INFO

Lakuako hiru teknikarik Durangon deklaratu bitartean elkarretaratzea deitu du Zaldibar Argituk

‘Langileak, Osasuna, Erantzukizunak lelopean’, Zaldibar Argituk elkarretaratzea deitu du apirilaren 20an, goizeko 9.45ean, Durangoko epaitegi aurrean. Zabortegiaren hondamendiaren harira ingurumenaren kontrako delituak ikertzen dituen auzian Lakuako hiru teknikarik deklaratuko dute egun horretan.

Zaldibar Argituk deitutako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

‘Langileak, Osasuna, Erantzukizunak lelopean’, Zaldibar Argitu plataformak datorren apirilaren 20an Durangoko epaitegien aurrean elkartzeko deia egin du, egun horretan Lakuako Ingurumen Saileko hiru teknikarik deklaratuko baitute Ingurumenaren kontrako delituak ikertzen dituen auzibidean.

Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren harira ingurumenaren kontrako delituak ikertzen dituen auzian ikertu gisa deklaratuko dute Lakuako hiru teknikarik, prebarikazioa egin izanaren susmopean.

«Hondamendia gertatu eta hiru urte baino gehiago igaro behar izan da Eusko Jaurlaritzako norbait epaitegira eramateko deklaratzera. Horixe bakarrik nahikoa da ondorioztatzeko gauzak asko hobetu daitezkeela. Harrigarria egiten zaigu hiru urte baino gehiagoan zabortegia kontrolatu behar zuen erakundeko inor ez pasatu izana epaitegitik», gaitzetsi du plataformak.

Zaldibar Argituk uste du teknikarien deklarazioak bidea ireki dezaketela hondamendian eta zabortegiaren «kontrol faltan» ardura izan zuten gainerako pertsonak identifikatzeko, ez baitu uste Durangon deklaratuko duten hiru teknikariena denik.

«Arduretan azkeneraino, eta goraino, joatea dugu xede», adierazi du ohar batean. Hori bera eskatzeko elkarretaratzea deitu du datorren ostegunean, apirilaren 20an, Durangoko epaitegi aurrean 9.45ean.