INFO

9.000 kontsumitzailek erosi dituzte Errigoraren produktuak azken kanpainan

Errigorak eskertu egin dute boluntarioen lana, baita kontsumitzaileen ekarpena ere. Izan ere, erantzuna gero eta indartsuagoa dela uste dute, eta horregatik hunkituta sentitzen dira.

Aurreko kanpaina batean, kontsumitzaileak euren eskaerak jasotzen. (ERRIGORA)

Errigorak udaberriko kanpaina egin du martxoaren 9tik 29ra, Nafarroako hegoaldean ekoiztutako produktuak saltzeko. Adierazi duenez, «pozteko emaitzak» lortu dituzte 9.000 eskaera baino gehiago jaso baitituzte. Alegia, 120.000 litro olio eta 26.000 produktu sorta iritsiko dira hurrengo asteetan Euskal Herriko etxeetara.

«Mila esker eta zorionak Errigoraren #ESKUTIKeskura kanpainarekin bat egin dugun guztioi! 9.000 eskaera baino gehiago jaso dugu aurtengoan. Mila esker, bihotzez, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko uztari 9.000tik gora sukaldetako atea zabaltzeagatik. Eta, era berean, zorionak, uzta jasotzearekin erein ere egingo baitugu: kontsumitzaileen partetik jasotako babes izugarria ekoizpenaren eremuan pausu berriak emateko akuilu izango da», adierazi dute.

Errigora Balioak identifikatzailea aurkeztu zutenean esan zuten bezala, berme zigilu berria hamarkada bateko lanaren emaitza da, baina bide berri baten abiapuntu ere izan nahi du. Oinarriak finkatuta, erronka berriei aurre egiteko tresna izango da. Horretarako, Errigora Balioekin bat egiteko deia egin zuten, eta erantzunarekin hunkitu egin dira. «Bereziki hunkitu gaitu, ziurgabetasuna eguneroko ogi dugun garaiotan: elikadura burujabetzara eramango gaituen bide luzea argitzeko 9.000 su txiki baino gehiago piztu zaizkigu. Errigorako boluntario eta Errigorako ekoizleok 9.000 arrazoi berri baino gehiago dugu ausardiaz jokatzeko eta testuinguru sozial eta klimatikoari, auzolanean, tamainako pausuz erantzuten saiatzeko», azpimarratu dute.

Urtetik urtera handiagoa da Errigoraren komunitatea, «baina ez gero eta gehiago garelako soilik, baizik eta urtetik urtera kitzikagarriagoa delako gure ekoizleen adorea, gure boluntarioen kemena eta gure kontsumitzaileen konpromisoa».

Honez gero, ekoizleak hasiak dira herri bakoitzeko plazara helduko diren kutxa eta bidoi paletak prestatzen, auzolanean, bakoitzaren eta besteen produktuekin osatzen baitira. Eta apirilaren 20tik aurrera, auzolanean berriro, herriz-herri helduko dira kamioiak tokian tokiko boluntarioek jaso eta kontsumitzailen eskuetarainoko azken entregak antolatzeko.