Herri aske, sozialista eta feminista praktikan jarri eta bizitzeko modua izango dela azaldu du gazteak.

«Desesperantzari lotutako gaur egungo gizarte honetan, konpromisoa hartu eta balio militantez antolatzeko hautua egin duen gazteria da gurea; gazteria hori da egunerokoan ere hori praktikan jartzen duena. Lehen ere hala zela uste dut, guk lekukoa hartu genien aurreko belaunaldiei; ilusio berberaz, beste molde eta borroka forma batzuez. Batez ere, aurrera begiratzen duen eta orainaldian daukagun egoera aldatzeko prest dagoen gazteria da bizitzeko modu hori praktikan jartzen duena», kontatu du Ernaiko gazteak. Beraien eguneroko lanari egin dio erreferentzia. Izan ere, lan hori herri bakarrean eta hainbat gune eta ekimen bitartez gorpuztuko den arren, egunero Euskal Herriko hainbat txokotan lanean dabiltza filosofia berberarekin.

Eskaintza zabala

Eguneko zein gaueko egitaraua prest dute gazteek; adin eta gustu guztientzako eskaintza egongo da apirilaren 6tik 8ra bitartean Elorrion. Gaur egungo problematikei erreparatu diete egunean zeharreko hitzaldi eta mahainguruak antolatzeko garaian; testuinguruari hainbat ertzetatik begiratuko diote eta Euskal Herriko leku askotako proiektuak eta alternatibak eramango dituzte Elorriora. Musika eskaintzari dagokionez, Irati Agorriak kontatu du Euskal Herriko panoraman dauden taldeak ekarri nahi izan dituztela: «Argi geneukan ez genuela nostalgiatik eraikiko, gaur egungo musika eskaintzari begiratuko geniola, eta badaude proposamen eta proiektu berri eta ezberdinak». Talde beteranoagoek ere lekua izango dute, ordea. Gehitu du emakumeen presentzia «bermatu beharreko faktore garrantzitsu bat» izan dela, eta apustu handia egin dutela zentzu horretan.

Aisialdi eta kultur eskaintza egun guztian zehar eta batez ere herri osoan egongo dela baieztatu du Agorriak: «Herri osoa hartu nahi izan dugu». Ekitaldiek ere, urtero bezala, leku berezia izango dute. Ostiralean, Ernairen hamargarren urteurrena dela-eta, horri loturiko ekitaldia izango da NAIZ gunean, eta larunbatean Atera Zarata gunean, ekitaldi nagusia. Larunbat gauean, eta batzuentzat goizaldean, amaituko da Ernairen ekimena Elorrion, baina gazte antolakundeak Aberri Eguna Iruñean ospatzeko deia egin du, EH Bilduk deituriko mobilizazioarekin eta eguneko egitarauarekin bat eginda.