Zaleen babespean San Mamesen, derbira begira indarrak hartzeko
Aste Santuko oporraldia baliatuz ume eta gazte andana gerturatu da Athleticen entrenamendua ikustera. Opari banaketa egon da eta Nico Williamsen aldeko oihuak entzun dira.
Athletic larunbateko euskal derbia prestatzen hasi da San Mamesen. Ateak irekita egin dute lan saioa eta 8.000 zale elkartu direla harmailetan jakinarazi du klubak.
8.000 athleticzale inguru gerturatu dira gaur San Mamesera lan saioa gertutik jarraitzeko.
— Athletic Club (@athletic_eus) April 11, 2023
Aurrera, lehoiak!#AthleticRealSociedad #AthleticClub 女 pic.twitter.com/qModK5FLDf
Kopako porrota ahalik eta azkarren ahaztu eta Ligako azken txanpara indarberriturik iritsi nahi dute zuri-gorriek. Datorren denboraldian Europan jokatzeko sailkatzea da helburua eta Espanyolen zelaian irabazi ondoren zazpigarren tokian kokatu dira. Conference League izeneko txapelketan parte hartzeko txartela eman dezake postu horrek Real Madrilek Kopa irabazten badu.
Urrutiago geratzen dira Europa Leagueko postuak. Betis bost puntutara dago seigarren tokian eta Vila-real bostgarren zazpi puntu gehiagorekin. Txapeldunen Ligako laugarren postuan dagoen Reala izango da larunbatean San Mamesen. 11 puntutako aldea dago sailkapen nagusian. Aurkari gogorra izango da eta lehen itzulian 3-1 galdu zuten zuri-gorriek Anoetan. 16.15etan hasiko da partida eta peña ezberdinek kalejira bat antolatu dute giroa berotzeko. Fanfarria batekin aterako dira 13.00etatik aurrera Bilbo erdiguneko kaleetatik. Betiko Lehoiak, Euskal Lions, Anton eta Athletic Karajo dira ekimena antolatu duten taldeak.
殺 Martxan gaude!
— Athletic Club (@athletic_eus) April 11, 2023
Zuen babesarekin hasi gara larunbateko derbia prestatzen. #AthleticRealSociedad #AthleticClub 女 pic.twitter.com/9MRA5NaEIU
Ernesto Valverdek defentsako eskuin hegalean hutsune bat izango du. De Marcos zigorturik dago eta ezin izango du parte hartu. Minutu gehien jokatu duen jokalaria da eta zaila izango da ordezkatzea. Iñigo Lekue lesionaturik dago eta Ander Capak 33 minutu bakarrik jokatu ditu bost partidetan. Beste aukera bat Aitor Paredes edo Yeray eskuin hegalera mugitzea izan daiteke. Espanyolen kontrako azken partidan Paredes zelairatu zuen Valverdek azken minutuetan.
Williams anaiek egindako golek garaipena eman zioten Athleticeri azken jardunaldian. Osasunaren aurka galdu ondoren Nico Williamsek sare sozialetatik kentzea erabaki zuen kritiken ondorioz eta San Mamesen egindako entrenamenduan zaleen babes handiena jaso duena izan da. Jokalariek opariak banatuz eskertu dituzte animoak.
❤️ Eskerrik asko derbirako eman diguzuen indar guztiagatik!
— Athletic Club (@athletic_eus) April 11, 2023
Oparirik onena zuek zarete #AthleticRealSociedad #AthleticClub 女 pic.twitter.com/Stcn7YcjQZ
Hurrengo ordutegiak
Hamar jardunaldi geratzen dira Liga amaitzeko eta Athleticek badakizki hurrengo bost partidetako ordutegi zehatzak. Izan ere, Realaren kontrako partidaren ondoren apirilaren 22an, larunbata, 16.15etatik aurrera jokatuko du Almeriaren zelaian. Apirilaren 27an, osteguna, Mendilibarren Sevilla hartuko du San Mamesen gaueko 22.0etan eta maiatzaren 1ean, astelehena, Mallorcan arituko da arratsaldeko 19.00etan. Sailkapenean bost puntutara daukan Betis taldea izango da maiatzaren 4ean, osteguna, San Mamesen. 22.00etan abiatuko da partida. Zale zuri-gorrien artean kexa da nagusi etxean jokatuko diren partiden ordutegiengatik.
Ekainaren 4eko asteburuan bukatuko da txapelketa eta azken txanpan hiru partida etxetik kanpo jokatuko dituzte zuri-gorriek Vila-realen, Osasunaren eta Real Madrilen aurka. San Mamesen Celtaren eta Elcheren kontra neurtuko dituzte indarrak.