INFO

Historiaren tolesduretan geratutako emakumeak, oholtzara

Goizalde Landabaso kazetari eta idazlearen testuek eta Xabier Zeberio musikariaren doinuek historiatik ezabatu dituzten emakumeak gogora ekarriko dituzte ‘Tolesdurak’ ikuskizunean. Gaur estreinatuko dute Bilboko Ensantxeko eraikinean, Bilbao basque Fest jaialdiaren baitan.

Goizalde Landabaso, artxiboko irudi batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Bilbao basque Fest jaialdiak atzo hasi eta igandera bitartean antolatu dituen emanaldietako bat da ‘Tolesdurak’. Goizalde Landabaso kazetari eta idazlearenak dira testuak eta Xabier Zeberio musikaria arduratu da ikuskizuna musikatzeaz. Horrela, «tolesduretan geratu ziren emakumeak ezagutaraztea» xede duen lana aurkeztuko dute gaur, arratsaldeko 19.00etan, Biboko Ensantxeko eraikinean. Sarrera librea izango du ikuskizunak eta hau izango da, momentuz, eskainiko duten emanaldi bakarra.

Biografia poetikoak dira Landabasok ahaztutako emakumeen izana eta bizipenak gogora ekartzeko sortu dituen testuak. Aspaldi egindako ikerketa lan batetik abiatutakoak dira, inoiz argitaratu gabeak badira ere. «Urte askoz egindako lana da», idazleak azaldu duenez, nahiz eta neurri batera egokitu beharrak bildutako informazio guztia 11 emakumeren bizipenetan kondentsatzera behartu duen.

Haietako batzuk Euskal Herrikoak dira, baina gure mugetatik haratagokoak ere badaude Landabasoren testuetan. Izan ere, pila bat emakume daude garrantzi historikoa izanagatik ere, ez dituztenak historia liburuetan edo hezkuntzarako erabiltzen diren testu liburuetan jaso.

Marga Andurain baionarra jarri du Landabasok adibide gisa, «euskal Mata Haria izan zen«. Abenturazalea eta espioia zen Andurain, zeregin horretan Egipton zein Marokon ibilia. Garai batean ezaguna izan bazen ere, espioitzari buruzko liburuetan agertzen ez dela azaldu du idazleak, beste hainbesterekin ere gertatu den bezala, hala nola, Julie Karrikaburu, Gabrielle Münter, Hilma Af Klint edota Fredrika Bremerrekin, beste askoren artean.

Izan ere, ikerketari esker ezagutu dituen emakumeetako asko oso ezagunak izan ziren bere garaian, baina, hala ere, ez dira historiara pasatu. «Badago ariketa bat egin zena haien memoria galdu zedin», baieztatu du Landabasok.

Historian zehar emakumeek izan duten presentziaren sutsitzea «ezabatze-estrategia antolatua» dela argi dauka idazleak. Horregatik, erreferente gisa ditugun pertsonaien inguruan hausnartzeko gonbita luzatu du.

«Oso begirada pertsonaletik eta inolako distantziarik gabe» sortu ditu Landabasok biografia poetikoak, «nire haragian sentitu nahi nituen emakume horiek, nortzuk izan ziren eta zer egin zuten kontatzeko». Orain arte landu ez den ikuspuntu batetik heldu nahi izan die idazleak emakume hauen bizipenei, «nahikoa distantzia eman zaie dagoeneko». Horrela, literaturarentzako zein musikarentzako tartea egongo da ikuskizunean.

Momentuz ez daukate beste emanaldirik antolatuta, Bilbao basque Fest jaialdirako berariaz sortutako ikuskizuna baita. Hala ere, proposamenik jasotzekotan, emanaldi gehiago eskaintzeko prestutasuna agertu du Landabasok. Bilboko Ensantxeko eraikinean izango da gaurko emanaldia, eta ez da aurretiaz sarrerarik eskuratu beharko.