INFO

Elordiren dinamika bikainak Urrutikoetxearen prestaketa luzeagoari irabazi dio (11-22)

Iragan igandean Binakako txapeldun suertatutako Aitor Elordi mallabiarrak Buruz Buruko final-laurdeneko ligaxkarako sailkapena lortu du, Lekeition Mikel Urrutikoetxea Zaratamoko aurrelariari 11-22 irabazita.

Aitor Elordik Mikel Urrutikoetxea kanporatu du Buruz Burukoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuak aurtengo Buruz Buruko lehen partida ofiziala hartu du. Ofiziala diogu, final-zortzirenetako lehen neurketa jokatu delako, baina lehenagotik sailkapenerako partidaren bat jokatu izan dute kuadroan sartu ahal izateko. Gauzak hala, Aitor Elordi izan da final-laurdeneko ligaxkara sailkatu den pilotaria Mikel Urrutikoetxeari 11-22 irabazita. Beraz, bizkaitar bat gutxiago egongo da txapelketan.

Oso era ezberdinean iritsi dira bi pilotariak txapelketara. 2015ean txapeldun eta ondoren bi aldiz txapeldunorde izandako Urrutikoetxeak denbora gehiago izan du Buruz Burukoa prestatzeko, duela gutxi amaitutako Binakakoan finalerdietarako sailkatzeko play offetan amaitu baitzuen ibilbidea Albisurekin batera martxoaren 3an Zumaian. Elordi, aldiz, iragan igandean Jose Javier Zabaletarekin batera Binakako txapeldun izan zela iritsi da. Hori bai, asteartean azken orduan jakin zuen Rezustaren ordez arituko zela eta txapelketa jokatuko zuela, Buruz Burukoa aurkeztu eta egun bat lehenago.

Partida hasieran Urrutikoetxea aurkaria baino hobeto zegoela zirudien, bai fisikoki eta baita distantzia aldetik ere. Zaratamoko aurrelaria 2-0 aurreratu da markagailuan ezker dejada batekin txokoan eta ezkerrez zabalera egindako beste tanto batekin. Ez hori bakarrik, 5-1 ere aurretik joan da, baina hor amaitu dira Baikoko pilotariaren erreserbak.

Elordik, nahiz eta denbora gutxiago izan duen Buruz Burukoa prestatzeko, gauza batzuk oso ondo ikasiak zituen. Horietako bat sakea izan da. Paretari itsatsita eta zabalera egindako sakeak tartekatu ditu, eta horrek dudak sortu dizkio Urrutikoetxeari. Pentsa, mallabitarrari sakez egindako zortzi tanto zenbatu dizkiogu, nahiz eta horietako batzuetan Zaratamokoak gauza gehiago egin zezakeen.

Aitor Elordik behar zuen berotasun puntua lortu eta bosna berdintzea lortu du. Momentu horretan partida nahiko orekatua zegoen (6-6, 7-7 eta 8-8 ere berdindu dute), baina mallabitarrak 0-4ko partzial bat sinatu du lehen atsedenaldi luzera 8-12 aurretik joateko.

Ondo etorri zaio atsedena Urrutikoetxeari, kantxaratu eta bi tanto jarraian egin baititu. Baina hor amaitu dira espeantza guztiak. Elordik 0-8ko partzial bat egin du 10-12tik 10-20ra ziztu-bizian pasatzeko. Tartean, sakez zenbait tanto egin ditu eta bere aurkariak gutxienez bi huts ere egin ditu.

Kasualitateak kasualitate, 11-20koa Elordik sakez luze egindakoa izan da. Hurrengo tantoan, gainera, mallabitarrak ondo mugitu du Urrutikoetxea, baina honek min hartu du ezker besoan ezker paretaren kontra jotzerakoan pilota batengana iritsi nahian. Zaratamokoak jasan behar izan duen beste kolpe latza izan da, handiena Buruz Burukotik kanporatua izan dela izan baita.

Elordik, aldiz, Binakakoan lorturiko dinamika onarekin jarraitzen duela baieztatu du gaur gauean eta aurkari zaila izango dela erakutsi du.

PARTIDAKO FITXA:

Urrutikoetxea: 11

Elordi: 22

Pilotakadak: 211. Iraupena: 47:07. Markagailua: 2-0, 2-1, 5-1, 5-6, 6-6, 6-7, 8-7, 8-12, 10-12, 10-20, 11-20 eta 11-22. Sakez egindako tantoak: 0 Urrutikoetxeak eta 8 Elordik eta falta bat. Jokoan egindako tantoak: 7 Urrutikoetxeak eta 11 Elordik. Galdutakoak: 3 Urrutikoetxeak eta 3 Elordik. Gertakariak: Giro ona Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan Buruz Buruko final-zortzirenetako partida hau ikusteko. Lehen sakea gorriarentzat.