INFO

Lege zaharrean eta asko sufrituta lortu du Dariok ligaxkako lehen puntua Azkoitian (22-19)

Errioxarra 6-1 aurreratu bada ere, lehiari erritmo handia ezarrita, partida asko gogortu du Peio Etxeberriak eta une zehatzetan zuzenago aritzea falta izan zaio oso nekatua amaitu duen arerioari gailentzeko.

Dariok asko sufritu behar izan du Peio Etxeberriari gailentzeko. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Izan badira frontoi handiago eta partida handietan erabiliagoak, baina pilotaleku gutxik izango dute Azkoitiko Gurean tradizioak adina pisu duenik eta nekez topatuko du Dariok bere molde zaharreko jokoarekin buruz buru jokatzeko leku aproposagorik. Atano III.aren begiradapean, azkenerako errioxarrak lortu du final laurdenetako ligaxkako lehen puntua gaur egungo estandarretara askoz gehiago gerturatzen den Peio Etxeberriaren aurka, hori bai, estilo talka ikusgarrian majo sufrituta. Zenotzekoak erditik aurrera ezarritako erritmoan itota, garaileari gastatu egin zaio bere armarik eraginkorra duen eskuin besoaren bizitasuna, baina indarrak azkenetan zituztela, azkenerako zuzenago aritzeak eman dio garaipena Dariori.

Hasieran bestelakorik ematen bazuen ere, gaurko partidak ez du inolako antzik izan iaz bi pilotari hauek Oñatin jokatutakoarekin. Biak ere sakearekin trakets hasi badira ere, 2-1erako bakoitzak falta bana egina zuen, Peio Etxeberriarena lehen pilotakadan, berehala errioxarrak hartu du partidaren aginte makila.

Lege zaharrean, Ezkaraidarra pilota asko atzeratuz eta baztertzen hasi da eta ultzamarrak ez du piloteoan Dariok duen nagusitasunerako erantzunik topatu. Kantxan eroso egon da hasiera horretan errioxarra, botez eskuina erraz sartzeko moduan eta 6-1 aurreratu da.

Partida gogortu

Pixkanaka, ordea, boleaz aurkariaren ezkerra bilatuz eta sotamanoz sartuta, Peio Etxeberriak Dario kantxan deseroso egotea lortu du eta partidan sartzea lortu du. Tantorik luzeenak (26 eta 30 pilotakadakoak) Zenotzekoaren alde erori dira eta Dariori nekeak ere erasan egin dio eta partida asko berdindu da. Sake-erremate bati esker, nafarra 9-8 ere gerturatu da, baina ez da markagailua orekatzeko gai izan eta errioxarrak berriz egin dio ihes (16-10).

Hala ere, partida oso fisikoa bihurtu izanak Peio Etxeberriari egin dio mesede gehiago, Dariok bizitasuna galdu eta sakeari eta bigarren pilotakadari ez dio horrenbesteko etekinik atera eta frontisetik gertuago, Zenotzekoa erosoago aritu da. Partida berriz ekarri du ultzamarrak, baina unerik erabakigarrienetan haizea eman dio aurkariari bi pilota goiko koltxoira botata eta euskalduna aurretik joan da bigarren atsedenaldi luzera (18-15).

Hala ere, fisikoki askoz osoago, Peio Etxeberriak berriz ere lortu du tanto batera gerturatzea, baina berriz ere huts egin du partidako lehen berdinketa eskuratzeko orduan eta garesti ordaindu du azkenerako. Dariori kosta egin zio tantoak amaitzea eta azkenerako asko sufrituta lortu du garaipena oso partida gogorraren ostean.

FITXA TEKNIKOA:

Dario: 22

Peio Etxeberria: 19

Pilotakadak: 362. Iraupena: 71,30 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 6-1, 6-2, 7-2, 7-3, 8-3, 8-5, 9-5, 9-8, 13-8, 13-9, 15-9, 15-10, 16-10, 16-13, 17-13, 17-15, 19-15, 19-18, 21-18, 21-19, 22-19. Sakeak: 4 (falta 1) Dariok eta 2 (2 falta) Peio Etxeberriak. Egindakoak: 8 Dariok eta 12 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 4 Dariok eta 8 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: Sarrera polita baina betekadarik gabe Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Asier Agirrek egin ditu bere anaia Darioren botilero lanak eta Andoni Gaskue aritu da Peio Etxeberriarekin. Lehen sakea urdin.