Irun, harrera herria: migratzaileen bidelagunak
Parisek mugen kontrola zorroztu zuenetik Irun harrera herria da. Herritarrak izan ziren lehen kolpean azkarren erreakzionatu zutenak, eta gerora instituzioen baliabideak ere asko ugaritu dira. ‘Bideak’ podcastaren hirugarren atalak bidean diren migratzaileak hartzeko baliabideak ditu protagonista.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Europara bidean doazenek maiz gaindiezina dirudien pareta bat aurkitzen dute Irun eta Hendaia artean. Polizia frantsesak kontrol zorrotzak ezarri ditu. Baina bidelagunak ere badituzte migratzaileek. Azken urteetan indartuz joan da lehen harrera egiteko sarea Irunen, bai herritarrena, bai eta erakundeena ere.
Xabier Legarreta Lakuako Migrazio zuzendariak NAIZ Irratiari eta Mediabaski azaldu die Gobernuak «edozein kasutan erantzun duin bat ematea» duela helburu. Erakundeen aldetik aterpetxe sarea indartu da eta herri ekimenetik babes eta harrera sare zabala osatu dute. Irungo aterpetxeak, autobus eta tren geltokiak eta San Juan plaza izanen ditugu atal honetako agertokiak.
Irungo San Juan plazan dugu lehen hitzordua. Ez da Irunen bizi, baina irundar askorentzat ezaguna da jada Jon Aranguren. Dioenez, bera eta berarekin batera “txiringitoa” muntatzen dutenak hiri altzari bat gehiago dira. Egunero-egunero, plastikozko mahaiak eta eserlekuak hartu eta udaletxe plaza berrituak duen estalpean behar duenari aholkularitza eskaintzen diote.
«Gaur hogei mutil daude, 20-27 urte bitartekoak, Frantziara iristeko nahiarekin. Guk azaltzen diegu ez dela espero duten paradisua; guztiz kontrakoa, beren bizitza berpiztea oztopatuko duten legeak topatuko dituztelako. Ez dugu lortzen kontziente izatea, baina behintzat aditu dezatela zer aurkituko duten. Bestalde, esplikatzen diegu zer bide dauden paperak lortzeko, paperik gabe esplotatuak izango baitira, ia esklaboak bezala», agertu du Arangurenek.
«Egunero gauza berak errepikatu behar ditut eta ni neu aspertzen naiz», aitortu du. «Okerrena da zalantza gelditzen zaizula ea gai zaren esan nahi duzuna ulertarazteko».
2018ko udako mugarria
Aholkularitza, lehen harrera eta salaketa dira Irungo Harrera Sarearen dinamikaren ardatzak. Pixkanaka sendotuz joan den babes sarea da. Bada mugarri bat. 2018ko udan aldaketa nabarmena eman zen migratzaileen joan-etorrian. Pixkanaka gora egin zuen Irundik Hendaiara pasatzen ari zirenen kopuruak, eta, Gobernu frantsesak mugen kontrolak areagotu ahala, dozenaka gazte afrikar kateaturik geratu ziren Irunen eta inguruetan.
Irungo Lakaxita gaztetxea bihurtu zen garai hartako babes herritarraren lekuko. «Hasieran dena oso inprobisatua izan zen. Ez genuen espero, eta erantzun azkar bat emateko modu onena hau zela iruditu zitzaigun, jakin gabe non sartzen ginen. Bagenekien arreta hori ematea ez zela gure ardura, baina estalpe bat ematea lehenetsi genuen. Ez genuen espero Lakaxita bihurtzea Irungo Udalak jarri ez zuen baliabidea», oroitu du Oihana Balerdi boluntarioak.
Dozenaka boluntariok uneko larritasun egoerari erantzun zioten. Migrazio politikak eta mugen kontrolak salatu zituzten, baina baita gertuagoko instituzioek egoerari behar bezala erantzuteko izan zuten erreakzio falta ere.
Erakundeen, herri eragileen eta gehiagoren beharra
Lehen uneko erreakzio falta onartu du Jose Antonio Santano Irungo alkateak; gerora eraiki den babes sare instituzionala ere gogoratu du, ordea. Udalaz gaindiko egiturak izan ditu hizpide lehenbizi, nagusiena Gurutze Gorriak Hilanderas kalean duen azpiegitura, eta hauen ezina osatzeko tokiko gobernuak egin duen ahalegina.
Gurutze Gorriaren azpiegitura lehenengo harrera egiteko eremua da. Datozenei atseden leku bat, garbiketarako baliabideak, oinarrizko jatorduak eta arropak eskaintzen dizkie, baita oinarrizko aholkularitza juridikoa ere.
Instituzioen eta herri eragileen arteko talkarako arrazoietako bat azpiegitura baliabide hauen sarrera irizpideak izan dira. Maiz salatu dute herri eragileek azpiegitura batzuetara sartzeko irizpide zurrunek jendea kalean utzi dutela. Aldiz, instituzioek halakorik ez gertatzeko konpromisoa dutela azaldu izan dute.
Mugen kontrolak Irunen sortu duen egoerari aurre egiteko instituzioen baliabideak asko indartu dira azken urteotan, eta modu berean sendotu da Irungo Harrera Sarearen dinamika ere. Biak, eta gehiago ziur aski, behar dituzte Europara bidean Euskal Herria zeharkatzen duten milaka pertsonek.
Arropategia, oihalak baino gehiago
San Juan plazatik 200 bat metrora, Kale Nagusiko eraikin bateko beheko solairuan du arropategia Irungo Harrera Sareak. Ordutegia eta txandak ezin hobeto antolatuta dituzte, eta antolatuago materiala, mota guztietakoak direlako premiak. Koro Bidaurretak adierazi duenez, batzuk txankletekin iristen dira, hotzez dardarka. «Orain arte dei asko egin ditugu beharrak betetzeko, batez ere sare sozialetan, eta jendeak primeran erantzuten du».
Oihal eta zapatez harago, atsedenerako parada da arropategia, bertakoekin hitz egin eta aukeren artean nahi duzun arropa hori aukeratzekoa. Sarritan, praktikotasun eta azken joeren arteko erdibide bat gailentzen da. Hil ala biziko bide luze bat egiteak ez duelako dotore egotearekin zertan talka egin.
Ez da erraza patxada eskatzea
Gautxorien txanda tokatu zaie Eva Arangureni eta Oihana Balerdiri. Bidean doanak behar duen harreraren ertz guztiak nabarmendu dituzte. Irungo autobus geltoki inguruan gaude eurekin. Badira gutxienez dozena bat lagun txandaka Irunera iritsi berri direnei lehen harrera egiteko lanean. Datorrenari diosala egiteko ardura dute, lehen behar horiek asetzekoa eta muga igaro arteko tartean izan ditzaketen oinarrizko beharrak asetzen laguntzekoa.
Gaueko 23.00ak dira, Bilboko autobusa heldu da eta inork ez du laguntzarik behar. Aldiriko trenean bai. Gazte maliar bat iritsi da, muga gauez igarotzea du buruan. Madrildik dator eta Parisera heldu behar du ahalik lasterren. Eguneko azken autobusean Boli Kostako lau gazte gehiago iritsi dira. Gurutze Gorriaren aterpetxera joateko konbentzitu dituzte.
Ez da erraza bidean aurrera egiteko presaz doanari patxada eskatzea, muga pasatzeko biderik egokiena eta errazena zein duen azaltzea. Urduri dago... Parisen zegoen 24 ordu lehenago, handik Madrilera bidali zuten. Mugan dago berriz, ahalik azkarren Parisera iritsi asmoz.
Hilanderas kalean kokatuta dagoen Gurutze Gorriaren arreta gunera iritsitakoan, betiko azken gomendioa: biharamunean, 10.00etan Udaletxe plazan.
«Ez saiatu ibaitik pasatzen, inola ere»
Denek dute euren istorio eta bizipen propioa; antzeko beldurrak, zalantzak eta erronkak izan ohi dituzte, ordea. Irundik Baionarako bidean Poliziaren kontrolik ez harrapatzea dute erronka bidean aurrera segi nahi dutenek. Egungo salbuespen araudiarekin mugatik 20 kilometrora arte kontrol bereziak ezarri ahal dituzte poliziek. Gurean tarte horretatik harago egon arren, Lapurdiko hiribururaino ezarri du Polizia frantsesak ezohiko egoera hori.
Mugaren kontrolen areagotzeak diru truk mugalari lanetan dabiltzanen ugaritzea ere eragin du; aldiko 150 euro inguru eskatzen dizkiete migratzaileei, Irundik Baionara eramatearen truke. Afrikatik Europarako bidean antzeko ordainsari ugariri aurre egin behar izan diete migratzaileek. Diru truk datorrenari konfiantzarik ez egiteko gomendioa emanda, azken eskari bat egin die Arangurenek: «Ez saiatu muga ibaitik pasatzen, inolaz ere».
Diru truk datorrenari konfiantzarik ez egiteko gomendioa emanda, azken eskari bat egin die Arangurenek: «Ez saiatu muga ibaitik pasatzen, inolaz ere».
Ondo bidean, gaur San Juan plazan aholkuak jaso dituztenek euren bidean jarraituko dute. Mugaren bestaldean Polizia zain dute, baina baita Baionara iristen laguntzeko prest dagoen boluntario talde zabal bat ere.