INFO

Ostalaritzan «gehiegikeriak» salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostian LABek deituta

Oporraldietan ostalaritzako langileek gehiegikeriak pairatzeko arrisku handiagoa dutela salatu du LABek. Elkarretaratzea egin dute Donostian eta ohartarazi dute adi egongo direla.

Elkarretaratzea egin dute Donostian. (LAB)

Aste Santuko oporraldia datorren honetan, LAB sindikatuak «adi» dagoela adierazi du. Izan ere, oporraldietan ematen den lan kargaren gorakadarekin batera sektorean «lan esplotazio egoerak gertatzeko arriskua» ere areagotuko dela ohartarazi du. Bada, halakorik gertatuz gero salaketa publikoa bultzatuko dutela aurreratu du. Sindikatuak deituta elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Donostiako Bulebarrean, eta ostalaritzan Gipuzkoako hitzarmen duina «behar-beharrezkoa» dela azpimarratu dute.

«Urtarrila bukaeran ezagututako lan esplotazio egoeren aurrean kalera irtendako lehen sindikatua izan ginen bezala, oraingoan ere bertan izango gara, ezkutuko ekonomian murgilduta dagoen sektore prekarizatu honetako babesgabeziarekin amaitu beharra baitago», adierazi du sindikatuak mobilizazioan.

Halaber, hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziaketa prozesua martxan jarri dela gogora ekarri du. Gogoratu duenez, urtarrilean zehar egin dituzten elkarretaratzeetan ere aipatu zuten hitzarmenaren beharra; izan ere, Gipuzkoako Ostalaritzako hitzarmena 2010. urtera artekoa zen eta ez da berritu. «Gure aldarrikapen horien ostean, sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuak negoziazio mahaia bildu zedin eskatu zuen, azkenean», azaldu du sindikatuak.

Gaur egun, Ostalaritzako hitzarmena berritzeko bilerak egiten dihardute, baina hitzarmen duina lortzeko aukera «oso urrun» ikusten du LABek: «Erabat prekarizatua dagoen sektore baten aurrean, asko dira bermatu beharreko gutxiengoak».

«Hitzarmenaren bidez, baldintza duinetan lan egiteko eskubidea langile guztiontzat izan dadin bermatu behar dela sinesten dugu, urteetan galdutakoa berreskuratuz eta, bitartean, oporraldi garai honetan eta aurrerantzean eman daitezkeen egoera irregular guztien protestan irtengo gara», ohartarazi du LABek.