Euskal Herria Batera: «Oinarrizko adostasunak ezinbestekoak dira gure gisako herri txikientzat»
Aberri Egunaren bezperan ekitaldi bateratua egin du Euskal Herria Batera herri ekimenak. «Batasunak eraikitzeko unea» dela azpimarratu dute, eta subiranotasuna eskuratzeko «muskulua» badagoela Euskal Herrian esan dute. Ordezkaritza zabala bildu da Donostiako Miramar Jauregian.
Aberri Egunaren bezperan, larunbat goiz honetan, egin du ekitaldia Euskal Herria Baterak Donostiako Miramar Jauregian. Ordezkaritza zabala elkartu da, eta ekitaldi baten bidez 2023rako adostutako manifestua irakurri dute Estitxu Garai eta Ibai Zabala bozeramaileek. «Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen batasunak eraikitzeko unea» dela azpimarratu dute, eta horretarako «oinarrizko kontuetan» adostasunak bilatzea ezinbestekoa dela.
Euskal Herria Batera herri dinamikak «aurrera egiteko prest dagoen herri eta komunitate bat badela» esan du, eta horretarako ordezkaritza zabala elkartu du Miramar Jauregian. Sabino Arana Fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Olaso Dorrea Fundazioa edota Agirre Lehendakari Center-eko kideak zeuden batetik; instituzioetako ordezkariak ere bertan zeuden, Eneko Goia Donostiako alkatea, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea eta Miren Etxebeste Podemoseko kidea kasu. ELA eta LAB sindikatuak ere bertan izan dira, hainbat eragilerekin batera: AEK, Udalbiltza, Herri Urrats, Gure Esku, Etxerat…
Jauregiaren kanpoaldean eman diete ongi etorria eragileetako ordezkariei goizeko 11.00etan Eneko Goia Donostiako alkateak, Anjel Oiarbidek, Estitxu Garaik eta Ibai Zabalak. Janire Etxabek aurresku bertikala dantzatu du, Jauregiaren pareta batetik zintzilik, Kimu taldeko txalapartariek musika jo bitartean. Ondoren, argazki bateratua atera dute bertaratutakoek.
Musikak, bideo eta bozeramaileen hitzartzearekin borobildu dute larunbat goizeko ekitaldia. Euskal Herria Baterak deitutako laugarren deialdia dela azaldu dute; 2020ean etxetik ospatu zen, 2021ean oraindik pandemiaren eraginez herrietako plazetan, 2022an Urruñan Abadiako Adierazpenaren bidez, eta aurtengoan, duela 90 urte Maitea frontoian ospatutako Aberri Egunaren omenez, Donostian.
Estitxu Garaik eta Ibai Zabalak irakurri dute eragile zein norbanakoek sinatutako manifestua. «Arlo guztietan batera» egiteko beharra adierazi dute, eta aurtengo leloari erreferentzia eginez «batera bagara, eta indarra badugu» aldarri egin du Garaik. «Nondik gatozen behar dugu jakin nor garen esateko, eta gu euskal herritarrak gara, gu Euskal Herria gara», azaldu dute. Eta katea eten ez bada ere, herri gisa «ahul» jarraitzen dugula esan dute: «Gure herria nahi genuken subiranotasunik gabe eta demografikoki zahartuta dagoen herria da».
«Subiranotasunerako muskulua» badagoela azaldu dute bozeramaileek, eta aurtengoan ere batasunerako deia egin dute. «Oinarrizko gauzetan adostasunak» bilatu behar direla aipatu dute, eta are gehiago «Euskal Herria bezalako herri txiki batean»; eta gaineratu dute globalizazioak markatutako testuinguruan gurea bezalako herri batean, desadostasuna «luxua» litzatekeela. Biharko egunean Aberri Egun bateratuaren deiadarra sumatzen hasi dela adierazi dute jarraian. Amaitzeko, «Euskal Herria burujabea» aldarrikatu dute.
Herrigintza oinarri
Globalizazioen erronkei erantzuteko kultura beharrezkotzat jo dute ekimeneko kideek eta bideo zein musika bidez adierazi dute hori. Izan ere, ekitaldiari hasiera emateko Baldi taldeko Maddi Oihenart, Miren Zeberiok eta Juantxo Zeberiok abestu dute, eta tartean Ines Osinagak ere hartu du parte; Miren Amurizaren hitzekin osatutako abestia jo du arrasatearrak, ‘Dena aldatzen da’, eta adierazi du aldaketen garai hauetan ere «gu» bat sortzea garrantzitsua dela.
Gaur egun, herri txikien biziraupena gero eta zailagoa dela esaten zuen Miramarren proiektatutako bideoak. Aitortza egin diete «euskal herritarren arteko lankidetza sustatzen» duten eragile guztiei. Gero eta erronka globalagoak dauden garaiotan, erronka horiei herrigintzatik aurre egiteko beharra adierazi dute, eta gaineratu esate baterako pantailak ere «herrigintzaren joko-zelai» direla.