INFO

Energiari buruzko kezkak argitzeko puntua martxan, Hernanin

Energia Bulegoa sortu da Hernanin, herritarrei eta enpresei energiaren gaineko zalantzak argitzeko eta aukerak azaltzeko aholkularitza-zerbitzua. Kooperatiba forma hartu duen Enherkom komunitate energetikoko kide diren adituek kudeatzen dute udal zerbitzua. Horietako bat da Fermin Arruabarrena.

Herritarren zalantzak argitzeko zabaldu da bulegoa. HERNANIKO UDALA

Hernaniko Energia Bulegoa herritarren zalantzak argitzeko xedearekin sortu da. 2022ko azaroan jarri zen martxan eta harrera oso ona izan duela diote kudeatzaileek. Nahiz eta zerbitzua Udalak sustatu duen, bertan informazioa eskaintzen dutenak Hernanin sortutako Enherkom komunitateko bazkideak dira. Hala ere, herritar guztiei eskainitako zerbitzua da, ez dute bazkide izan beharrik. Izan ere, inguruko herritako jendea ere hurbiltzen dela esan zuen Fermin Arruabarrenak NAIZ Irratian.

«Batez ere, ulertu nahi izaten dute kontratu energetikoa zertan datzan; alegia, gehiengo batek ez daki zer duen kontratatua, ezta zein baldintzatan ere. Behin ulertuta, errazagoa da neurriak hartzea», azaldu zuen adituak. Errepikatzen diren aholkuen inguruan, gas tarifa erregulatuen alde apustu egitea dago, egun merkatu librekoak baino komenigarriagoak direlako. «Bigarrenarekin lau-bost aldiz gehiago ari dira ordaintzen erabiltzaileak, 500, 600 edo 800 euroko fakturak eta, horrela izanda, oso kasu gordinak ezagutuko ditugu», aipatu zuen Arruabarrenak.

Energia-aholkularitza komunitate energetikoaren bidez ematean, landu nahi dutena da, kontsumoak eta kontratuak optimizatzeaz gain, badaudela gure eredu energetikoan eragiten duten beste alor ugari. «Helburu hori izatea balio erantsi bat dela uste dugu. Enherkom komunitate energetikoa lehenik eta orain Energia Bulegoa», aipatu zuen elkarrizketatuak adibide gisa.

Bere ustez, Hernanin energiaren gaineko kontzientzia gero eta handiagoa da, eta, gainera, uste du hala izan behar duela «gizarte bezala erronka handiak» dituen gaia delako. «Erabakitzeke dugu zein eredu energetiko nahi dugun, nola kontsumituko dugun... eta jakin behar dugu horiek denak nola kudeatuko ditugun. Guk uste dugu modurik egokiena dela herritar ahaldunduak izatea erabaki horiek hartzeko; erabakiak zenbat eta hurbilago eta gehiagoren artean hartu, orduan eta errazago asmatuko dugu».

Horri lotutako beste kontu bat da ekoizpen horietatik sortutako onurak nola banatzen diren, baina ez bakarrik onura ekonomikoak. Edozein instalaziok inpaktu bat duela jakinik, Enherkom zenbait egitura eraikitzea sustatzen ari da, «baina, ez helburu gisa, erreminta gisa baizik». Ez dute energia sortzaile izan nahi, baizik eta instalazio berriztagarriak eraldaketa energetikoa ahalik eta azkarren eta demokratikoen egiteko tresna gisa ikusten dituzte.

Energiaren inguruan jendea oso mesfidatia dela jakinik, Energia Bulegoan aritzen direnen helburua da konfiantza transmititzea, gertukoak direla adieraztea. Eta, horrela, energiaren inguruko zalantzak lasai argitu ditzakete herritarrek, eta jakin dezakete jasotako aholkuak euren onerako dela, ez baitago bestelako interes ekonomikorik.

Arruabarrenak, bere esperientzian oinarrituta, jendea energia komunitateak sortzera animatu nahi du. Enherkomeko kideak prest daude herriz herri lehen pausoak ematen laguntzeko eta esperientziak partekatzeko, beren ustez onurak argiak direlako. «Guk energiaren ikuspegi guztiak lotu nahi ditugu eredu komunitario batetik, ez dugu uste autokontsumorako instalazioak egitea denik bidea. Hala ere, komunitate energetiko eredu desberdinak gaude eta herri bakoitzak ikusiko du zein den bere errealitaterako egokiena».