Maila mantentzea bermatu ostean, Europara bidean jarri nahi da Bilbao Basket
ACB Ligako azken sailkatuaren etxean jokatuko dute bilbotarrek, joan den domekan Bartzelonari Miribillan irabazi ostean. «Etxean adinako sendotasuna» bilatu nahi dute orain bizkaitarrek, Europarako bidea erraztuko lukeen hamar onenen artean lekua egiteko. Ludde Hakanson jokatzeko prest dago berriro.
«Ez naiz ‘amarrategi’ deitzen dieten horietakoa. Badakit aurreneko helburua hamasei talde onenen artean geratzea zela mailari eusteko, baina hori nahikoa beteta dagoela, Europan sartzea da oraingo gure xede berria. Hori nolabait bermatzeko, hamar onenen artean sailkatu beharko genuke, eta horretarako Fuenlabradan irabazi beharko dugu». Horra Jaume Ponsarnauren arrazoi logikoa Surne Bilbao Basket ACB Ligako Fase Erregularra amaitu bitartean motibaturik izateko.
ACB Ligako azken sailkatuaren etxean jokatuko dute bilbotarrek larunbat honetan, 18.00etan. Joan zen domekan Bartzelonari 82-80 irabazi ostean; alegia, artean liderra zen taldea gainditu eta gero, eskura beharko lukete denboraldi osoan zehar hiru norgehiagoka baino irabazi ez dituen talde bati ere gailentzeko, gauzak ondo. Are gehiago astean honetan Ludde Hakanson berriz ere jokatzeko moduan dagoela aintzat hartuta.
«Zortzi onenen artean sailkatzea eta play-offetan jokatzea ez dugu baztertzen, baina oso zaila dela onartu behar dugu, aurreneko zortzi postuetan dauden taldeak baitira ACB Ligako indartsuenak eta aurrekonturik handienak dituztenak. Baina beste kontu bat da hamar aurrenekoen artean sailkatzea lortzea. Gauzak ondo egin beharko ditugu, zalantzarik gabe, non eta etxetik kanpo etxean dugun sendotasunik ez dugula kontuan hartzen badugu. Gure nahia Bilboko hiria Europara berriz ere eramatea da eta horretarako Fase Erregularra amaitu bitartean –zortzi jardunaldi falta dira– ahalik eta garaipen gehien lortzen ahaleginduko gara», berretsi du Tarregako entrenatzaileak, neurri baten duela hilabete eta erdi Rafa Pueyok denboraldi erdiari buruzko balantzea egin zueneko antzeko diskurtsoa erabilita.
Zortzigarren doan Valentzia Basketek baino garaipen bat gutxiagorekin, hamaikagarren postuan dago uneotan Bilbao Basket, tartean Breogan eta Obradoiro baititu. Fuenlabrada, berriz, maila galtzear dago. Zortzi jardunaldiren faltan lau garaipenera dauka salbazioa eta Madrilgo taldearentzat okerragoa dena: azaroaren 5etik hona ez duela neurketa bakar bat bera ere irabazi; hau da, azken 19 neurketetan burua makurtu behar izan du.
Nolanahi, larregizko konfiantzari ihes egin nahi izan dio Jaume Ponsarnauk. «Hasteko, gure burua errespetatu behar dugu eta ahalik eta partidarik onena jokatu. Baina bestetik, aurkaria ere errespetatu behar dugu, egoera txarrean badago ere. Agian talde bezala ez da funtzionatzen ari, baina talentu handiko jokalariak ditu eta –Oscar Quintana– asko errespetatzen dudan entrenatzaile batek gidatzen ditu. Akaso talde bezala ematen ari ez diren errendimendua jokalariren batek edo besteak eman lezake eta horren aurrean argi ibili beharko dugu», ohartarazi du.
Radicevicen irribarrea
Bestalde, Bartzelonaren aurka joan zen igandean Nikola Radicevicek azken minutuan sartu zituen bi hirukoei esker eman zioten garaipena Bilbao Basketi. «Adam Smithek amaitu behar zuen azken jokaldia nik berari pasea eskura eman eta gero, baina saskibaloia joko oso bizia da eta une horretan ezin izan nion baloirik eman. Baina aurreko jaurtiketa sartu nuelako, konfiantzaz gainezka nengoen eta hala, berriz ere hirukoa botatzen saiatu nintzen eta hara, orain denok dihardugu jokaldi horri buruz hizketan!», adierazi zuen osteguneko prentsaurrekoan antolatzaile serbiarrak.
Fuenlabradaren aurka ere azken norgehiagokan erakutsitako konfiantza eta baikortasuna mantentzea du helburu Nikola Radicevicek. Gaixotasunak, lesioak, konfiantza falta... denboraldiari martxa hartzea asko kostatu zait aurten, baina urtarriletik hona gero eta erritmo gehiagorekin sentitzen naiz eta nik uste kantxan ere nabarmentzen dela. Are gehiago Bartzelonari irabazita joan zen asteburuan! Baina kontua da partida guztietan jokatu behar dela konfiantza eta baikortasun horrekin, ez Bartzelonaren aurka ustez galtzekorik ez duzunean bakarrik, baita Fuenlabradan ere», gaineratu zuen, irribarretsu.
Horretarako, etorkizuneko helburuak apur bat zokoratzea da antolatzaile balkandarraren iritzia. «Fuenlabradako partidan pentsatu behar dugu eta ez askoz gehiago. Gainera, han garaipena lortzea beti da zaila, batez ere topera ez baduzu jokatzen. Bartzelonaren aurka lorturikoak zentzurik izango badu, Fuenlabradari ere irabazi behar zaio», azpimarratu zuen.