Geroa irudikatzeko baliatu dute Aberri Egunaren bezpera Itsasun
’Aberri eguna, atzo, gaur eta bihar’ lelopean antolaturiko mahai-inguruarekin iraganak utzitako irakaspenak zorroan sarturik etorkizuna irudikatzeko ariketari ateak zabaldu dizkio gaur, Itsasun, azken 60 urtetako borrokak betikotzen dituen erakusketa baten laguntzaz, Bagira dinamikak.
Bagira plataformak antolaturiko Aberri Egunaren bezperan proposamen frango atzeman dute, gaurdanik Itsasura bertaratu diren herritarrek.
Goizean, azkeneko sei hamarkadetan abertzaleek emandako borrokak irudikatzen dituzten afixa eta argazkiekin osaturiko erakusketa zabaldu duten Sanoki gelan.
Ikastolen sorrera, errefuxiatuen aldeko itxialdiak, gerra zikinaren garaian hil edo desagertarazi zituzten militanteen potretak, lurra defendatzeko desobedientzia ekintzak, gatazka armatuaren garaiaren amaiera berretsi zuen Arnagako Nazioarteko Konferentzia... «Mugimendu abertzaleak zinez ekarpen handia egin du baina azkeneko hamarkadan, a zer aitzinamendu azkarra gertatu den!», aldarrikatu du Gaby Aresteguik erakusketari aipamen eginez.
’Aberri eguna, atzo, gaur eta bihar’ lelopean antolaturiko mahai-inguruan parte hartu du EH Baiko kideak. Bera bezala, Nerea Peponnet ere, «badira urte gutxi» batu zen abertzaleen «eskifaiari».
Biek ala biek «Aberri Egun asko» ez dituztela aitortu ondoren Euskal Herria Baterak, pandemia garaian, etxez etxe eta balkoitik balkoira, antolatu zuen «ekimen zirraragarria» gorde dute oroimen berezien kutxan.
88 urte dituen Jean-Louis Davantek «ondo ari zirazte, segi aitzina», aholku eman die bata zein besteari, baita «ber kodeak ez badituzte ere, molde berriak asmatuko dituztelako» gazteen segidari buruz «neholako arrangurarik ez duela» aitortu duen hirugarren militanteari Aitor Servieri, eta orohar abertzale berri orori.
«Zapalkuntza nazionalari aurre egin behar zelako» sortu zela Aberri Eguna mahaigaineratu du Jakes Bortairuk, hizlarien beteranoen lerrotik.
«Jaia eta aldarrikapena»
Hala, garaian garaiko moldaketak beharko badira ere, gerora begira «afirmazioa eta aldarrikapena» uztartuko dituen bestaren aldarria egin du.
«Gu misiolariak izan ginen», aitortu du, umilki, Itsasun ospatu zen 1963ko Aberri Egun historikoaren lekuko izan zen Davantek.
Idazle eta euskalzain zuberotarrak Ximun Haran eta Jakes Abeberry izan ditu gogoan Enbata mugimenduaren bilakaera aletzerakoan.
«Urtetan Abeberry Eguna esaten genion, Jakesek eginiko lan eskergari buruz, oihartzu handia ukan baitzuen ekimenak», jakitera eman du, Sanoki gela betetzen duen publikoaren lehen barre algara eraginez.
Abertzale aitzindari horiek, traba handiei aurre eginez, sustatu zuten ospakizunaren xehetasunak eskaini ditu Davantek.
Ondoan izan du Mertxe Colinak Lizarra-Garaziko Adierazpena izan du izpide, gehienbat, abertzaleen arteko batasunak gerorako ere sortu zuen «giro baikorra» goraipatu duela.
«Zer eskatzen du herriak?»
Oroimenen itsasoan galtzeko arriskuari aurre eginez, «ortzmuga berri baterantz» bare bare arraun egiteko anbizioa irudikatu dute arratsaldeko lehenengo mahainguruan parte hartu duten hizlariek.
Atsedenaldi baten ondotik, 'Zer eskatzen du herriak?' lelopean bigarren hitzaldia-atelierra hasi da.
2011an burutu zen azkeneko inkesta izan dute aipagai Maite Goienetxek, Xabi Larraldek, Gabi Mouescak eta Jean-Claude Iriartek. Ondotik, uda bitartean Bagirak burutuko duen diagnostikoari begira lehenengo iritzien bilketa gauzatu dute publikoan ziren herritarren laguntzaz.