INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Gazte Topagunearen egun nagusiaren laburpena, bideoan


Elorrioko Gazte Topaguneak goia jo du larunbat honetan, ekitaldi nagusia ospatu delarik. Baina honezaz gain, giro aparta izan da herrian, milaka gazte bertan bilduta, ekimen ugari tarteko.

Anekdotak biderkatu dira egunak pasa ahala, eta horietako baten bat jasotzen da bideoz egindako Topagunearen hirugarren egunaren laburpen honetan. Umorea ez da falta izan egun -eta gau- gogoangarri hauetan.

Hirugarren jardunaldiaren Elorriora bertaratu direnen artean EH Bilduko koordinatzaile nagusi den Arnaldo Otegi zegoen. Kamera aurrean nabarmendu duenez, «oso pozgarria da milaka gazte ikustea, ezker abertzalearen testigua hartzeko prest».

Arratsalde partean buruturiko ekitaldi nagusian honako hau adierazi du Ernaik: «Dena aldatu nahi dugu. Dena aldatzen ari gara. Baina Euskal Herrian, sistema kapitalista zisheteropatriarkalarekin bukatzeko, independentzia beharrezkoa da. Eta kontrakoa dioena gezurretan ari da. Estatu bat behar dugu. Estatu bat behar dugu euskarak biziraun dezan, lana, aberastasuna eta denbora banatu ahal izateko, armairuak lehertzeko, amalurra suntsituz aberasten direnei planto egiteko. Estatu bat behar dugu, sozialismorako eta feminismorako bidea egiteko», aldarrikatu du gazte antolakundeak.

Musika eta hitzaldiak, dantza eta tailerrak, parranda eta formakuntza... «Bizitzeko modu bat», Elorrion ostegunetik igandera bitarte erakutsi eta garatu dena. Kanpin-dendak jaso eta motxilak bete ostean ere bidea egiten segituko duen bizimodua.